Ikastaroak :: Psikopedagogia

Haur-psikologia: gaurko haurrak etorkizuneko helduak.

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 20.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2014(e)ko otsailaren 3a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2014(e)ko apirilaren 30a

Nafarroako Gobernuak homologatutako ikastaroa da.

Ikastaroa ostegunetan izango da: maiatzak 8, 15, 22 eta 29.

Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen pertsona baten garapenean haurtzaroak duen garrantziaren handia. Bizitzaren lehen urteetan osatzen zaigu nortasuna edo izaera, eta orduko garaiaren kalitateak baldintzatzen du, hein handi batean, helduaren sendotasuna edo ahulezia. Ukaezina beraz, ume baten hazkuntza-prozesuaren ardura esku artean duenaren erantzukizun soziala; eta ezinbestekoa hortaz, gizarte gero eta heldugabe eta zoritxarrekoago honetan, etorkizuneko gizartea osatuko duten oraingo haurren hazkuntza-sistemari buruzko hausnarketa eta eztabaidari arduraz heltzea. Gizarte bakoitzean indarrean dagoen hazkuntza-sistema ez baita ulertzen ahal gizarte hori kudeatzen duen sistemak beharrezko dituen interesetatik kanpora. Gizarte/sistema bakoitzak, bera kolokan jarriko ez duten pertsonak behar baititu eta “horrelako gizakiak” ematen dituen hazkuntza-sistema sustatuko baitu.

Umeen aurreko gure jarrera behin ere neutroa edo aseptikoa ez dela-eta, ezinbestekoa da, umeekiko lanean edo harremanean dauden profesionalek zein gurasoek ongi ezagutzea zein den haur bat pertsona izatera daraman bidearen nondik norakoa, horren jakitun, arduraz, erabaki dezan zer helburu eta irizpideren arabera gidatzen duen bere kimuaren hazkuntza.

Ume baten hazkuntza arduratsua da dagokeen ekintzarik iraultzaileena.

Ikastaro honetan 0·3 adin-tarte funtsezkoaren gakoak eta une esanguratsuak aztertzen saiatuko gara.

Irakaslea

  • Ane Ablanedo Larrion

    Unibertsitateko irakaslea (UPPA, NUP). Haur-prebentzioan espezialista. Eskola alternatibo eta pedagogia librearen gaian formatzailea. Hizlari eta artikulugilea. UEUkidea.

Helburuak

  • Giza garapenaren gakoak eta logika ezagutzea eta haurren hazkuntzaren eta helduen nortasunaren arteko harremana ulertzea. Helduon hutsune afektiboen sumatzetik, haurrengan prebentzioa sustatu nahi izatera. Etorkizuneko gizarte helduago eta osasuntsuago baten oinarria.
  • 0/3 urte-tartearen garrantziaz ohartaraztea, helduaroko osasunaren baldintza.
  • Hazkuntza-funtzio ezinbesteko bezain garrantzitsu honetan gurasoak zein haur-eskoletako profesionalak lagundu eta segurtatzea.
  • Gurasoak laguntzea umeekiko harreman arruntean suertatzen diren eguneroko arazoen aurrean: jana, loa, kasketak, mugak, negarra…

Edukiak

  • Hazkuntza. Umea heldu bilakatuko duen bidea. Nolako heldua? Hazkuntza-ereduak.
  • Helduen sufrimenduaren ezagupenetik, prebentzio-eredu baten formulaziora.
  • Gizartea, gero eta heldugabeagoa. Gu geu, gero eta zoritxarrekoagoak. Noiz arte?
  • Haurren zoriontasunaren mitoa.
  • Garen aita edo ama horiek. Izaki garbiak ala geure historiaren biktimak? Izan ginen umearengan arakatzen. Gure karakterraren garrantzia.
  • 0/7 adin-tartea. Karakterraren gauzatzea.
  • “Normaltasuna” k edo gaixotasun ezak ez du osasuna suposatzen. OSASUNA, hitz larrietan. Osasuna vs patologia vs normaltasuna.
  • Hazkuntza-eredu ezberdinak. Frustrazioaren teoria vs Autoerregulazioaren diskurtsoa.
  • 0/1 urtea. Umetokitik kanpoko haurdunaldia. Garai honen funtsezko garrantzia.
  • Atxikimendua.Sendotasunaren sustraien tokia.
  • Nini eta haurren hizkuntza deskodifikatzen. Niniekiko lengoaiak: enpatia, kontaktua, begirada.
  • Dependentziaren esperientzia sakona, geroko ume autonomo eta independenteen garantia.
  • Maternage funtzioa.
  • Negarra.
  • Titia, biberoia, txupetea. Ahotasunaren fasea.
  • 1 urtetik aurrerakoa. Banantze, indibidualizatze-prozesua.
  • Psikomotrizitatea eta katuka ibiltzea.
  • Esfinterraren kontrola. Fardela
  • Mugak: obedientzia. Autoritarismoa vs autoritate funtzionala.
  • Beldurrak.
  • Fantasiaren garaia.
  • Inbidiak eta zeloak.
  • Eskolatzea, edo mundura ateratzea/gizarteratzea?...noiz?
  • Kasketak.
  • Erasokortasuna.

Metodologia

Ikastaroa teoriko-praktikoa izango da. Teoriak izango du arlo handi bat (14 ordu), baina norberaren hausnarketa ahalbidetzeko teknika eta baliabideekin uztarturik. Edo esperientzian oinarritutako jarduerak proposatuko dira.

Halaber, ikasgelako saioen osagarri, ikasleak lan pertsonala egin beharko du (6 ordu).

Nori zuzendua

0/3 urteko umeekin lanean edo harremanean diharduten profesionalei. Hazkuntza-prozesuan ari diren aita-amei. Interesa duen edonor ere ongi etorria izanen da.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikulatu aukera sakatu eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioa eta ordainketaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 948 36 25 63, markeskoa@ueu.org (Mari Karmen).
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.

Oharrak

  • Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak homologatutako ikastaroa da hau. Irakasleek beren merezimendu baliozkotzeetan kredituak lortzeko aukera daukate.
  • Horretarako Departamentuak markatutako prozedurari jarraituko zaio.
  • Homologazioa: 2 kreditu.

Etiketak

ikastaroak, iruñea, hezkuntza, haurrak, haurren garapena, hazkuntza prozesua, haurtzaroa, heldutasuna, gurasoak, hezitzaileak, garapen psikoafektiboa, homologatua

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.