Ikastaroak :: Psikopedagogia
Haur eta nerabeek modu desberdinetan pairatzen dituzte indarkeria mota desberdinak. Indarrean jarri den haur eta nerabeen babeserako legediak argi uzten digu hezitzaileoi oinarrizkoa dela gure ikuspegia trebatzea indarkeriaren detekzio eta prebentzioan. Zentzu horretan, eskolak, ludotekak, gazte-lekuak… babesguneak izanik, umeek indarkeria hauek sortutako ondorioak bertan azaleratzen dituzte kasu askotan. Hezitzaileok indarkeria honi aurre egiteko oinarrizko formakuntza eskaintzen du ikastaro honek, haur eta nerabeen babes-sare diren heinean. Askotan indarkeria bortizkeriarekin lotzen dugu, oso agerikoa dena eta errez detektatzen dena, baina zeharkako seinale askok informazio garrantzitsua ematen digute ume eta nerabeen egoera emozionalaz, harremanak izateko moduez, adierazle fisikoez... Indarkeriaren adar desberdinak barneratzea, zer espaziotan ematen diren indarkeria-kasu hauek (abusu sexuala, biolentzia berbala, fisikoa, psikikoa, emozionala...) behaketa-lanaren ikuspegia barneratuz.
Haurren eskubideak bermatzea hezitzaileon ardura nagusia da, beraien ongizatea, integritate fisiko/psikikoa eta oreka emozionala babestuz. Horretarako, ezinbestekoa izango da saretze-lana indartzea, babes-erakundeek eskaintzen dituzten erremintak ezagutuz. Ikastaroan emango diren edukiek, protokoloek eta sortzen diren jakintza kolektiboek irakasle edo figura hezitzaileen egunerokotasunean inpaktu handia edukiko dute.
Ikastaroa online izango da, nagusiki. Aurrez aurreko saio bakarra izango du ikastaroaren hasiera-egunean: otsailaren 21ean (17:30-19:30), UEUren Ikastetxe Nagusian (Otaola hiribidea, 1. Eibar).
unibertsitatea.net atarian duzu irakasleari egindako elkarrizketa.
Gizarte hezkuntzan diplomatua. Kultur arteko hezkuntzaren masterra. Gizarte arazoen azterketa masterra. Haur eta nerabeen saileko gizarte hezitzailea. UEUkidea.
Ikastaroak metodologia parte hartzailea eta aktiboa izango du. Partaideen aurre ezagutzetatik abiatuko da, eta teoria bizi esperientzietan eta eguneroko lan jardunean kokatzea izango du helburu, hausnarketa pertsonalak elkarbanatzean oinarrituz. Era berean, ikastaroak alde teorikoa eta praktikoa uztartuko ditu, ikaskuntza-prozesuari eta gaitasunei garrantzi handia eskainiz.
Ikastaroa emateko, Moodle irakaskuntza-plataforman oinarrituta dagoen UEUren Ikasgela Birtuala erabiliko da. Plataforma honen bitartez, ikasleek ikastaroko informazio, eduki eta jarduera guztiak eskura izango dituzte, eta komunikatzeko bestelako tresnak ere bai. Adibidez foroak garrantzitsuak izango dira edukietan sakontzeko. Izan ere, hari bakoitzak proposamen desberdinak planteatuko dizkio ikasleari, edukiekin lotura mantenduz betiere, eta, eztabaida kolektiboak sustatuz.
Era berean, oinarri kontzeptualak idatzizko zein ikus-entzunezko materialekin landuko dira (batik bat Prezi). Hauek, genero-ikuspegitik jorratuko dira. Ikastaroko zeharkako lan bezala norberak proposatuko duen kasu praktiko baten aurkezpena, lanketa eta jarraipena proposatzen zaio ikasleari, ikastaroan ikusitakoa modu aktibo batean baliatuz. Hortaz gain, modulu bakoitzak aukerazko bibliografia eta ikus-entzunezko euskarri desberdinak proposatuko ditu gaian sakondu nahi ezkero.
Azkenik, ikastaroak jarraipen etengabea izango du eta tutoretzak adosteko aukera egongo da, irakasle-ikasle interakzioa erraztuz modu pertsonalean edo taldeka.
Haur eta nerabeen babesean lan egiten duten profesionalei (bereziki irakaskuntzan); irakasleei, hezitzaileei, aholkulariei, integratzaileei, monitoreei, begiraleei…
Gaiarekin interesatutako orori (gurasoak, ikasleak, beste arlo batzuetako profesionalak…).
Homologazioa: