Ikastaroak :: Hizkuntzalaritza, Terminologia, Hezkuntza, Osasuna

Berdintasunaren bidean ahalduntzen. Udaberriko tailer zikloa.

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 10.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2019(e)ko urtarrilaren 14a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2019(e)ko urtarrilaren 24a

Tailer ziklo osoan izena emateko aukera bertan behera geratu da. Interesa duzun tailerretan izena emateko aukera duzu orain (horretarako klikatu tailer bakoitzaren izenburuaren gainean)

Saioen datak: Urtarrilak 30, otsailak 27, martxoak 27, maiatzak 8 eta maiatzak 29.

Begibistakoa da gure gizartea ez dela parekidea, emakumeok eta gizonok ez dugula aukera-berdintasunik, eta horrek zoritxarra baino ez dakarkigula, batzeri zein besteri. Honako hitzaldi/tailer zikloaren bidez, emakumearen begiradatik nahi dugu gizarteak hain beharrezko duen parekidetasunaren esparru hori begiratu, aztertu eta landu. Zaintza erdigunean jarriz, denon elkarbizitza eta atsegina helburu duen bizimodu-eredu baten proposamenari heldu nahi diote parte hartuko duten emakume hizlariek. Norbere esparrutik, askatasuna oinarri, abiapuntu eta helburu duen gizarte-eredua irudikatzen saiatuko dira. Gure ongizateak eta gure ondotik etorriko direnenak hala agintzen digutelako.

Irakasleak:

  • Ilazki Gainza Giraldo. Emakume eta Gizonen berdintasunaren gaineko masterra: Berdintasun agenteak masterra -1500 ordu- (UPV-EHU). Giza Zientziak: Komunikazioan lizentziatua (Deustuko Unibertsitatea). Kalakako sortzaileetako bat eta bertan formakuntzak eskaintzen ditu ipuin parekide, hezkidetza familian, ziklikoak gara, etab. gaietan. Kazetaritza lanetan urtetan aritua.
  • Ima Zestau Baraibar. Euskara teknikaria Euskarabidean; Foru Administrazioetako langileen euskalduntze eta trebakuntzan aritua joan deneko 30 urte hauetan. Ikastaro teknikoak sortu eta ematen ditu, laneko eginkizunak ardatz hartuta; hala sortu zen “Euskara ez sexista”.
  • Ainhoa Lendinez Garate. Euskal Filologia eta Ikus-entzunezko ikasketak egin nituen. Une honetan euskara teknikari eta kazetari dihardut, besteak beste. Elikadura, entrenamendu mentala eta ariketa fisikoa dira nire pasioa, eta batez ere mendia.
  • Ane Ablanedo Larrion. Unibertsitateko irakaslea (UPPA, NUP). Haur-prebentzioan espezialista. Eskola alternatibo eta pedagogia librearen gaian formatzailea. Hizlari eta artikulugilea. UEUkidea.

Helburuak

  • Gizartean gizonen eta emakumeen eskubideen artean dagoen asimetria esparru ezberdinetatik aztertzea.
  • Elkar zaintzea abiapuntu duen eredu baten proposamena egitea.
  • Sexismoaren kontrako jarrerak sustatzea.
  • Haurtzarotik abiatuta elkarbizitza eta parekidetasuna sustatzea.
  • Dominazio estrukturalaz hausnarketa egitea eta hori ekiditeko proposamenak egitea.

Edukiak

1 tailerra. Ipuin parekideak lantzen.

Jendarte parekideago baten bidean baliabideak izatea ezinbestekoa da. Ipuinak sexistak edo parekideak izan daitezke, hizkuntza eta iruditegia lantzen den moduaren eta helarazten diren baloreen arabera. Ikastaro honetan, bertaratutakoei ipuin parekide eta sexistak bereizteko gakoak, haurrekin ipuinak lantzeko modu desberdinak eta askoz gehiago azalduko diegu.

2. tailerra. Emariak: emakumeen ekarpenak ikusarazten.

Arlo guztietako gizonak ezagutzen ditugu (politikariak, enpresariak, asmatzaileak, borrokalariak, zientzialariak, kirolariak, artistak, etab.), baina, emakumeak? Ziurrenik askoz gehiago kostako zaigu arlo horietan emakume kopuru bera ezagutzea... ez da kasualitatez. Emakumeak inbisibilizatuta egon dira (eta jarraitzen dute) gaur egun, arrazoi desberdinak direla eta. Hitzaldi honetan historian zehar, garai eta leku desberdinetan emakumeek egindako ekarpenak ikusaraziko ditugu, euren berri emanez, zementuzko sabaiari zulotxoa eginez.

 3. tailerra. Euskara ez sexista.

Euskarak sexismorik ez duelako ustea zabaldua da; egia da ondoan ditugun hizkuntzak baino zama arinagoa duela, baina maiz erabilera sexista egiten dugu, batere konturatu gabe.

Tailer honen bidez, erabilera horren gaineko hausnarketa eginen dugu eta aukera inklusiboak landu.

4. tailerra. Emakumea ahalduntzen, bizimodu osasuntsutik.

Egungo gizartean emakume asko oraindik antzinako roletara mugatuta daude: etxearen eta etxekoen zaintza. Nire esperientziatik abiatuta, emakumeak animatu nahi ditut bereganatzeko dauzkan arloetan parte hartzera kirola, esaterako. Bizimodu osasuntsua lortzeko ezinbestekoa da norbera gustura egotea bere buruarekin eta hori nekez lortuko dugu nahi duguna egiteari utzi eta besteentzat bizi bagara.

 5. tailerra. Askatasunerako pedagogia.

Emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruz mintzatu beharrak erakusten du mendekotasun/zapalkuntzan oinarritutako harremanak ditugula orohar garatzen. Beste jendeekin erlazionatzeko modu patologiko horrek, heziketa ulertzeko modu zehatz eta disfuntzional batean ere baditu bere erroak. Askatasunean hazi eta hezteak, aske bizitzen jakiteko baldintzak ezartzen ditu, gure aldameneko inor mendean hartu behar edo nahi izateko arrazoiak ere desegiten. Sozialki—eta beraz makro tamainan—eragin beharreko iraultzak, norbanakoaren izaera hori konfiguratzen den garaiari ere begiratzera behartzen gaitu, ikusteko non gertatu diren hutsuneak eta ataskoak.

Metodologia

Parte hartzailea izanen den metodologia erabiliko da tailer guztietan.

Nori zuzendua

Gaian interesa duen orori zuzendua dago zikloa.

Matrikulaziorako argibideak

ZIKLO OSOA:

  • Guztiontzak prezio berdina: 52,50 euro.

TAILER MONOGRAFIKOAK bakoitzeko:

  • Prezio orokorra: 14,00 euro
  • Prezio murriztua: 12,06 euro (ikasleak, langabeak, erretiratuak)
  • Bazkide prezioa: 10,05 euro (UEUko bazkideak)

Tailer ziklo OSOAn izena emateko, jarraitu ondoko argibideak:

  • Matrikulatu aukera sakatu (goian dago, izenburuaren azpian) eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioa eta ordainketaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 948 362563, nafarroa@ueu.eus, (Edurne).
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.
  • Diru-laguntzen informazioa.

SAIOka izena emateko, klikatu saio bakoitzaren izenburuaren gainean eta jarraitu argibideak.

Etiketak

Parekideak, emariak, emakumea, pedagogia, Nafarroako ikastaroak

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.