Irakasleen formakuntza :: Hezkuntza, Psikopedagogia

Hezkidetza Proiektua Haurreskoletan

  • Hasiera-data: 2018(e)ko abenduaren 3a
  • Amaiera-data: 2019(e)ko ekainaren 14a
  • Tokia: Hainbat toki
  • Ordutegia: astean zehar. 17:30-20:00
  • Izaera: Erdi presentziala
  • Ordu kopurua: 40.00 ordu

Etapa goiztiarretan, hezkidetza hezkuntza afektibo emozionaletik lantzea ezinbestekoa da. Izan ere, haurren arteko errespetua eta maitasuna landuz, identitatearen garapen integral, positibo eta orekatua ahalbidetzen dugu, beraz, haur independente eta autonomoen lehenengo mugarriak ezartzen ditugu. Denok ildo beretik lan eginda osatuko baitugu hezkuntza parekide, anitz eta inklusiboa. Proiektu honek bi parte nagusi izango ditu:

1,-Batetik, hezitzaileen sentsibilizazioa eta prestakuntza egingo dugu, hori izango baita arrakastarako gako nagusietako bat. Hezitzailea kokatuko da hausnarketa eta auto-hausnarketaren erdigunean; egiteko moduak eta praktikak behatzeko eta kritikoki aztertzeko gaitasuna landuz. Finean, hezitzailea berdintasunaren aldeko agente aktibo bilakatu behar da jatorri eta identitate desberdinetako haur eta familiei gizarteratze esperientzia berriak eskaintzeko gaitasuna izanik.

2,-Bestetik, proiektu honen bitartez, haurreskolako errealitatea aintzat hartuta eta diagnostiko batetik abiatuta, Hezkidetza lantzeko Hobekuntza Proiektuak diseinatu eta ezarriko ditugu. Proiektuak talde lanean oinarritutako eta errealitatetik abiatutako plan eraginkor eta dinamikoak izango dira.

Horretarako, saio teorikoetan eduki teoriko-praktikoak eta gaiari buruzko literatura akademikoa landuko ditugu, besteak beste, hezitzaileek eskuratuko dituzte hezkidetza ezartzeko gakoak eta jarraibideak, erabakiak hartzeko prozesuak eta praktika kritikoki aztertzeko konpetentziak. Horregatik, haurreskola bakoitzean diagnostiko sakon bat egingo da; haurreskolaren antolaketa eta hezkuntza jarduerak aztertuz, indarguneak eta hobetu beharrekoak ongi identifikatuz, ondoren Hezkidetza Hobekuntza Plana diseinatu, planifikatu eta martxan jartzeko.

Irakasleak

  • Egoitz Arbiol Albeniz
  • Ibai Fresnedo Moreno

    Sexu Hezitzailea, Indarkeria Sexistaren prebentzioan eskarmentuduna, Genero Berdintasun teknikaria, Hezkidetza Programetan aritua, Gizarte eta Kultur dinamizatzailea eta EHko Sexu Askapenerako Mugimenduan militantea.

  • Joseba Gabilondo Marques

Helburuak

1. Sexu-genero teoria ezagutzea; normaltasun patriarkalaren teoriak zalantzan jarriz eta sexu, genero, genero rol, genero identitate eta desioaren orientazio kontzeptuak desberdintzen ikastea.

2. Sexu rolak eta estereotipoak ezagutu eta kritikoki aztertzea; haur txikien identitatearen garapenaren eta genero identitatearen garapenaren prozesua ezagutu eta kritikoki aztertzea, diskurtsoak berreraikiz eta generoaren transbertsalitatea errespetatuz eta barne hartuz.

3. Ageriko Curriculuma eta Ezkutuko Curriculuma desberdindu, ezagutu eta kritikoki aztertzea; hezkidetza kontzeptua ezagutu, ulertu, baloratu eta, bereziki, gaiaren inguruan hausnartzea, diskriminazio, ikusezintasun eta ikuspegien ezeztatzea gainditzeko.

4. Lehenengo haurtzaroko sexu garapena eta prozesu emozional, afektibo eta soziala ulertzea, txikien autonomia, errespetua eta segurtasun afektiboa zein emozionala garatzeko bideak kritikoki aztertuz.

5. Hezkidetza Hobekuntza Proiektuak diseinatu eta ezartzea; aldaketa eta berrikuntza eta hobetze estrategiak landuz eta sistematizatuz.

