Ikastaroak :: Hizkuntzalaritza

Zazpi ebidentzia birjaiotzarako. Mintegia.

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 6.00 ordu

Hizkuntzaren ardatz nagusiak ez direla asko, «ebidentziak» direla pentsatuta ekin zion Xabier Amurizak Zazpi ebidentzia birjaiotzarako liburua idazteari. Hitzaurrean dioenez, «Euskal Herria euskalduntzea ez dago euskaldunen esku bakarrik. Aldiz, bai dago gure esku, eta geure esku bakarrik, hizkuntza lehiakor bat garatzea». Ikastaroan, Amurizaren eskutik eta bi saiotan, proposamen ezberdinak azaldu eta hausnartuko ditugu.

Mintegiaren antolatzailea Iruñeko Komunikabideak Fundazioa da, Eusko Kultur Fundazioa, Udako Euskal Unibertsitatea eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen laguntzaz.

Ikastaroa Euskokulturren Mintegian emango da: Baratzeetako zeharkalea 2, behea. 31014 Iruñea.

Eskuratu hemen mintegiare eskuorria.

Irakaslea

Helburuak

Euskara batu lehiakor eta erakargarriaren bila, idazleak emandako proposamen konkretuak ezagutu, hausnartu eta eztabaidatzea.

Edukiak

Lehen saioa (Otsailak 2)

  1. Esaldien luze-laburra. Euskarak, tresna bezala, gaitasun osoa eta normala behar du, esaldi mota guztiak, labur zein luze, erraz zein konplexu, nahiaren arabera josteko, inguruko hizkuntza garatuen antzera. Luzerak ez du beti zailtasuna esan nahi. Hori markatzen duena “konplexutasuna” da. Hiru lerroko esaldi bat hogeikoa baino zailago izan daiteke, sintaxi edo beste zenbait baliabide konplexuren gainean eraiki bada. Dena adibide konkretuekin azaldu eta eztabaidatuko da. 
  2. Perpausaren ordena. Euskarak esaldiko elementuak ordenatzeko era ezberdin asko ditu, eta denak dira baliagarri eta balios, argitasun, zehaztasun eta espresioaren baitan. Argitasunak ez du “erraztasuna” esan nahi. Izan daiteke testu zaila kontzeptuengatik, baina sintaxi argikoa. Iluntasuna ere izan daiteke irakurlearen gaitasun mailaren kontua. Hemen ere adibide konkretuekin azalduko da euskarak esaldia ordenatzeko era zuzen eta ezberdin asko dituela, unean uneko espresioaren arabera.
  3. Erlatiboa. Euskarak erlatibo osoa eta zehatza behar du, inguruko hizkuntza garatuen antzera. Erlatibo ez-murrizgarrian, aposizioaz gainera, badira baliabideak: zein, non, baita... Murrizgarrian hutsune handia dago. Proposamen bat aurkezten da.

 

Bigarren saioa (Otsailak 9)

  1. Sintaxi osoa. Euskal sintaxiak, bere baliabide propioez gainera, inguruko hizkuntza garatuak bezain osoa eta zehatza izatera jo behar du. Besteak beste, EZEN partikulak konpon dezake izen baten menpeko perpausen arlo zail eta garrantzitsua. 
  2. Aditza erraztu. a) EZAN-E(D)IN aditzen formak konparatu. Adibidez: niezazkioke-neizkeo. b) Datiboa aditzetik kanpo: Norbaiti eman nintzan maitearen maitez. c) Idem objektu plurala: Eskerrak eman zagun zeruko Jainkoari. ADITZA LABURTU. Labur-premiak asko, hizkuntza garatu batean: elkarrizketak, titularrak, azpi-tituluak, komikiak, iragarkiak, leloak, sloganak, kantak, publizitatea, kartelak, kaleetako hizkuntza idatzia... Baliabide bat: aditz trinkoa galbidetik garapenerantz.

Metodologia

Mintegi erabat praktiko eta partehartzailea, adibide eta testu konkretuak baliatuz.

Nori zuzendua

Euskara eguneroko lanabes gisa darabiltenei bereziki zuzendua.

Matrikulaziorako argibideak

  • Izen-emateko epea: urtarrilaren 31 arte.
  • Matrikula-prezioak: Orokorra: 20,00 €. UEUko bazkideak: 15,00 €.
  • Saio bakarrera etorri nahi izan ezkero, erdia ordaintzeko aukera dago.

 

Argibide gehiago eta izen-ematea:

  • Posta elektroniko bidez: info@hedabe.info
  • Telefonoz: 948 144 706 (Xabier).

Etiketak

Iruñea, ikastaroak, euskara, euskararen biziberritzea, sintaxia, aditza

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.