Ikastaroak :: Pedagogia

Bizitzaren eskola: askatasunerako pedagogia. Urtean zeharreko formazio teoriko-bibentziala

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 32.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2016(e)ko irailaren 5a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2016(e)ko irailaren 26a

Ikastaroaren 2. taldea, arratsaldeko ordutegiarekin.

Formakuntza OSOA burutzeko (8 saio) edo saio SOLTEAK egiteko aukera egongo da (Ikusi argibideak azpian, "Matrikulazio-argibideak atalean")

Ikastaroaren datak hauexek izanen dira: azaroak 5, abenduak 17, urtarrilak 28, otsailak 25, martxoak 25, apirilak 29,  maiatzak 27 eta ekainak 3  (larunbatak).

Haurren garapen prozesuan modu egokian laguntzeko eta lagun egiteko eskolaren nolakotasuna eta izaera errotik aldatu behar da. Eskolak ukan beharreko ezaugarriak sakonki aztertuko ditugu formazioan zehar, modu teorikoan eta bibentzialean. Haurren prozesuan oztopo baino bidelagun egoki izateak suposatzen duen aldaketa ez baita teorikoki bakarrik ikasten eta jakiten ahal den zerbait, oso garrantzitsu deritzogu helduaren hausnarketa prozesuari eta bere buruan arakatzeko gaitasunari. Horretan laguntzeko ariketak izanen dira hortaz teorikoagoak izanen diren saioen osagarri. Eskolak nolakoa behar lukeen atalean eskola baten sortze prozesuan kontuan hartu beharreko aldagaiak landuko ditugu banan banan, praktikotasun osoarekin. Beraz, pedagogia aktiboari buruzko saio teorikoak, arlo bibentzialarekin eta eskola bat eratzeko beharrezkoa den informazio praktikoarekin batera joanen dira. Hilean behineko maiztasunarekin, etengabeko formazio prozesuaren formatupean, hurrengo belaunaldien garapen prozesuan lagundu nahi duen orok jakin beharreko ezinbesteko edukiak aurkituko ditu ikastaro iraunkor honetan.

Irakasleak:

  1. Ane Ablanedo Larrion (koordinatzailea). Psikoterapia eta haurren prebentzion aditua. Filologoa eta irakaslea Bigarren Hezkuntzan eta Baionako UPPA eta Nafarroako NUP-en. “Eskola libre eta demokratikoak” ikastaroko arduraduna.
  2. Ane Otxoteko Vaquero: GOIZTIRI eskola librean koordinatzaile eta bidelagun. Haur prebentzioan aditua.
  3. Ainhoa Iturbe Tolosa: GOIZTIRI eskola librean bidelagun. Psikologoa. Terapia sistemikoan aditua.

Irakasleak

  • Ane Ablanedo Larrion

    Unibertsitateko irakaslea (UPPA, NUP). Haur-prebentzioan espezialista. Eskola alternatibo eta pedagogia librearen gaian formatzailea. Hizlari eta artikulugilea. UEUkidea.

  • Ane Otxoteko Vaquero

    GOIZTIRI eskola librean koordinatzaile eta bidelagun. Haur Prebentzioan aditua.

Helburuak

  • Haurren benetako beharretara egokitutako eskola baten nolakotasuna ezagutzea. 
  • Helduen formazio prozesuan hausnarketa bibentzialak duen garrantziaz ohartaraztea.
  • Ikastea bezain garrantzitsua da gure heziketaren ondorio diren baldintzamenduen des-ikastearen prozesua.
  • Eskola on batek ukan beharreko ezaugarriak sakontasunez eta praktikotasunez jakitea.
  • Pedagogia aktiboaren klabeak ezagutzea eta horietan sakontzea.
  • Haurrekin kalitatearekin egoteko eta aritzeko trebatzea.

 

Edukiak

1. Saioa: Haztea. Ikastea. Heldu bilakatzea.

Haurren garapen prozesuan bidelagun egoki bilakatzea helburu duen formazio batek ezinbesteko abiapuntu du funtsezko kontzeptu horien gaineko hausnarketa. Zer den haztea, zertan datzan haziera-prozesua naturala, zeintzuk diren prozesu horretan gertatzen ahal diren interferentziak, bai eta haztearen aurrean aktibatzen ahal diren erresistentziak. Zein baldintzatan gauzatzen ahal den benetako ikasketa. Gure jarrera pedagogikoaren oinarrian ezarri beharreko gogoeta.

2. Saioa: Askatasuna.

Batzuetan hain labainkorra zaigun askatasun-kontzeptuaren benetako esanahiaren bila abiatuko gara saio honetan, aske izateko aukera geure buruari zenbateraino mugatzen diogun kontzientzia hartzearekin batera. Izan ere, benetan aske delarik baino ez baitezake helduak zaindu berarekin harremanean den haurraren askatasuna.

