Ikastaroak :: Literatura, Hezkuntza

Euskal Literaturaren irakaskuntza Bigarren Hezkuntzan

  • Hasiera-data: 2016(e)ko urriaren 17a
  • Amaiera-data: 2016(e)ko abenduaren 19a
  • Tokia: Ikasgela Birtuala
  • Ordutegia: Astelehena-ostirala. 0:00-24:00
  • Izaera: On-line
  • Ordu kopurua: 25.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2016(e)ko irailaren 5a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2016(e)ko urriaren 6a

Ikastaroa on-line izango da. Aurrez aurreko saio bi izango ditu:

  • ikastaroaren hasiera-egunean: urriaren 17an (17:30-19:30).
  • ikastaroaren amaiera-egunean: abenduaren 19an (17:30-19:30).

Saio horiek UEUren Ikastetxe Nagusian izango dira (Otaola hiribidea, 1. Eibar).

Literaturazaletasuna biziarazteko ezinbestekoa da irakurleari testu literarioak ulertzeko baliabideak eta estrategiak eskaintzea. Bide horretan, heziketa literarioan sakonduz, ikasleak literatura-testuak interpretatzeko gaitasunez jabetuko dira, literatura irakurtzeko autonomia garatuz.

Harrera literarioan edo irakurketa literarioan sakontzeko hizkuntza-kode eta genero-kode berezitu batean gaitu behar dute ikasleek, alegia, komunikazio literarioan. Horretarako, premiazkoa da irakasleek honako lau alderdi hauez hornitzea ikasleak:

  • Literatur kodeak: komunikazio literarioan testu-egitura eta testu-modalitate jakin batzuk trukatzen dira, eta beraz, literatura irakurtzen ikasteak genero literarioen kodeak (testu-egiturak, genero ezaugarriak eta abar) identifikatzea dakar.
  • Mundu sinbolikoak: literatura-testuetan garaturiko eta proposaturiko sinboloez jabetzeko irakurleak (edo hartzaileak) literatura-baliabideak eta literatura-kodeak identifikatzeko eta interpretatzeko gaitasuna garatu behar du.
  • Testuartekotasuna: zenbait literatura-testutan eginiko aipuak, erreferentziak edo keinuak ulertzeko, irakurleak (edo hartzaileak) literatura-testuen arteko zubiak eraikitzeko gaitasuna garatu behar du, baita mugimendu literarioen arteko zubiak eraikitzeko gaitasuna ere.
  • Diziplinartekotasuna: kode artistiko ezberdinez jabetzeko, premiazkoa da irakurleak (edo hartzaileak) adierazpide literarioak eta bestelako adierazpide artistikoak (zinea, musika, Internet, etab.) harremanetan jartzea.

Lau alderdi horietan sakontzeko proposamen didaktikoak garatuko ditugu ikastaro honetan, gaur egun Internetek eskaintzen dituen tresnei lehentasuna emanez.

Irakasleak

  • Iratxe Retolaza Gutierrez

    UEUko Literatura saileko sailburua. Euskal Filologian lizentziatua. UPV/EHUko irakaslea. Aldizkari eta egunkarietako kolaboratzailea.

  • Amaia Serrano Mariezkurrena

    UEUko Literatura saileko sailburua. Magisteritzan diplomatua eta Euskal Filologian lizentziatua. UPV/EHUko irakaslea.

Helburuak

  • Heziketa literarioaren funtzioak eta literaturaren didaktikaren joerak aztertzea.
  • Literaturaren irakurketaren autonomian sakontzeko garatu diren proposamen didaktikoak ezagutzea.
  • Irakurzaletasuna garatzeko estrategiak eskaintzea (testu literarioak aukeratzeko irizpideak, testu literarioak lantzeko metodologiak, etab.).
  • Komunikazio literarioa irakasteko prozesuak aztertzea, testu literariora hurbiltzeko har daitezkeen bide pedagogikoen inguruko hausnarketak eginez.

Edukiak

Ikastaroa lau gaitan garatuko da:

1. GAIA. LORRATZEI BEGIRA: literatura i(ra)kasleok: geure esperientziaz

Ikastaroaren aurkezpenarekin batera, parte-hartzaileon aurkezpena egingo dugu lehen urrats honetan. Hartara, geure irakaskuntza- eta ikaskuntza-esperientziak abiapuntu izanda, gogoeta zenbait egingo ditugu, gaiari sakonago heldu baino lehen.

