Ikastaroak :: Antropologia, Hezkuntza

"Gau Beltza" ospakizuna lantzeko ikastaroa

  • Hasiera-data: 2020(e)ko irailaren 23a
  • Amaiera-data: 2020(e)ko urriaren 23a
  • Tokia: Ikasgela Birtuala
  • Ordutegia: astelehena-ostirala. 00:00-24:00
  • Izaera: On-line
  • Ordu kopurua: 20.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2020(e)ko irailaren 1a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2020(e)ko irailaren 18a

TALDEA BETE EGIN DA (2020-09-17, 9:00). Itxaron zerrenda sortu da. EZ egin matrikularen diru-sarrerarik plaza duzula jakinarazi arte.

Ikastaroa, nagusiki, online izango da.

Aurrez aurreko saio bakarra izango da urriaren 10ean Kutxa Ekogunean. Ordutegia: 10:00-13:30.

Badira urte batzuk globalizazioaren ufadaz Halloween ospakizuna zabaltzen ari dela Euskal Herrian. Ospakizun hori Domu Santu bezperan ospatzen da, urriaren 31ko gauean. Era berean, azken urteotan beste ikuspegi batez antolatzen ari da ospakizuna, “Gau Beltza” edo ”Arimen Gaua” ardatz harturik. Izan ere, Domu Santu egunaren bueltan erritu ezberdinak egin izan dira Europa osoan, eta baita Euskal Herrian ere. Kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman eta bide bazterretan argiztatuta ipintzen zireneko kontakizunak badira. Haur eta gaztetxoentzat bereziki, erakargarritasun handia duten ospakizunak dira.

Itzalitako kalabazen berpiztea (Altuna & Ozaita, 2018) lan etnografikoa oinarri hartuta, Euskaltzaleen Topaguneak ospakizuna herrietan antolatu nahi dutenentzako baliabideak eskuragarri jarri nahi ditu, antolatzaile eta parte-hartzaile gaztetxoen esperientziak jasota. Formakuntza saio honetan, bidean ikasitakoa denon eskura jarri nahi da.

Aldi berean, ikastaroaren helburua, norberaren herrian Gau Beltza ospatzeko proiektua sortzea izango da.

Ikastaro hau Kutxa Ekogunea, Euskaltzaleen Topagunea eta UEUren arteko erlkarlanari esker gauzatu da.

Irakasleak

  • Jaime Altuna Ramírez

    Gizarte antropologoa.

  • Johana Olabarria Ugarte

    Animatzaile soziokulturala. Euskaltzaleen Topaguneko Aisialdi eta Kulturgintza lan-taldeko arduraduna.

  • Itsaso Olaizola Azurmendi

    Zuzenbidean eta magisteritzan lizentziatua. Kutxa Ekoguneko proiektu kudeatzailea eta hizkuntza-ekologia arduraduna. UEUkidea eta LUHI graduondoko Batzorde Akademikoko kidea.

  • Aitziber Onaindia

    Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua. Euskaltzaleen Topaguneko komunikazio lan-taldeko kidea.

  • Josu Ozaita Azpiroz

    Antropologian gradua eta masterra.

Helburuak

  • Herri eta auzoetan Gau Beltzak antolatzeko oinarri teorikoak eta antolakuntzazkoak eskaintzea.
  • Gau Beltza antolatu duten herrietako esperientziak ezagutzea.
  • Gau Beltzaren inguruan sortutako baliabideak partekatzea.
  • Zure herrian Gau Beltza ospatzeko proiektua sortzea eta partekatzea.

Edukiak

  • "Itzalitako kalabazen berpiztea" etnografiatik gaur egunera.
  • Gau Beltza antolaketa:
    • Gau Beltza antolatzeko oinarri teorikoak.
    • Herri desberdinetako Gau Beltza ospakizunen esperientziak.
    • Topagunearen baliabide kutxa.
    • Tailerrak: kalabazak hustutzen, makilajea, mozorroa...
  • Lurraren zikloari lotutako bestelako erritualak.
  • Zure herriaren Gau Beltza proiektua. Zer ospatuko duzu?

Metodologia

Ikastaroa nagusiki online izango da. Parte-hartzailea izango da eta aurrez aurreko saioa eta online irakaskuntza konbinatuz, ikastaroan alde teorikoa eta praktikoa uztartuko dira. Horretarako, Moodle irakaskuntza-plataforma batean oinarrituta dagoen UEUren Ikasgela Birtuala erabiliko da eta aurrez aurreko saio bat izango da urriaren 10ean Kutxa Ekogunean.

Eduki nagusiak aurkezpen eta testigantzen bidez landuko dira Ikasgela Birtualean, idatzizko zein ikus-entzunezko materialen bidez. Ondoren, lan pertsonala beharrezkoa izango da, hausnarketa pertsonaletatik taldekora salto egiteko. Horretarako, talde-dinamiketan (foroetan) norberaren iritzi, hausnarketa, esperientzia edota zalantzak ikaskideekin partekatzeko aukera izango da, taldeari modu eraikitzailean eraginez.

Aurrez aurreko saioan berriz, Gau Beltza antolaketaren alderdi praktikoa landuko da. Topagunearen baliabide kutxa aurkeztuko da eta tailerrak izango dira kalabazak hustutzen, makilajean eta beste hainbat gaitan trebatzeko. 

Aldi berean, ikastaroaren helburua formazioan zehar landutako edukiak martxan jartzea izango da, eta horretarako, parte-hartzaile bakoitzari, bere herrietan Gau Beltza aurrera eramateko ordu kopuru zehatzeko lanketa bat proposatuko zaio. Parte-hartzaileek momentu oro irakaslearen jarraipena eta tutoretza izango dute.

Lanketa horren xedea, norberaren herrian Gau Beltza antolatzeko proiektua sortzea izango da. Beraz, ikastaroa amaitzeko proiektu honen memoria aurkeztuko da. Ondoren, parte-hartzaile guztien artean partekatuko dira proiektu guztiak, elkarren arteko esperientzietatik ikasteko eta material gehigarria eskuratzeko.

Nori zuzendua

Bereziki, Gau Beltza euren herrietan antolatu nahi duten elkarte, eragile eta norbanakoentzat. Izan euskara elkarte, ludoteka, gazteleku edo bestelako zerbitzuak eskaintzen dituztenentzat. Baina baita ospakizun honekiko interesa duen herritar ororentzat ere.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikulatu aukera sakatu eta han agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, mezu bat jasoko duzu zure posta elektronikoan, matrikularen eta ordainketaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat izan da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, markeskoa@ueu.eus, (Mari Karmen).
  • Talde mugatua: gehienez, 20 pertsona.
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.

Oharrak

  • Eguneratze-ikastaro modura homologatuta, 2020ko urriaren 5ean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Hezkuntza sailburuordeak emandako ebazpenaren bidez, honako kodearekin: 2068348017.
  • COVID-19 izurrite egoeran ikastetxeek jarraitu beharreko prebentzio-, segurtasun- eta higiene-neurri berdinak jarraituko dira gure egoitza eta jardueretan. Hona argibideak: UEUren prebentzio-neurriak.