Ikastaroak :: Komunikazioa, Internet

Adin txikikoak eta Internet: arriskuak eta nortasun digitala

  • Hasiera-data: 2020(e)ko abuztuaren 31a
  • Amaiera-data: 2020(e)ko irailaren 29a
  • Tokia: Ikasgela Birtuala
  • Ordutegia: Astelehenetik ostiralera. 00:00-24:00
  • Izaera: On-line
  • Ordu kopurua: 20.00 ordu
  • Matrikula-prezioak: Orokorra: 0,00 €. Ikasle, langabe eta erretiratuak: 0,00 €. Bazkideak: 0,00 €
  • Loa eta otorduak: Loa: 0.00 € / eguneko. Bazkaria: 0.00 € / eguneko. Afaria: 0.00 € / eguneko
  • Matrikula-epearen hasiera: 2020(e)ko ekainaren 4a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2020(e)ko abuztuaren 24a

Ikastaroa BETE egin da. Interesa izanez gero, izena eman eta itxaron-zerrendan sartuko zara.

Ikastaroa guztiz on-line izango da.

Une oro online egotearen beharra ez da garaiko moda bat. Internet ezinbesteko tresna bilakatu da eta gure bizitzako ia alderdi guztietako parte da: kultura, komunikazioa, ekonomia, lan-esparrua eta banakako zein taldeko ohiturak. Gaur egungo jendartea hiperkonektatuta bizi da.

Zalantzarik gabe Internet abantaila ugariren iturria da, baina baita egoera gatazkatsuena ere. Asko dira munduko sarerik handienaren erabilera desegokiaren ondorio gisa jasan ditzakegun esperientzia negatiboak edota arriskuak.

Adin txikikoen kasuan, Interneten aroan jaio dira eta konektatuta dauden gailuak modu intuitiboan eta erraz erabiltzen ohi dituzte. Edonola ere, sarean ematen diren egoera arriskutsuen aurrean erantzuteko heldutasun eta irizpide falta dute.

Horregatik, funtsezkoa da helduek haur eta nerabeen errealitate digitala ezagutzea eta arriskuen prebentziorako bitartekaritza-estrategiak barneratzea. Familia eta eskola adin txikikoen konektibitate segurua bermatzeko gako dira.

Ikastaroan adin txikikoen Interneten erabilera arduratsua garatzeko gidalerroak eskainiko dira.

Irakaslea

  • Rakel Gamito Gomez

    Haur Hezkuntzan graduatua, Psikodidaktikan masterra eta doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHUn). Tesiaren izenburua: Adin txikikoen Interneten erabilera-ohiturei eta arriskuei buruzko kasu azterketa bat. Pertzepziotik kontzientzia piztera.

    Egun, UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasle, Didaktika eta Eskola Antolakuntza sailean. Informazio eta Komunikazio Teknologiak ikasgaia ematen ohi du eta IKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan, Etengabeko Formakuntzan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan on-line graduondokoan parte hartzen du. Udako Euskal Unibertsitateko (UEUko) kide eta Pedagogia sailburu. IkHezi ikertaldeko kide.

Helburuak

  • Adin txikikoen Interneten erabilera-ohiturak eta on-line bizipenak ezagutzea.

  • Interneten arriskuen ondorioak aztertzea.

  • Nortasun digitala zaintzearen garrantziaz jabe izatea.

  • Norberaren gaitasun digitala indartzea, ikasketa-prozesu esanguratsua eta ezagutzaren eraikuntza talde-lana, elkar eragina eta komunikazioaren bitartez bideratuz.

Edukiak

1. gaia: Egungo egoera: jendarte hiperkonektatua

◦ Teknologiaren garapen azkarra.

◦ Adin txikikoen errealitate digitala: zer, noiz, nola eta zertarako.

◦ Sare sozialak, youtuberrak eta online jolasak.

2. gaia: Online arriskuak eta konektibitatearen alderdi garrantzitsuak

◦ Interneteko arriskuak: ziberbullying-a, sexting-a, grooming-a, eduki ezegokiak eta gehiegizko erabilera.

◦ Nortasun digitala: zer da, nola osatzen da eta eragina.

3. gaia: Interneten erabilera arduratsua

◦ Gaitasun digitala eta segurtasuna eskolan.

◦ Familiaren bitartekaritza-estrategiak.

◦ Erabilera segururako estrategiak garatzeko gidalerroak eta baliabideen bilduma.

Metodologia

Ikastaroak online izaera izango du eta modu parte-hartzailean bideratuko da. Gaiak lantzeko hausnarketa kritikoa garatzea helburu duten praktika kolaboratiboak proposatuko dira eta oinarri kontzeptualak sakontzeko ikus-entzunezko materialak, idatzizko azalpenak eta adibide zehatzak eskainiko dira.

Beraz, ikasleen parte-hartzea eta gogoeta izango dira saioen funtsa.

Nori zuzendua

Izen-ematea publiko zabalari irekia dago baina unibertsitatean ikasten dabiltzan Nafar ikasleek izango dute lehentasuna. Edozein etapako irakasleei zuzenduta dago.

Ikasleak onartuak izango dira irizpide honen arabera: izen emate epea zabaldu eta lehenengo 15 egunetan izena ematen dutenen artean, lehenik, unibertsitateko nafar ikasleak, gero gainontzeko nafarrak eta azkenik, beste lurraldetakoak.

15 egun horiek pasata, taldea osatu arte onartuko dira ikasleak.

Matrikulaziorako argibideak

• Ikastaroa DOAKOA da.

Matrikulatu aukera sakatu (goian dago, izenburuaren azpian) eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.

• Matrikula-orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioa eta ordainketaren inguruko argibideekin.

• Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 948 362563, nafarroa@ueu.eus, (Edurne).

Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.

Diru-laguntzen informazioa.

Oharrak

Homologazioa

Ikastaro hau Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, irakasleen etengabeko prestakuntza gisa homologatu du.

Homologazio-zenbakia: 163/2020, maiatzaren 27koa. Bi kreditu bat (2) eskuratu ahal izango dira.

Halaber, ikastaro hau egiteagatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ECTS bat (1) emango die ikasleei. Horretarako, NUPeko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dute instantzia orokorrarekin batera, UEUren bertaratze ziurtagiria.

Ebaluaziorako irizpideak

Ikastaroko parte-hartze ziurtagiria lortzeko honako baldintzak bete beharko ditu ikasleak:

 • Ikastaroan, gutxieneko % 85eko aprobetxamendua izatea.

Onartuak izateko irizpideei jarraiki, ekainaren amaieran jakinaraziko dugu zeintzuk izan diren onartutako ikasleak, hauei helbide elektronikora mezua bidaliz. Ikastaroa bete bada, gainontzekoak itxaron zerrendan geratuko dira eta bajaren bat suertatuz gero, beraiekin harremanetan jarriko gara. Ikastaroa ez bada bete, banan-banan joango gara ikasleak onartzen, izen emate data errespetatuz.