Irakasleen formakuntza :: Lana

Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: zure produktibitatea hobetzeko metodo eta tresnak

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 10.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2018(e)ko maiatzaren 28a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2018(e)ko maiatzaren 31a

Ikastaroaren datak: ekainaren 11 eta 18.

Gure egunerokotasunean milaka zeregin izaten ditugu esku artean eta ezin iritsi pasatzen ditugu egunak astelehenetik ostiralera. Gainera, lan batzuk taldean eta era koordinatuan egitea ezinbestekoa da.

Horregatik, garrantzitsua da banakako zein talde-lana kudeatzeko metodoak ezagutzea. Metodoek eskaintzen dizkiguten gakoetako batzuk pixkanaka gure egunerokotasunean txertatzen baditugu, amaigabeak diren eginkizun-zerrendak modu eraginkorragoan antolatzea lortuko dugu.

Gainera, azken urteetako garapen azkarrari esker, Informazio eta Komunikazio Teknologiek laguntza ezin hobea eskaintzen digute lanaren antolaketa-metodoak aplikatzeko. Eskuragarri ditugun tresna digital anitzak arakatzen baditugu, konturatuko gara oso erraza dela lana kudeatzea eta elkarlana koordinatzea.

Ikastaro honi esker, zure egunerokotasuneko lanak antolatzeko zenbait metodo eta tresna digital ezagutu eta praktikan jarriko dituzu. Horri esker, pixkanaka, lan-prozedura eraginkorren gakoak barneratzea lortuko duzu, aurrerantzean “ez utzi biharko gaur egin dezakezuna” atsotitza aplikatzeko.

unibertsitatea.net atarian duzu irakasleari egindako elkarrizketa.

Irakaslea

  • Rakel Gamito Gomez

    Informatikaria, Hezkuntzan graduatua, Psikodidaktikan aditua eta ibilbide profesional luzea. Gaur egun gaitasun digitalaren arloa lantzen duen doktoratu aurreko ikertzailea eta irakaslea da UPV/EHUn. UEUkidea.

Helburuak

  • Lanean (eta bizitzan) antolaketak eta koordinazioak duten garrantzia barneratzea.
  • Banakako zereginak antolatzeko zein talde-lana koordinatzeko zenbait antolaketa-metodoen ezaugarriak modu kritikoan aztertzea.
  • Lana modu eraginkorrean kudeatzeko lagungarriak diren zenbait tresna digital ezagutzea eta arakatzea.
  • Norberaren lanaren ezaugarriak eta beharrak kontuan izanik, antolaketa-metodoek zein tresna digitalek eskaintzen dituzten aukerak baloratzea.

Edukiak

  • Eguneroko zereginen antolaketa eta taldearen koordinazioa: lan (eta bizitza) eraginkorraren gakoa.
  • Lanaren antolaketa-metodoak:
    • GTD metodoa.
    • Kanban metologia.
    • Inbox 0 sistema + e-posta modu eraginkorrean erabiltzeko gakoak.
    • Beste metodo eta teknika batzuk: Pomodoro, Scum, Agile…
  • Banakako lana antolatzeko eta talde-lana koordinatzeko tresna digitalak:
    • Zerrendak eta oharrak sortzeko tresnak.
    • Egutegia kudeatzeko tresnak.
    • E-posta modu eraginkorrean kudeatzeko tresna digitalen aukerak
    • Talde-lana koordinatzeko eta elkarlanean aritzeko tresnak.
    • Lanean informazioa jaso, gorde eta kudeatzeko tresnak.
    • Beste tresna interesgarri batzuk.

Ikastaroa guztiontzat aberasgarria izateko, garrantzitsua da parte-hartzaileen lanen ezaugarri nagusiak ezagutzea eta ikastaroaren edukiak ezaugarri horien arabera moldatu eta egokitzea. Horregatik, ikastaroa hasi aurretik galdetegi txiki bat bete beharko du parte-hartzaile bakoitzak.

Metodologia

Ikastaroa aurrez aurrekoa izango da eta ikaskuntza kolaboratiboa zein esanguratsua sustatuko du. Momentu oro oinarri kontzeptualak eta praktika bateratuko ditu: teoria ikus-entzunezko materialen, ahozko azalpenen eta adibide zehatzen bidez landuko da eta, bitartean, edukiak lantzeko praktikak proposatuko dira. Beraz, ikasleen parte-hartzea ezinbestekoa izango da.

Era berean, saioetan zehar norberaren iritzi, hausnarketa, esperientzia edota zalantzak ikaskideekin partekatzea ere garrantzitsua izango da, taldeari modu eraikitzailean eragiteko. Horrela, eduki zehatzak ikasleen behar edo interesen arabera moldatzeko aukera egongo da.

Nori zuzendua

Monte Albertia LHII eskolako irakasleak

Matrikulaziorako argibideak

Oharrak

Ikastaroaren izaera praktikoa dela eta, ordenagailuak, Internet eta WIFI konexioa beharko dira. Bi aukera egongo dira: UEUko ordenagailuak erabili edo nork bere ordenagailu eramangarria eramatea eta erabiltzea.

Praktika gehienak nabigatzailearen bidez egingo dira (instalaziorik gabe). Derrigorrezkoa izan ez arren, Firefox hobetsiko da.

Etiketak

lana, eraginkortasuna, produktibitatea, antolaketa, kudeaketa, metodo, tresna, UEU, ikastaroak, Eibar

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.