2. GAIA. IPARRA AUZITAN: irakurzaletasuna eta literaturaren irakaskuntza

Gai honen helburu nagusia literaturaren irakaskuntzaren funtzioez gogoeta egitea da. Horretarako, heziketa literarioaren funtzioak zehaztu eta eztabaidatuko ditugu, eta irakurzaletasuna zein irakurbideak lantzeko proposamen didaktiko zenbait aztertuko ditugu.

  • Literatura ulertzeko moduak.
  • Heziketa literarioaren definiziorantz.
  • Proposamen didaktikoak.

3. GAIA. HARI MUTURRAK LOTUZ: literatura-testuak: irakurbideak

Gai honen helburu nagusia literatura-testu laburrak kritikoki irakurtzeko bideak eskaintzea da. Izan ere, literaturazaletasuna sustatzeko eta komunikazio literarioaren oinarriez jabetzeko modurik egokiena literatura dosi txikitan lantzea da. Gainera, curriculumaren eskakizunei erantzuteko denbora gutxi izan ohi da, eta, hortaz, testu laburrak aukera ezin hobea dira literatura bazter ez uzteko, eta literaturaren irakaskuntza literaturaren historiara (eta datu-pilaketara) ez mugatzeko. Horretarako, honako urrats hauek egingo ditugu:

  • Irakurketa literarioa (I): irakurketa kolektiboa nola bideratu.
  • Irakurketa literarioa (II): esperientzia literarioak nola partekatu.

PROIEKTUA: liburu bat nola landu

Gai honen helburu nagusia irakurleak liburu literario baten inguruko interpretazioak, inpresioak eta sentipenak azaltzeko gaitasuna garatzea da. Horretarako, hiru urrats hauek egingo ditugu:

  • Lehenik, parte-hartzaileek liburu bat aukeratuko dute.
  • Bigarrenik, lan-talde bakoitzak liburua lantzeko proposamena egingo du, betiere irakaskuntza-testuingurua kontuan hartuta.
  • Ondoren, azken saio presentzialean, ekarpen horien inguruko gogoeta kritikoa egingo da.
  • Azkenik, ikastaroko koordinatzaileek liburu horiek lantzeko hainbat proposamen eskainiko dituzte, beste baliabide zenbait ere eskura jartzeko.

(koordinatzaileek proposatutako zerrendatik bat), eta liburu bera aukeratu duten kideek lan-talde bat osatuko dute.

Metodologia

Ikastaroa b-learning motakoa izango da, hau da, aurrez aurreko saioak eta on-line irakaskuntza konbinatuko dira. Era berean, ikastaroak alde teorikoa eta praktikoa uztartuko ditu, ikaskuntza-prozesuari eta gaitasunei garrantzia handia eskainiz.

Ikastaroak izaera praktikoa izango du. Gai bakoitzaren helburuak erdiesteko jarduera zehatzak egingo dira programan jasotako langaien inguruan. Ikastaroan zehar proposamen didaktiko zenbait aurkeztuko dira, eta azken proiektuan liburu bat lantzeko proposamen zehatza egin beharko dute taldeka, etorkizunean haien ikastetxeetan modu praktikoan aplikatu ahal izateko. Irakasleen lankidetza eta laguntza izango dute sortzen zaizkien zalantzei eta zailtasunei aurre egiteko, bai eta proposamen didaktikoa garatzeko unean ere.

Nori zuzendua

  • Bigarren Hezkuntzako euskara-irakasleei.
  • Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko tutoreei.
  • Edozein irakaslegairi (Filologiako edo Irakasle Eskolako ikasleei, esaterako).
  • Irakurketa literarioan trebatu nahi duenari.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikulatu aukera sakatu eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon dela adierazten du. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, markeskoa@ueu.eus (Mari Karmen).
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.
  • Diru-laguntzen informazioa.

Oharrak

  • Ikastaroa on-line izango denez, ezinbestekoa da nork bere ordenagailua, posta elektronikoa eta Internet konexioa izatea.
  • Ez da ezinbestekoa Moodle plataforma ezagutzea ikastaroa egiteko. Lehenikasgelako saioan plataformaren inguruko oharrak emango ditugu, besteak beste, eta ikastaroan zehar, edozein zalantza argitzeko prest izango gara.
  • Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaro moduan homologatuta. Homologazio kodea: 1668348031.

Babesleak

Etiketak

heziketa literarioa, irakurzaletasuna, komunikazio literarioa, euskal literatura, UEU, Markeskoa, udazkeneko ikastaroak, Eibar

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.