Ikastaroak :: Hezkuntza, Psikologia

Hezkuntza afektibo sexuala lantzen Haur eta Lehen Hezkuntzan

  • Hasiera-data: 2020(e)ko otsailaren 12a
  • Amaiera-data: 2020(e)ko apirilaren 1a
  • Tokia: Ikasgela Birtuala
  • Ordutegia: astelehena-ostirala. 00:00-24:00
  • Izaera: On-line
  • Ordu kopurua: 25.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2020(e)ko urtarrilaren 13a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2020(e)ko otsailaren 5a

Ikastaroa online izango da, nagusiki. Aurrez aurreko saio bi izango ditu:

  • ikastaroaren hasiera-egunean: otsailaren 12an (17:00-20:30).
  • ikastaroaren amaiera-egunean: apirilaren 1ean (17:00-20:30).

Koronabirusaren ondorioz eta administrazioen erabakiari jarraiki, eten egin ditugu ikastaro presentzial guztiak konfinamendua bukatu arte, beraz, apirilaren 1ean ez da aurrez aurreko saiorik egongo.

Pertsona guztiak sozialak gara, gorputza dugu eta horren bidez pentsatu, ulertu, adierazi, komunikatu, gozatu, sentitu eta sentiarazten dugu.

Sexualitatea hitzekin eta gorputzaren zentzumenekin bakoitzak espresatu, komunikatu, sentitu, intimatu, plazera eman eta jasotzeko modua da. Sexualitatea, beraz, pertsonaren dimentsio bat baino gehiago da: garena da. Horregatik, sexualitatearen garapen integrala eta atsegingarria bermatzea, pertsonaren garapena osotasunean laguntzea da. Hortaz, hezkuntza afektibo-sexuala haurren eta gazteen hazkuntza integrala lortzeko alderdi garrantzitsua da.

Ukitu, plazera eman eta intimatzeko behar fisiko eta afektiboek jaiotzatik heriotzaraino laguntzen gaituzte. Baina pertsonok sentsibilitate desberdinak ditugu eta ez zaizkigu afektu-adierazpen berdinak gustatzen, horregatik da beharrezkoa hainbat gaitasun lortzea: besteei eta norbere buruari entzutea, zer nahi dugun eta zer ez dugun nahi eta zer gustatzen zaigun eta zer ez zaigun gustatzen jakitea, nahi eta sentitzen dugun bezala egin eta disfrutatzea, norberari eta beste inori minik eman gabe…

Haur eta gazteek osotasunean heziak izateko eskubidea dute maila guztietan, sexualitatea komunikazio-, osasun-, plazer- eta afektibitate-iturri bezala ulertuz.

Emakumeak eta gizonak parekidetasunean eta diskriminaziorik gabe biziko garen jendartea lortu nahi badugu eta harreman komunikatzaile, atsegin, berdintasunezko, arduratsu eta askeak lortu nahi baditugu, haurrei kalitatezko heziketa afektibo sexuala eskaini beharko diegu.

Horren faltak norbanakoaren garapenean eragina izan ez ezik, parekidetasunean oinarrituriko jendartearen eraikuntzan behar diren oinarrizko aldaketa sozialak ematea ere eragotziko baitu.

Heziketa sexualak, esan bezala, pertsona gisa hazten laguntzen gaitu, baina arlo biologikoan zentratzen bagara soilik, pertsonalitate gizakoia eraikitzeko aukerak eta kasu askotan aurreiritzi eta estereotipo sexistez beteta dauden ideiak aldatzeko aukerak ukatuko ditugu.

Horregatik, ikastaro honen helburua haur eta gazteen hezkuntza-etapa guztietan dimentsio afektibo-sexuala modu praktikoan lantzeko gakoak ematea izango da.

Ikastaroaren metodologia oso praktikoa izango da, helburua norberak bere ikastetxean hezkuntza afektibo-sexuala lantzeko proiektu bat egitea delako; eta praktikotasunari dagokionez, horrek inpaktu zuzena izango duelako norberaren hezkuntza-ekosistema propioan, hau da, komunitatean.

Ikastaroaren amaieran, proiektu horiek taldean partekatuko dira, eta proposamen desberdinekin ikasle bakoitzak bere proiektua aberasteko aukera izango du.

Gainera, unitate didaktikoak ekarriko dituen emaitzek lotura zuzena izango dute etapa guztietako haurrek eskuratuko dituzten konpetentziekin. Zehazki, “Oinarrizko Hezkuntzako Curriculuma (Heziberri 2020)”-k barnebiltzen dituen oinarrizko zehar-konpetentzia eta diziplina barneko konpetentzia askorekin.

unibertsitatea.net atarian duzu irakasleari egindako elkarrizketa.

Irakaslea

  • Ibai Fresnedo Moreno

    Sexu-hezitzailea, Indarkeria Sexistaren Prebentzioan eskarmentuduna, Genero Berdintasun teknikaria, Hezkidetza Programetan aritua, gizarte eta kultur dinamizatzailea eta EHko Sexu Askapenerako Mugimenduan militantea. UEUkidea.

