Irakasleen formakuntza :: Hezkuntza, Teknologia

768 Norberaren Ikas-Alorra (NIA-PLE) eta Erakundearen Ikas-Alorra (EIA/OLE) KDigitala ikas-irakasteko

  • Izaera: Erdi presentziala
  • Ordu kopurua: 30.00 ordu

Matrikulazio epea: 2018ko ekainaren 4tik 5era arte , biak barne. IRAKASLEGUNEA

NIA kontzeptu nahiko ezaguna bihurtu da: Norbere Ikas-Alorra (ingelesezko PLE). Hala ere, garatzea ez da hain erraza: zertan oinarritu behar naiz? Zer egin dezaket hobetzeko? Zein da nire maila? Ikastaro honetan, NIAren garapena konpetentzia digitalean oinarrituko dugu. Horretarako, NIAren kontzeptuaren ulermen globala lantzeaz gain, konpetentzia digitala zer den (DIGCOMP eredua) eta gure maila zein den ezagutuko dugu. Horren arabera, gure egungo NIA aztertu eta etorkizunean garatzeko eman beharreko pausoak zein diren aztertuko dugu. Horrekin lotuta, EIA (Erakundearen Ikas-Alorra) ere landuko dugu: berau aztertzeko kontuan izan beharrekoak eta DIGCOMPORG markoa ezagutuko dugu, erakunde mailan konpetentzia digitala nola garatzen eta eraikitzen den jakiteko.

Aurrez aurrekoa: irailaren 25ean (17:30-20:30)

Irakaslea

  • Amaia Arroyo Sagasta

    Hezkuntza Berezia Magisteritzan diplomaduna (2004) da. IKTak formazioan aplikatuta masterduna (2006), Komunikazioa eta Hezkuntza Sarean masterduna (2012) eta Komunikazio eta Hezkuntza Ingurune Digitaletan doktorea. Arduradun pedagogikoa IKT on hezkuntza-aholkularitzan.

Helburuak

Helburu orokorra: irakasle bakoitzak bere ikasteko moduaren arabera eta dituen premiei erantzuteko Norbere Ikas-Alorra (NIA, PLE ingelesez) sortu, antolatu eta aberastea, eta ikastetxe mailan EIA (Erakundearen Ikas-Alorra) aztertzeko gakoak ezagutzea.

Helburu zehatzak:

  • Konpetentzia digitala, NIA, EIA zer diren ulertzea.
  • Norberaren konpetentzia digital maila ezagutzea eta baloratzea.
  • Nor bere NIAz jabetzea, ikas-iturri gisa, eta hori hobetzeko bideak jorratzea.
  • EIA zer den ulertzea eta hori aztertzeko gakoak eta markoa ezagutzea.
  • Taldeko eta bakarkako hausnarketa modu positiboan baloratzea eta horretarako espazioa sortzea.

Edukiak

  • Irakasleen konpetentzia digitala, DIGCOMP ereduan oinarrituta: Marco Común de Competencia Digital Docente (INTEF, 2017) eta EAEko IKT mapa. Baita DIGCOMPORG markoa ere, EIA aztertzeko.
  • NIA garatzeko osagaiak lantzea: gaitasunak, jarrerak, baliabideak eta ikas-ikuspegia (Arroyo, 2016).
  • EIA garatzeko osagaiak lantzea: gaitasunak, jarrerak, baliabideak eta ikas-ikuspegia (Arroyo, 2017).
  • Norbere Ikas-Sareari garrantzia ematea (teknologiaren atzean dauden pertsonak baloratzea, ikuspegi humanista

Metodologia

Ikastaroa blended-learning motakoa izango da eta, horretarako, Moodle irakaskuntza-plataforma batean oinarrituta dagoen UEUren ikasgela birtuala erabiliko da eta aurrez aurreko bi saiorekin konbinatuko da.

Aurrez aurreko saioan, ikastaroaren erritmoa bermatzeko laguntza eskainiko zaie ikasleei. Era berean, ikastaroan zehar landuko diren edukien aurkezpena egingo da eta ikasgela birtualaren funtzionamenduaren azalpen txiki bat. Horrela, ikasle guztiek maila berean konponduko dira ingurune birtualarekin. Horrez gain, lehenengo gaian murgilduko gara, konpetentzia digitalaren markoen ikuspegi orokor bat landuz.

Ikastaroa parte-hartzailea eta praktikan oinarritutakoa izango da, guztion artean ikasteari berebiziko garrantzia emanez. Oinarri kontzeptualak idatzizko zein ikus-entzunezko materialen bidez (bideoak) landuko dira. Ondoren, landutakoaren inguruko praktikak proposatuko dira, ikasleen parte-hartzea eta hausnarketa kritikoa bultzatuz. Horretarako, ondorengo estrategiari jarriko dira martxan:

  • Bakoitzaren portfolioa: ikasle bakoitzak bere bloga zabalduko du eta bertan ikastaroan egindakoa lantzen joango da.
  • UEUren ikasgelako foroa: ikasleen eta irakaslearen arteko elkarreragina bultzatzeko eta lanketa egiteko, foroan sustatuko da komunikazioa, ahalik eta parte-hartze handiena bultzatuz.
  • Twitter: elkarrizketa mundura zabaltzeko, Twitter erabiliko dugu. Ikastaroari traola bat esleituko diogu eta horrekin elkarrizketa sareratu egingo dugu.

Amaieran, ikastaroko gaitasunetan oinarritutako proiektua burutuko du ikasle bakoitzak, ikastaroa borobilduz. Proiektu horretan, ikasleek NIAtik EIAra salto nola egin daitekeen hausnartuko dute eta, canvas batean oinarrituta, eman beharreko pausoak zehaztuko dituzte. Ikasleek momentu oro irakaslearen jarraipena eta tutoretza izango dute.

Nori zuzendua

Irakasleak orokorrean

Matrikulaziorako argibideak

Eskaera telematikoki egingo da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko aplikaziora jota, IRAKASLEGUNEA atarian. Ikastetxe publikoetako nahiz itunpeko ikastetxeetako langileak sar daitezke han.

Babesleak

  • Eusko Jaurlaritza.Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila

Etiketak

NIA, sarea, PLEa, hezkuntza, ikaskuntza, DIGCOMP

Copyright @ 2018 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.