Ikastaroak :: Literatura, Hezkuntza

Euskal Literaturaren irakaskuntza Bigarren Hezkuntzan

  • Hasiera-data: 2015(e)ko martxoaren 16a
  • Amaiera-data: 2015(e)ko maiatzaren 13a
  • Tokia: Ikasgela Birtuala
  • Ordutegia: Astelehena-ostirala. 0:00-24:00
  • Izaera: On-line
  • Ordu kopurua: 20.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2015(e)ko otsailaren 2a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2015(e)ko otsailaren 27a

Ikastaroa bete egin da. Matrikula eginez gero, itxaron zerrendan sartuko zara baina, momentuz, ez egin matrikularen ordainketa.

Ikastaroa on-line izango da. Ikasgelako saio bi izango ditu, ikastaroaren hasiera-egunean, martxoaren 16an, 17:30etatik 19:30etara lehenengoa, eta ikastaroaren amaieran bigarrena.

Literaturazaletasuna biziarazteko ezinbestekoa da irakurleari testu literarioak ulertzeko baliabideak eta estrategiak eskaintzea. Bide horretan, heziketa literarioan sakonduz, ikasleak literatura testuak interpretatzeko gaitasunez jabetuko dira, literatura irakurtzeko autonomia garatuz.

Harrera literarioan edo irakurketa literarioan sakontzeko hizkuntza-kode eta genero-kode berezitu batean gaitu behar dute ikasleek, alegia, komunikazio literarioan. Horretarako, premiazkoa da irakasleek honako hiru alderdi hauez hornitzea ikasleak:

  • Mundu sinbolikoak: literatura-testuetan garaturiko eta proposaturiko sinboloez jabetzeko irakurleak (edo hartzaileak) literatura-baliabideak eta literatura-kodeak identifikatzeko eta interpretatzeko gaitasuna garatu behar du.
  • Testuartekotasuna: zenbait literatura-testutan eginiko aipuak, erreferentziak edo keinuak ulertzeko, irakurleak (edo hartzaileak) literatura-testuen arteko zubiak eraikitzeko gaitasuna garatu behar du, baita mugimendu literarioen arteko zubiak eraikitzeko gaitasuna ere.
  • Diziplinartekotasuna: kode artistiko ezberdinez jabetzeko, premiazkoa da irakurleak (edo hartzaileak) adierazpide literarioak eta bestelako adierazpide artistikoak (zinea, musika, internet, etab.) harremanetan jartzea.

Hiru alderdi horietan sakontzeko proposamen didaktikoak garatuko ditugu ikastaro honetan, gaur egun Internetek eskaintzen dituen tresnei lehentasuna emanez.

Irakasleak

  • Iratxe Retolaza Gutierrez

    UEUko Literatura saileko sailburua. Euskal Filologian lizentziatua. UPV/EHUko irakaslea. Aldizkari eta egunkarietako kolaboratzailea.

  • Amaia Serrano Mariezkurrena

    UEUko Literatura saileko sailburua. Magisteritzan diplomatua eta Euskal Filologian lizentziatua. UPV/EHUko irakaslea.

Helburuak

Ikastaro honek honako helburu hauek izango ditu jomugan:

  • Heziketa literarioaren funtzioak eta literaturaren didaktikaren joerak aztertzea.
  • Literaturaren irakurketaren autonomian sakontzeko garatu diren proposamen didaktikoak ezagutzea.
  • Irakurzaletasuna garatzeko estrategiak eskaintzea (testu literarioak aukeratzeko irizpideak, testu literarioak lantzeko metodologiak, etab.).
  • Komunikazio literarioa irakasteko prozesuak aztertzea, testu literariora hurbiltzeko har daitezkeen bide pedagogikoen inguruko hausnarketak eginez.

Edukiak

Ikastaroa lau gaitan garatuko da:

0. GAIA. Literatura i(ra)kasleok: geure esperientziaz

Ikastaroaren aurkezpenarekin batera, parte-hartzaileon aurkezpena egingo dugu lehen urrats honetan. Hartara, geure irakaskuntza eta ikaskuntza-esperientziak abiapuntu izanda, gogoeta zenbait egingo ditugu, gaiari sakonago heldu baino lehen.