Helburuak

  • Hezkuntza afektibo-sexualaren oinarriak ezagutzea.
  • Gorputzei eta izateko orotariko moduei zentzua eta esanahia ematea.
  • Sexualitateari eta sexu-harremanei lotutako gaiei buruz hitz egiteko konfiantzazko eremu seguruak sortzea.
  • Sexuaren eta generoaren estereotipo eta rolak aztertzea eta nola eragiten duten ikastea.
  • Haur eta gazteen garapen afektibo-sexuala genero-ikuspegitik lantzea.
  • Sexualitatea gorputzean bizi izateko moduaren garrantziaz eta sexu-heziketa curriculumean txertatzearen garrantziaz jabearaztea.
  • Ikasgelan sexualitatea zelan landu ikastea.
  • lkastetxeei sexu-heziketaren inguruko tresnak eskaintzea, eta pertsonei era positiboan eta berezian elkar ezagutzen, bizi izaten eta adierazten laguntzea.
  • Adin eta etapa guztietan LGTBI+ berdintasuna eta aniztasun sexuala lantzen ikastea.
  • Hezkuntza afektibo-sexuala eta aniztasuna lantzeko baliabide pedagogikoak ezagutzea.
  • Irakasleek hezkuntza afektibo-sexuala lantzeko unitate didaktikoa sortzea.
  • Ikastaroari dagokionez, Moodle plataformaren atal eta baliabideak ezagutzea eta norberaren gaitasun digitala indartzea.

Edukiak

1. Sexualitatea gure gizartean

  • Ikastaroaren eta Ikasgela Birtualaren aurkezpena.
  • Sexualitatearen historia: nondik gatoz eta nora goaz?
  • Sexualitatearen ulerkera gure gizartean: askotariko ikuspegiak eta haien eragina.
  • Sexu-berezitasunen aitortza eta balorazioa.

 2. Haur eta gazteen garapen afektibo-sexuala

  • Giza izate sexuala.
  • Haur eta gazteen ezaugarri afektibo-sexualen garapena etapa guztietan.
  • Sexu eta generoen arteko hierarkizazioa.
  • Generoaren eragina sexualitatearen eraikuntzan.
  • Hezkidetza eta sexualitatea: parekidetasuna lortzeko pedagogia askatzaileak.

3. Heziketa afektibo-sexuala

  • Zertaz ari gara sexu-heziketaz ari garenean?
  • Hezkuntza afektibo-sexualerako eremuak, helburuak eta edukiak.
  • Helduon heziketa propioaren araberako etengabeko transmisioa: curriculum ezkutua.
  • Sexu-heziketa jorratzeko gako eta gomendio praktikoak.

 4. Aniztasun sexuala ikastetxean

  • LGTBI+ errealitatea gure ikastetxeetan.
  • Aniztasun sexualari buruzko hiztegi inklusiboa.
  • Praktika onak: lehen eta bigarren hezkuntzan sexualitatea modu osasuntsuan eta askean biziz.
  • Ikastetxeetan sexu-aniztasuna txertatzeko baliabideak.

 5. Proiektuaren diseinua

  • Norbere ikastetxearen beharren identifikazioa.
  • Hezkuntza afektibo-sexuala curriculumean eta ikasleen oinarrizko konpetentzietan.
  • Sexualitatea lantzeko unitate didaktikoaren diseinua.
  • Hezkuntza afektibo-sexuala zeharka lantzeko baliabideak eta tresnak.

6. Proiektuaren aurkezpena eta ebaluazioa

  • Unitate didaktikoaren aurkezpena.
  • Unitate didaktikoa ikastetxean txertatzeko urratsak.
  • Ebaluazioa.

Metodologia

lkastaroa online motakoa izango da eta, horretarako, Moodle irakaskuntza-plataforman oinarrituta dagoen UEUren Ikasgela Birtuala erabiliko da. lkastaroa parte-hartzailea izango da, eta teoria bizi-esperientzietan eta eguneroko lan-jardunean kokatzea izango du helburu, hausnarketa pertsonalak elkarbanatzean oinarrituz.

Oinarri kontzeptualak idatzizko zein ikus-entzunezko materialen bidez landuko dira. Ondoren, lan pertsonala beharrezkoa izango da, hausnarketa pertsonaletatik kolektiboetara salto egiteko, horretarako baliabide teknologikoak erabiliz. Horretarako, talde­-dinamiketan (foroetan) norberaren iritzi, hausnarketa, esperientzia edota zalantzak ikaskideekin partekatzeko aukera izango da, taldeari modu eraikitzailean eraginez. Aldi berean, gure helburua ikastaroan zehar landutako edukiak martxan jartzea izango da, horretarako parte-hartzaile bakoitzari, bere eguneroko errealitatean aurrera eramateko, ordu kopuru zehatzeko lanketa bat proposatuko diogu. lkasleek momentu oro irakaslearen jarraipena eta tutoretza izango dute.

Lanketa horren xedea, norberaren ikastetxean gaia lantzeko unitate didaktikoa sortzea izango da. Beraz, ikastaroa amaitzeko proiektu honen memoria aurkeztea ezinbestekoa izango da. Ondoren, ikasle guztien artean partekatuko dira unitate didaktiko guztiak, elkarren arteko esperientzietatik ikasteko eta material gehigarria eskuratzeko.

Nori zuzendua

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleei zein hezkuntzako kontsultore eta orientatzaileei. Magisteritza edota Pedagogia ikasketak egiten ari diren ikasleei.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikulatu aukera sakatu eta han agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, mezu bat jasoko duzu zure posta elektronikoan, matrikularen eta ordainketaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat izan da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, markeskoa@ueu.eus, (Mari Karmen).
  • Talde mugatua: gehienez, 20 pertsona.
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.
  • Diru-laguntzen informazioa.

Oharrak

Eguneratze-ikastaro modura homologatuta, 2020ko urtarrilaren 24an Hezkuntza Saileko Hezkuntza sailburuordeak emandako ebazpenaren bidez, honako kodearekin: 2068348004.