Ikastaroak :: Artea , Hezkuntza
Ikastaroa on-line izango da. Ikasgelako saio bi izango ditu, ikastaroaren hasiera-egunean, azaroaren 7an, 9:30etatik 13:30etara lehenengoa, eta ikastaroaren amaieran, bigarrena. Ikasgelako saioak UEUren Ikastetxe Nagusian izango dira (Otaola hiribidea, 1. Eibar).
Ikastaro honetan sormenerako gaitasuna eta arte esperimentazioa landuko dira.
Sormena gizakiek ideia, kontzeptu, objektu berriak, horien arteko loturak zein problema baterako soluzioak irudikatu, pentsatu eta sortzeko duten ahalmen psikosoziologikoa da, artearen nahiz zientziaren aurrerapenerako elementu garrantzitsuena dena.
Ildo horretatik, ikastaroak hau proposatzen du: teknika berritzaileen bitartez, sormen ahalmen hori garatu eta jorratu ahal izateko bideak zabaltzea. Bakoitzaren sormena abiapuntu eta helmuga harturik, bidean agertzen zaizkigun zailtasunak gaindituz egingo dugu bidaia.
Arteak, arte mugimenduek, artistek eta beraien lanak sormen prozesuan parte har dezaten ezinbestekoak ditugun metodologia eta ezagupenak landuko ditugu, beti-ere esperimentazioa bide izango dugularik. Ikastaro honek norberaren eta ingurukoen sormena garatzeko oinarrizko tresnak eskaintzen ditu.
Arte Ederretan Lizentziatua, Diseinu Grafikoan Diplomatua eta Marrazketa espezialitateko irakaslea DBH eta Batxilergoan.
Ikastaroa b-learning motakoa izango da, hau da, ikasgelako saioak eta on-line irakaskuntza konbinatuko dira. Hasteko, 4 orduko aurrez aurreko saio bat izango da. Ondoren ikastaroa on-line bideratuko da irakaslearen etengabeko gidaritzapean, bost astetan zehar ariketa praktikoen bitartez eta proiektu baten osaketarekin. Amaitzeko, 4 orduko aurrez aurreko saio bat izango da, bukaerako proiektu lana partekatzeko eta ebaluazioa egin ahal izateko.
Ikaskuntza-irakaskuntza metodologia honen bidez ikasleen parte-hartzea bultzatuko da.
Irakasleei: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Helduen Hezkuntza. Begiraleei, Monitoreei, Gurasoei, etab.