3. Saioa: Garapenaren etapak

Hazteak, garatzeak, etapa ezberdinak bizitzeak eta euren arteko transizio egokia burutzeak duen garrantzia kontuan izanda, etapa hauek zehazki deskribatu eta berez dakartzaten ezaugarriak ezagutuko ditugu saio honetan zehar, bidelagun bezala jakin ahal izan dezagun guzti honen aurrean nola kokatu.

4. Saioa: Bidelagun izatea

Lagun egitearen atzean dagoen oinarrizko ikuspegi pedagogikoa, egun indarrean den eskola-eredu konbentzionalaren horrekin alderatuko dugu, bien arteko ezberdintasunak zehaztu eta azpimarratuz. Haurrekiko bizipen egunerokoetan akonpainatu egin ahal izateko moduak begiratu eta landuko ditugu, bidelagun izateko autoformakuntza etengabearen garrantzia eta gakoei buruz hausnarketa eginez.

5. Saioa: Erlazionatzeko moduak

Haurrekin egoteko garaian errespetuan oinarritutako harremanen garrantzia oinarri bezala hartuta eta modu osasuntsuan erlazionatzeak dakarren onura ukaezina izanik, besteekin erlazionatzeko ditugun moduei buruz arituko gara saio honetan, horietako bakoitzari nondik, nola eta zertarako ekiten diogun sakonki aztertuta.

6. Saioa: Mugak (limiteak) eta ondorioak

Askatasuna oinarri izan nahi duen jarduera batean ezinbestekoa da ongi zehaztea muga edo limitearen kontzeptua. Bizitzak berak erakusten digu mugen presentzia, garrantzia eta berezkotasuna. Limiteek duten zentzua eta hauek jartzeko nola egiten dugun eta nondik abiatzen garen gogoeta egitea oso garrantzitsua eta ezinbestekoa da. Ekintzen ondorio eta zigorraren artean dagoen sakoneko ezberdintasuna antzematea ere izanen da saioaren helburu, ondorioen berezkotasuna azpimarratuz.

7. Saioa: Espazioak. Giroa. Materialak

Akonpainatu ahal izateko lagungarriak zaizkigun aldagaien artean, espazioak, giroak eta materialek duten berebiziko garrantziaz mintzatuko gara, dauden aukera desberdinak aztertuz eta praktika eramanaz, bizipen pertsonalak garamatzan gogoetaraino iristeko.

8. Saioa: Etxea eta eskola

Haurraren bizitzaren bi ekosistema garrantzitsuenak izanik, ezinbestekoa da zehaztea eremu horietako bakoitzaren funtzioa eta ardura. Bi espazio horien arteko koherentzia eta komunikazioa ahalik eta handiena izatea funtsezkoa da haurra sano haziko bada. Saioan zehar saiatuko gara erlazio horretan hain garrantzitsua den ordena ezartzen, baita bi espazioen arteko transizioa ongi gauza dadin egokitzapen-prozesuaren garrantzia azpimarratzen ere.

 

 

Metodologia

Formakuntza parte hartzailea eta esperientzietan oinarritutakoa izanen da.

Nori zuzendua

Irakasle, guraso, hezitzaile zein gaian interesa duen edonori zuzendua.

Matrikulaziorako argibideak

Prezioak:

FORMAKUNTZA OSOA:

  • Prezio orokorra: 179,20 euro
  • Prezio murriztua: 161,30 euro (ikasleak, langabeak, erretiratuak)
  • Bazkide prezioa: 134,40 euro (UEUko bazkideak)

SAIO MONOGRAFIKOAK bakoitzeko:

  • Prezio orokorra: 40,00 euro
  • Prezio murriztua: 36,00 euro (ikasleak, langabeak, erretiratuak)
  • Bazkide prezioa: 30,00 euro (UEUko bazkideak)

Ikastaro OSOAn izena emateko, jarraitu ondoko argibideak:

  • Matrikulatu aukera sakatu (goian dago, izenburuaren azpian) eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioa eta ordainketaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 948 362563, nafarroa@ueu.eus, (Edurne).
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.
  • Diru-laguntzen informazioa.

SAIOka izena emateko, klikatu saio bakoitzaren izenburuaren gainean eta jarraitu argibideak

Oharrak

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Zuzendari Nagusiaren 297/2016 uztailaren 22ko Ebazpenaren bidez homologatutako jarduera.

Etiketak

etengabeko formakuntza, haurrak, nerabeak, heziketa, garapena, errespetua, eskola librea

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.