6. Elkarbizitza eta harreman parekideak garatzeko estrategiak lantzea; desberdintasun eta injustizia sozialen analisirako eta erresoluziorako konpetentziak landuz, mikrobiolentzien eta mikromatxismoen identifikazioak barne.

 

Edukiak

1. Sexu-genero teoria. Genero sistemaren ulermena eta horren adierazpenak gaur egungo jendartean; genero mugak eta gaitasunen banaketa. Feminitatearen eta maskulinitatearen esanahiak gure kulturan, eta horien transmisioa.

2. Genero estereotipoak eta hauen transmisioa. Generoaren eta sexuaren transmisioa eta erreprodukzio mekanismoen azterketa kritikoa. Genero sistema haur txikien nortasunaren eraikuntzan. Helduon jarreren eta jardueraren azterketa eta horien eragina identifikatzeko jarduerak. Identitate sexuala eta genero rolen ezarpena haur txikien kasuan.

3. Hezitzaileon genero curriculum ezkutua -GCE-. Hezkuntza praktikaren azterketa kritikoa. Hezkuntza helburuak eta funtzioak, konpetentziak eta balioak. Hezkuntza baliabideak eta antolaketaren azterketak osatzen dute Ageriko Curriculuma. Aldiz, kontzienteki azaltzen ez, baina, kultur adierazpenetan, elkarrekintzetan eta eguneroko praktiketan jasotzen da Curriculum Ezkutua. Hezkidetza ikuspegitik honakoen azterketa: kantuak, ipuinak, jostailuak, espazioak eta denborak, metodologiak, harremanak, antolaketa, eta abar.

4. Haurren sexualitatea eta emozioen garapena. Lehenengo haurtzaroko sexualitatearen garapena. Genero diskriminazioa gainditzeko identitateen garapen integrala eta positiboa; garapen afektibo-emozionala. Haur txikien (0-6) garapen sexual, afektibo, emozional eta soziala. Sentimenduen adierazpena eta errespetua, parte-hartzea, elkartasuna, harreman afektiboak eta sozialak lantzeko bideak.

5. Hezkidetza Proiektuaren diseinua. Proiektuaren oinarriak (diagnosia, helburuak, konpetentziak, planifikazioa eta ebaluazioa). Arazoen identifikazioa eta hipotesien sistematizazioa. Estrategien lanketa. Planifikazioa eta ebaluazio mekanismoak.

6. Elkarbizitza: harreman parekideak garatzeko estrategiak. Botere harremanen dimentsioak eta hedapena ezagutu. Tratu desberdintzea eta erasoen gaineko kontzientzia. Egoera erreal desberdinen azterketa kritikoa eta harreman parekideak garatzeko estrategiak landu.

 

Metodologia

Hezitzaile bakoitzak 40 orduko lana egingo du. Honela banatuta:

  • A) Aurrez-aurreko saioak: 2,5 orduko 6 saio. 15 ordu.
  • B) On-line Gela birtuala: 7 ordu.
  • C) Proiektua diseinatzen eta ezartzen: 17 ordu.

A) Aurrez aurreko saioak:

  • 1. Taldea (Bilbo): urtarrilak 9, otsailak 6, martxoak 6, apirilak 3, maiatzak 8 eta ekainak 5.
  • 2. Taldea (Eibar): urtarrilak 7, otsailak 4, martxoak 4, apirilak 1, maiatzak 6 eta ekainak 3.
  • 3. Taldea (Gasteiz): urtarrilak 8, otsailak 5, martxoak 5, apirilak 2, maiatzak 7 eta ekainak 4.
  • 4. Taldea (Portugalete): urtarrilak 8, otsailak 5, martxoak 5, apirilak 2, maiatzak 7 eta ekainak 4.
  • 5. Taldea (Zornotza): urtarrilak 7, otsailak 4, martxoak 4, apirilak 1, maiatzak 6 eta ekainak 3.
  • 6. Taldea (Tolosa): urtarrilak 9, otsailak 6, martxoak 6, apirilak 3, maiatzak 8 eta ekainak 5.

 

B) On line gela birtuala.

UEUren Ikasgela Birtualaren bidez landuko da.

 

C) Proiektuaren diseinua

Hezitzaileek haien kabuz antolatu beharko dute denbora hau.

 

Nori zuzendua

Haurreskolen Partzuergoko hezitzaileei.

Babesleak

Etiketak

haurreskolen partzuergoa, proiektuak, hezkidetza

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.