Ikastaroak :: Arkeologia, Historia, Antropologia

Udako gazte auzolanak. Gerra Zibila 1936-1937.

  • Hasiera-data: 2014(e)ko uztailaren 7a
  • Amaiera-data: 2014(e)ko uztailaren 20a
  • Tokia: Hainbat toki
  • Ordutegia: Astean zehar eta asteburuak barne. 09:00-14:00 / 17:00-19:30
  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 80.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2014(e)ko maiatzaren 19a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2014(e)ko ekainaren 27a

Ikastaroa bete egin da, eman izena eta itxaron zerrendan sartuko zara baina ez egin ordainketarik guk hala egiteko eskatu arte.

GERRA ZIBILA 1936-1937. Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila.

Azken hamarkadan Gerra Zibilaren inguruko gogoetak eta oroimen historikoaren berreskurapena euskal gizartearen kezka izan dira. Udalbiltzak; Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo udalek; Gipuzkoako Foru Aldundiak; Aranzadik eta UEUk gazteei zuzendutako ikastaro-auzolan hau antolatu dugu. Hain zuzen ere, 1936ko abuztuan eta irailean matxinada frankistari aurre egiteko lehenengo erresistentziako antolakuntza eta enfrentamenduak Tolosaldean gauzatu ziren tokietan, Aduna, Asteasu eta Zizurkil udalerrietan, orain arte ahanzturan egon direnak. Auzolandegiko lanik handiena, bertako udal eta kultur elkarteekin batera, mendi aldean gelditzen diren trintxerak eta aztarnak arkeologikoki dokumentatzea eta garbitzea izango da. Halaber, tokiko bizilagunen testigantzak grabatu egingo dira, oroimena pertsonen buruan gordetzen baita. Betiere, Aranzadiko arkeologo eta teknikarien gidaritzapean.

Helburuak

  • Gerra Zibilaren eta oroimen historikoaren inguruko ikerketak egiteko oinarrizko metodologia ezagutzea.
  • Lehenengo erresistentziaren gune hauen oroimena berreskuratzea eta gizarteratzea.
  • Tokiko bizilagunen lekukotasunak jasotzea, galdeketa eta ikus-entzunezko tratamenduak landuz.
  • Auzolana eta herrien arteko elkartasunaren balioak norbereganatzea.

Edukiak

  • Gerra Zibilaren oroimena. Giza Eskubideak eta arkeologia.
  • Ahozko testigantzen bilketa eta ekoizpena.
  • Pertsonen eta tokiko historia lantzeko oinarrizko metodologiaren ezagutza.
  • Euskal Herria eta Gerra Zibila. Historia eta gaur egun gizartean dituen ondorioak eta esperientziak.

 

 

Metodologia

Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo herrietan hamabostaldiko egonaldi bat burutuko da, bertako ostatu batean, bertan talde-lanean goizeroko lanak antolatuko dira (09:00-14:00, formakuntza praktikoa), bertako trintxerak, lubakiak arkeologikoki aztertu eta dokumentatu egingo dira, eta azaldutako aztarnak ―bala-zorroak, metalezko aztarnak, etab.― inbentariatu egingo dira, Aranzadiko teknikarien laguntzarekin.

Oroimena gorde duten hainbat bizilagunen testigantzak grabatuko dira, taldekideek grabazioa landuko dute eta beharrezkoak diren metodologiak praktikan jarriko dituzte.

Arratsaldez, jakintza-arlo ezberdinetako hainbat adituk bisita gidatuak eta eskolak emango dituzte, modu arin eta zuzen baten bitartez, non ikertzaile horiekin harreman zuzena izateko aukera izango den.

Talde-lana, metodologiaren askotariko ikuspegia eta bertako herritarrekin auzolana dira ekimen honen ezaugarri nagusiak.

Euskal Herrian Gerra Zibilarekin lotutako gune esanguratsuenak bisitatuko dira bertako sustatzaileekin : San Cristobal-Ezkaba presondegia, Sartaguda, Lemoatx, Gernika, Berango, Elgeta.

Nori zuzendua

18 eta 30 arteko gazteei zuzendua. Giza Eskubideak, Euskal Herriko historia eta antzeko gaiekiko zaletasuna duenari.

Matrikulaziorako argibideak

Matrikula prezioa: 150€

Matrikula prezioaren barne daude: auzolandegiko materialak, aseguruak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta egonaldi guztiko mantenu osoa (loa eta otorduak).

Oharrak

Partaide bakoitzak hamabostaldi baterako beharrezkoak dituen jantziak, lanerako eta kirol-arropa, lo-zakua eta eskularruak eraman beharko ditu. Baita ordenagailu eramangarria eta argazki-makina ere (azken hori ez da guztiz beharrezkoa, baina gomendatzen da).

Lanaren zati garrantzitsu bat aire zabalean eginen da, beraz eguzkitako krema gomendatzen da.

Ikastaroari uztailaren 7an, astelehena, arratsaldez, hasieran emango zaio eta bakoitzarekin telefonoz harremanetan jarriko gara, Donostiatik Asteasura bi furgoneta joango dira.

Ikastaroen barneko garraioa eta janaria inskripzioarekin ordainduta dago. Ostatuaren garbiketa eta antolakuntza partaideen artean gauzatuko da, baita afarien prestaketa ere.

Etiketak

Aduna, Asteasu, Zizurkil, memoria historikoa, oroimena, gerra zibila, gipuzkoa, frentea, erresistentzia, tolosaldia, gudairiak, milizianoak, testigantzak, Aranzadi zientzia elkartea, udalbiltza

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.