Irakasleen formakuntza :: Hizkuntzalaritza, Glotodidaktika, Hezkuntza

904 Berba-sarea: eremu formaletan harremanak euskalduntzeko egitasmoa

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 30.00 ordu

Matrikulazio epea: 2019ko ekainaren 3tik 14ra arte, biak barne. IRAKASLEGUNEA

Harremanak euskalduntzeko egitasmo eta dinamika ugari garatu dira gure artean zein bestelako hizkuntza gutxituen testuinguruan. Horiek ezagutu eta bakoitzaren errealitatera egokitzeko gai izateak erabilera areagotzeko estrategia egokiak hartzen lagunduko die ikastetxeetako komunitateetako arduradun eta langileei. Horretarako, ikastaroko parte-hartzaile bakoitzak, proposamen bat egin beharko du taldeen euskararen erabilera handitzeko. Ikastaro honen amaieran, hizkuntza-ohiturak neurtuko eta ebaluatuko dira.

Irakaslea

  • Iñaki Eizmendi Arsuaga

    Gizarte hezitzaile ikasketak egin nituen. Urteak daramatzat euskararen erabileran eragiteko egitasmoetan parte hartzen. Hainbat urtetan euskara elkarte bateko teknikari moduan aritu ondoren, 2007an ebete sortu nuen eta ordutik hona Euskal Herri osoan zehar nabil.

Helburuak

Gazteekin zein lan-munduan sortutako EUSLE, Berbasarea, dinamiken inguruko ezagutza jaso eta aplikatzeko modua bilatzea. Egoera formaletan, hau da, eskolako alderdi akademikoari bereziki lotutako esparruetan, hizkuntzaren erabilera areagotzeko bikote, hirukote edo talde handiagoetan konpromiso partekatuen dinamikak sustatzeko estrategiak eskuratzea eta aplikatzeko bidea marraztea. Sortutako dinamikek hizkuntzaren erabileran duten eragina neurtzeko bideak ezagutu eta aplikatu eta ebaluatzea.

Edukiak

  • Hizkuntza jarrera eta jokamoldeen inguruko teoriak
  • Jarreren inguruko diagnostikoa egiteko teknika kuantitatibo eta kualitatiboak
  • Erabilera neurtzeko metodologia
  • Erabileran eragiten duten faktoreak
  • Erabilera ohiturak eta horiengan eragiteko moduak
  • Aldahitz programa
  • Eusle figura
  • Berba-sarea ekimena

Metodologia

Ikastarora agertzen diren ikasleen aurrezagutzetatik eta interesetatik abiatuta jardungo dugu. Horretarako, parte-hartze tekniken bidez, ikasleen kezkak jasoko ditugu, euren ezagutzek batu eta beharrizanak antzeman. Oinarri teorikoetatik abiatuta, jarduera praktikoak erakutsi eta elkarrekin probatuko ditugu. Ikastaroan teoria eta praktika uztartuko dira, ikasleek eginaren bitartez ikasiko dute. Ikasleak euren ikastetxeetan aritzean egoerari ondo egokituta aritzea bilatuko dugu. Horretarako egoerak interpretatzen lagunduko diegu eta ariketa eta jarduera egokiak proposatu eta egokiro aplikatzeko gai izateko ibilbidea egiten lagunduko diegu.

Aurrezagutzak jasotzeko talde dinamikak proposatzen ditugu (eztabaidak, bai ez galderak,IKT tresnen bitartez: Kahoot adibidez).

Ondoren, oinarri teorikoen aurkezpenak egongo dira, aurrez aurreko azalpen, bideo euskarri, testu zein elkarrizketetan.

Teoriatik praktikara zubia egiteko, kasu errealak eta erronkak proposatuko dira.

Erronka horiei aurre egiteko proposamenak gauzatu beharko dituzte (beti ere aurretik emandako oinarrietatik abiatuta).

Jarraian, sortutako hori taldean biribildu, proposamen berriak diseinatu eta praktikara eramatea izango da.

Azkenik, aurrera eramandakoa (diseinatutako proposamena, edo jarduera multzoa) ebaluatuko dira. Norberak lehendabizi, talde txikian ondoren eta azkenik talde handia (errubrika bidez).

Uneoro ikasleek irakaslearen feedbacka jasoko dute, saioz saio egindakoari indarra emanez. Horretarako saio bakoitzaren azken 5 minutuetan ikasleek norberaren ikasketa prozesuaz hausnartzeko galdera bat edo beste izango ditu. Ikasitakoa aztertzeko alde batetik, eta bestetik hurrengo saioan zertan sakondu behar den jakiteko.

Nori zuzendua

Lehen Hezkuntzako irakasleak eta  Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleak.

Matrikulaziorako argibideak

Eskaera telematikoki egingo da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko aplikaziora jota, IRAKASLEGUNEA atarian. Ikastetxe publikoetako nahiz itunpeko ikastetxeetako langileak sar daitezke han. Aplikazio informatikoaren gida ikusi hemen.

Babesleak

  • Eusko Jaurlaritza.Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila

Etiketak

hizkuntza, motibazioa, euskara, ikastetxea

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.