1. GAIA. Irakurzaletasuna eta literaturaren irakaskuntza

Gai honen helburu nagusia literaturaren irakaskuntzaren funtzioez gogoeta egitea da. Horretarako, heziketa literarioaren funtzioak zehaztu eta eztabaidatuko ditugu, eta irakurzaletasuna zein irakurbideak lantzeko proposamen didaktiko zenbait aztertuko ditugu.

  • Literatura ulertzeko moduak.
  • Heziketa literarioaren definiziorantz.
  • Proposamen didaktikoak.

2. GAIA. Literatura-testuak: irakurbideak

Gai honen helburu nagusia literatura-testu laburrak kritikoki irakurtzeko bideak eskaintzea da. Izan ere, literaturazaletasuna sustatzeko eta komunikazio literarioaren oinarriez jabetzeko modurik egokiena literatura dosi txikitan lantzea da. Gainera, curriculumaren eskakizunei erantzuteko denbora gutxi izan ohi da, eta hortaz, testu laburrak aukera ezin hobea dira literatura bazter ez uzteko, eta literaturaren irakaskuntza literaturaren historiara (eta datu pilaketara) ez mugatzeko. Horretarako, honako urrats hauek egingo ditugu:

  • Irakurketa literarioa (I): irakurketa kolektiboa nola bideratu.
  • Irakurketa literarioa (II): esperientzia literarioak nola partekatu.
  • Irakurketa literarioa (III): kode literarioez nola jabetu.

3. GAIA. Liburu bat nola landu

Gai honen helburu nagusia irakurleak liburu literario baten inguruko interpretazioak, inpresioak eta sentipenak azaltzeko gaitasuna garatzea da. Horretarako, hiru urrats hauek egingo ditugu:

  • Lehenik, parte-hartzaileek liburu bat aukeratuko dute (irakasle badira, eskolan bertan lantzen duten baten bat), eta liburu hori lantzeko proposamena egingo dute, irakaskuntza-testuingurua kontuan hartuz.
  • Ondoren, taldean ekarpen horien inguruko gogoeta kritikoa egingo da.
  • Azkenik, ikastaroko koordinatzaileek liburu horiek lantzeko hainbat proposamen eskainiko dituzte, beste baliabide zenbait aurkeztuz.

Metodologia

Ikastaroa b-learning motakoa izango da, hau da, ikasgelako saioa eta on-line irakaskuntza konbinatuko dira. Ikaskuntza-irakaskuntza metodologia honen bidez ikasleen parte-hartzea bultzatuko da.

Ikastaroak izaera praktikoa izango du. Gai bakoitzaren helburuak erdiesteko jarduera zehatzak egingo dira programan jasotako langaien inguruan. Ikastaroan zehar proposamen didaktiko zenbait aurkeztuko dira, eta azken urratsean (3. gaian) liburu bat lantzeko proposamen zehatza egin beharko dute parte-hartzaileek, ikastetxean modu praktikoan aplikatu ahal izateko. Irakasleen lankidetza eta laguntza izango dute sortzen zaizkien zalantzei eta zailtasunei aurre egiteko, bai eta ikastetxean aplikatu beharreko proposamen didaktikoa garatzeko ere.

Nori zuzendua

Bigarren Hezkuntzako euskara-irakasleei eta Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko tutoreei. Jakina, edozein irakaslegairi ere (Filologiako edo Irakasle Eskolako ikasleei, esaterako). Bestalde, irakurketa literarioan trebatu nahi duenarentzat ere ikastaro baliagarria da.

Matrikulaziorako argibideak

Matrikulatu aukera sakatu eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.

Matrikula orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioaren inguruko argibideekin.

Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon dela adierazten du. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, markeskoa@ueu.eus (Mari Karmen).

Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.

Diru-laguntzen informazioa.

Oharrak

  • Ikastaroa on line izango denez, ezinbestekoa da nork bere ordenagailua, posta elektronikoa eta Internet konexioa izatea.
  • Ez da ezinbestekoa moodle-plataforma ezagutzea ikastaroa egiteko. Lehenikasgelako saioan plataformaren inguruko oharrak emango ditugu, besteak beste, eta ikastaroan zehar, edozein zalantza argitzeko prest izango gara.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaroak homologatzeko prozeduran onartutako ikastaroa. Homologazio kodea: 1568348004

Babesleak

Etiketak

heziketa literarioa, irakurzaletasuna, komunikazio literarioa, euskal literatura, UEUren Ikastetxe Nagusia, Eibar, Markeskoako ikastaroak, udaberriko eskaintza

Copyright @ 2018 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.