Ikastaroak :: Hezkuntza, Biologia eta Natur Zientziak

Urmaelak eskolan: sortzeko pausuak eta erabilera didaktikoak.

  • Hasiera-data: 2022(e)ko apirilaren 30a
  • Amaiera-data: 2022(e)ko maiatzaren 7a
  • Tokia: Iruñea - UEUren egoitza
  • Nola heldu: https://labur.eus/UEUIrunea
  • Ordutegia: Larunbatak. 9:00-13:00/14:30-17:00
  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 13.00 ordu
  • Matrikula-prezioak: Orokorra: 91,00 €. Ikasle, langabe eta erretiratuak: 82,00 €. Bazkideak: 68,20 €
  • Matrikula-epearen hasiera: 2022(e)ko urtarrilaren 10a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2022(e)ko apirilaren 24a

Ikastaroaren datak: apirilak 30 eta maiatzak 7 (larunbatak)

Tokia: lehen saioa, Iruñean eta bigarrena, Amaiurren.

Euskal Herrian gero eta ikastetxe gehiago dira inguruko eremu berdeen erabilera didaktikoa egiteko pausua ematen ari direnak. Hala, ezagunak dira baso-eskolak, baratzeen hezkuntza erabilera egiten duten zentroak eta azken urteetan, ikastetxe inguruetan gero eta ugariagoak diren urmaelen erabilera didaktikoa egiteko apustua egin dutenak.

Euskal Herrian, jada, 24 eskola inguru, hauen artean Euskal Herriko Unibertsitateko hiru kanpusetako Hezkuntza Fakultateak dira urmaelaren inguruan saretu direna Eskoletako Urmael Sarearen barruan. Hala, azken urteetan eremu horien erabilera didaktikoari buruzko ezagutza gero eta handiagoa da, eta asko dira horiek eraikitzeko gogoa adierazi duten eskolak.

Gaian interesa izan dezakeen edozein irakasleri zuzenduriko ikastaro honetan, irakaslea ikasle bihurtu nahi dugu, eta bi arazo egoera errealen bitartez, bakoitzak bere ikastetxe inguruan urmaela sortu ahal izateko eman beharreko pausuak eta bertan jarduerak diseinatzeko modua erakutsi nahi da.

Irakasleak

  • Ane Fernandez Arrieta

    Ingurumen Zientzietan graduatua eta Animali Biodibertsitatean masterra. Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia saileko langilea, eta Eskoletako Urmaelen Sarearen koordinatzaile eta sortzaileetako bat.

  • Iñaki Sanz Azkue

    Biologian Lizentziatua eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea. Aranzadi Zientzia Elkarteko eta UEUko kidea. Egun ingurumen hezkuntzako aholkulari moduan egiten du lan Eusko Jaularitzako Ingurumen eta Hezkuntza Sailaren barruan, Ingurugelan. Eskoletako Urmaelen Sareko sortzaileetako bat ere bada.

  • Dani Zuazagoitia Rey-Baltar

    Kimikan doktore eta EHUko irakaslea Hezkuntza eta Kirol Fakultatean, Zientzia esperimentalen didaktika sailean. Arabako Campuseko Baratze Ekologikoko arduraduna. UEUko kidea.

Helburuak

• Ikastetxe aldamenean urmaela sortzeko baldintzak eta eman beharreko pausuak ezagutu eta gauzatzeko gai izatea.

• Urmaelek ikastetxeak didaktikoki erabiltzeko eremu moduan izan dezaketen garrantzia ezagutzea.

• Urmaelari loturiko jarduera didaktiko bat egiteko eman beharreko pausuak ikastea.

• Urmaelari loturiko jarduera didaktiko bat diseinatzeko gai izatea.

Edukiak

• Urmaelen erabilera didaktikoa.

• Urmaelen garrantzia ekosistema moduan.

• Urmaelak sortzeko garaian kontuan izan beharreko ezaugarriak.

• Urmaelak hezkuntza komunitatearekin sortzeko eman beharreko pausuak.

• Urmaelen potentzialtasuna hainbat gai jorratzeko, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoraino.

• Urmaelen erabilera didaktikoa eta zientzia-hezkuntza lantzeko gako batzuk.

• Eskoleta Urmaelen Sarea: ezaugarriak eta antolaketa.

• Amaiurko eskolako urmaela adibide moduan.

Metodologia

Ikastaroa bi ardatz nagusitan banatuko da:

Aurreneko egunean eskola inguruan urmaela sortzearen garrantzia azpimarratuko da, eta urmaela sortzeko eman beharreko pausuak zeintzuk diren erakutsiko da. Horretarako, ordea, arazo egoera erreal batean barneratuko da ikaslea. Lehenik ikuspegi teorikoa landuko da, urmaelen ezaugarri nagusiak zeintzuk diren azaltzeko, eta kokatua behar duten guneek nolakoak behar duten adierazteko. Ondoren, ikasle bakoitzak bere ikastetxea hartuko du erreferentzia moduan, eta irakasleen laguntzarekin arazo egoera bati egin beharko dio aurre: “Zuzendaritzak ikastetxe inguruan eta hezkuntza komunitatearekin auzolanean urmael bat sortzeko eskaera egin dizu”. Ikasleak irakasleen laguntzaren bidez eskola inguruan urmaela non sortu, nolakoa egingo duen diseinatu eta auzolana prestatzeko pausuak diseinatuko ditu.

Bigarren egunean, ikastaroa Amaiurko eskolara joango da. Bertan, beste arazo egoera bat jarriko da: “Ikastetxe inguruan duzuen urmaelean jarduera didaktiko bat diseinatu nahi duzu eta klaustroari erakutsi”. Ikasleak ikastetxean ematen dituen edukiak eta konpetentziak kontuan izanda, berak nahi duen adin-tarterako jarduera bat diseinatuko du irakasleen laguntzarekin. Ondoren, diseinatu duen horren bizkarrezurra izango dena aurkeztuko die gainontzeko kideei Amaiurko urmaelaren bueltan. Irakasleek proposatu beharreko sekuentzia didaktiko hau ekosistemaren modeloa, eduki ezberdinen ikaskuntzaren progresioak (learning progressions), eta irakaslearen rola zehaztu beharko ditu, horretarako dinamika parte-hartzaile bat egingo delarik.

Bi jarduera horien bidez, ikasleak modu praktiko batean ikastetxe inguruan urmaela sortzeko gune egokia aurkituko du eta gainera jarduera bat diseinatzeko moduak ikasi.

Nori zuzendua

Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoko irakasleetaraino irakasleei zuzendua.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikulatu aukera sakatu (goian dago, izenburuaren azpian) eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.

  • Matrikula-orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioa eta ordainketaren inguruko argibideekin.

  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 948 362563, nafarroa@ueu.eus, (Edurne).

  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.

  • Diru-laguntzen informazioa.

Oharrak

OSASUN-SEGURTASUN OHARRA

COVID-19 izurrite egoeran ikastetxeek jarraitu beharreko prebentzio, segurtasun eta higiene-neurri berdinak jarraituko dira gure egoitza eta jardueretan.

Homologazioa

Ikastaro hau Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, irakasleen etengabeko prestakuntza gisa homologatzeko prozesuan sarturik dago.

Ebaluaziorako irizpideak

Ikastaroko parte-hartze ziurtagiria lortzeko honako baldintzak bete beharko ditu ikasleak:

• Ikastaroan, gutxieneko % 85eko asistentzia izatea.