Ikastaroak :: Historia, Antropologia

Euskal Herriko oroimen historikoa

  • Hasiera-data: 2016(e)ko azaroaren 3a
  • Amaiera-data: 2016(e)ko abenduaren 1a
  • Tokia: Ikasgela Birtuala
  • Ordutegia: Astelehena-ostirala. 0:00-24:00
  • Izaera: On-line
  • Ordu kopurua: 25.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2016(e)ko irailaren 5a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2016(e)ko urriaren 21a

Ikastaroa on-line izango da. Aurrez aurreko saio bi izango ditu:

  • ikastaroaren hasiera-egunean: azaroaren 3an (17:30-19:30).
  • ikastaroaren amaiera-egunean: abenduaren 1ean (17:30-19:30).

Saio horiek UEUren Ikastetxe Nagusian izango dira (Otaola hiribidea, 1. Eibar).

1936ko estatu-kolpearen ondorioz etorritako gerra eta ondorengoko diktaduraren garaia gogoratzen duen oroimen historikoa izango dugu oinarri ikastaro honetan. Orain dela 15 urte gizarte-mugimenduak hasitako oroimenaren eskuratze prozesua aztertuko dugu, hau da, Euskal Herriko oroimen historikoaren eskuratze prozesuari buruzko sarrera eskainiko dugu. Fenomenoaren nondik norakoak azalduko ditugu, eta nazioarteko ereduak gogoan izanda, eskuratzearen garrantzia azpimarratuko dugu, genero-ikuspegia ahaztu barik. Iraganeko egiaren ezagutza ezinbestekoa delako etorkizuna eraikitzeko.

Irakaslea

  • Eztizen Miranda Bernabe

    Kazetaritzan lizentziatua. Ikertzaile doktoregaia. Oroimen Historikoaren eskuratze-lanetan dihardu.

Helburuak

  • Historiaren beraren gertakari adierazgarrienak gogora ekartzea, giza eskubideen ikuspuntutik.
  • Oroimen historikoaren inguruko mugimenduetara hurbildu eta horien ekarpenak zabaltzea.
  • Gertuko oroimena berreskuratzea.
  • Euskal Herriko oroimen historikoa nazioarteko prozesuen testuinguruan ulertzea.

Edukiak

  1. Historiaren pasarte adierazgarrienen azterketa kritikoa: alde batetik, 1930eko gizartearen ezaugarriak, Errepublikaren ekarpenak, militarren etengabeko estatu-kolpeen saiakerak etab. Bestetik, 1936ko estatu-kolpearen prestakuntza eta gauzatzea, Europako faxismoarekiko loturak, eta giza eskubideen urraketak.
  2. Oroimen historikoaren eskuratze-prozesua: oroimen historikoaren definizioa, eskuratze-prozesuaren bilakaera, 52/2007 Legea (Oroimen Historikoarena), tokian tokiko udalen eta gizarte-mugimenduen ekimenak.
  3. Oroimena dokumentatzea: ikerkuntza abiatzeko artxiboak, lekukotzak jasotzeko protokoloak, ahozko testigantzak jasotzeko baliabideak, lekukotzen testuingururako bibliografia, garaiko dokumentuak eta orduko prentsa.
  4. Justizia trantsizionala: giza eskubideen aurkako nazioarteko erremintak eta adibideak.

Metodologia

Ikastaroa b-learning motakoa izango da, hau da, ikasgelako saioak eta on-line irakaskuntza konbinatuko dira. Ikastaroa on-line bideratuko da irakaslearen etengabeko gidaritzapean, baina hasieran aurrez aurreko saioa izango du. Ikaskuntza-irakaskuntza metodologia honen bidez ikasleen parte-hartzea bultzatuko da.

Oinarri teorikoak lantzeaz gain, hausnarketa eta eztabaida bultzatuko dira. Horretarako, garaiko euskarazko prentsaren bidez, Ipar eta Hego Euskal Herriko une historikoak aztertuko ditugu: 1931ko Errepublikaren ezaugarriak (emakumeentzako boto-eskubidea, adibidez), Euzkadiko Estatutuaren tramitazioa, Agirre lehendakariaren kargu-hartzea, euskal kulturaren loraldia… Hiru hedabide kontsultatuko ditugu: Argia astekaria (euskaltzalea, Donostia), Eskualduna astekaria (nazien aldekoa, Iparraldea) eta Eguna egunkaria (Euzkadiko Jaurlaritzaren aldekoa, Bilbo).

Era berean, ikus-entzunezko materialaren bidez, prozesu historikoaren alde humanoari erreparatuko diogu. Besteak beste, honakoak erabiliko ditugu: Durango, oroimenaren gogoan dokumentala (Errepublikari buruzkoa), Zerutik sua dator dokumentala (1937ko Bizkaiko bonbardaketak), Udaberririk ankerrena komikia (herriaren erresistentzia eta, nazionalen etorrerarekin batera, elkarbizitzaren amaiera) eta Egiaren Hazia & Lekukoen Oroimena (Mendebaldeko Saharan aurkitutako lehenengo hilobiei buruzko dokumentalak).

Nori zuzendua

Gaian interesa duen orori.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikulatu aukera sakatu eta han agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, mezu bat jasoko duzu zure posta elektronikoan, matrikularen eta ordainketaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat izan da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, markeskoa@ueu.eus, (Mari Karmen).
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.
  • Diru-laguntzen informazioa.

Oharrak

  • Ikastaroa on-line izango denez, ezinbestekoa da nork bere ordenagailua, posta elektronikoa eta Internet konexioa izatea.
  • Ez da ezinbestekoa moodle-plataforma ezagutzea ikastaroa egiteko. Lehen ikasgelako saioan plataformaren inguruko oharrak emango ditugu, besteak beste, eta ikastaroan zehar, edozein zalantza argitzeko prest izango gara.
  • Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaro moduan homologatuta. Homologazio kodea: 1668348030.

Babesleak

Etiketak

oroimen historikoa, memoria, UEU, Eibar, ikastaroak, Markeskoa

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.