Ikastaroak :: Hezkuntza, Psikologia
Koronabirusa dela eta ikastaroa atzeratzea erabaki dugu. Ikastaroa 2020ko irailaren 26an izango da.
Irakasleak bere ikasleei adimen emozionala garatzen lagundu diezaien, nahitaezkoa da irakasle bakoitzak bere adimen emozionala lantzea, eta hori abiapuntutzat hartuta emozioen gaiari helduko diogu, bihotza eta burua bateratzen ikasten hasteko, eta eskolan ikasleoi beren gaitasun emozionalen garapenean nola lagundu ikasteko.
Aurreko ikastaroan landutakoa abiapuntutzat hartuta gaian sakonduko dugu, askotariko estrategia eta baliabideak landuaz, bakoitzak gure barruko tresnak sor ditzagun ikasleekin haien adimen emozionala lantzeko.
Lehen Hezkuntzako Magisteritzan diplomatua. Adimen Emozionala Hezkuntza arloan aditua. “Esku-Hartze Sistemikoarako Tresnak eta Ingurune Terapeutikoen Sorkuntza” masterra. Gaur egun, Adimen Emozionaleko irakaslea eta aholkulari emozionala.
Ikastaroan zehar alde teorikoa praktikarekin uztartuko dugu. Alde batetik, eduki teorikoak esperimentazioaren bidez lantzeko zenbait ariketa proposatuko dira, esperientziaren bidezko ikaskuntza lor dadin; bestalde, aurkeztuko diren eduki teorikoen inguruko hausnarketa sustatuko da.
Horretarako, bakarka, binaka zein taldean aurrera eramateko talde-dinamika batzuk proposatuko dira (rol-playing-ak kasu).
Taldekideen partaidetza aktiboa sustatuko da, horrela, ikasle bakoitzaren testuinguruan gerta daitezkeen eguneroko egoerez baliatuz, ikasleek talde-lanaren bidez teorian ikusitakoa errealitatearekin uztartuko dute.
Gai honetan interesa duten pertsona heldu guztiei zuzenduta dago (irakasleak, hezitzaileak, orientatzaileak, begiraleak, Irakasle Eskolako ikasleak...).
Lehentasuna izango dute UEUk antolatutako adimen emozionala eskolan ikastaroa egin dutenak.