Ikastaroak :: Komunikazioa, Lana, Merkataritza
Ikastaroa on-line izango da.
Aurrez aurreko saioa izango du ikastaroaren hasiera-egunean: urriaren 16an (17:30-19:30), UEUren Ikastetxe Nagusian (Otaola hiribidea, 1. Eibar).
Garai batean bazen esamolde bat: “Izenik ez duena, ez da”. Eta hala da, baina gaur egun ez da nahikoa izena edukitzearekin. Negozio, proiektu eta abarren kasuan, izena izateaz gain, behar-beharrezkoa da sarean presentzia izatea. Enpresa handiek komunikazio-arduradunak izaten dituzte sareko presentzia hori bermatzeko. Enpresa txiki, autonomo eta abarren kasuan, ordea, norberak kudeatu behar izaten du maiz sareko komunikazioa.
Errealitate horri aurre egiteko, negozio edo proiektu bat sarean ezagutzera emateko hainbat baliabide aztertuko ditugu ikastaroan: webgune korporatiboak, sare sozialak, blogak… Alde batetik, alderdi teknikoak ikusiko dira: nola sortu profil bat Facebooken, nola sortu blog bat… Baina, batez ere, erabileran sakonduko da: nolako edukiak partekatu komunikazio eraginkor bat lortzeko, nola planifikatu sareko komunikazioa…
Ikastaroa amaitutakoan, ikasleek sareko paisaiaren ikuspegi orokor bat izango dute, eta eskura dituzten baliabideen berri izango dute. Eta, gainera, baliabide horiei zukua ateratzeko gako nagusiak izango dituzte eskura.
unibertsitatea.net atarian duzu irakasleari egindako elkarrizketa.
Ikus entzunezko komunikazioan gradua eta Komunikazio eta identitate korporatiboan masterra, une honetan, euskara aholkulari teknikaria enpresa batean.
Ikastaroak alde teorikoa eta praktikoa uztartuko ditu, ikaskuntza-prozesuari eta gaitasunei garrantzi handia eskainiz. Ikastaroa emateko, Moodle (http://moodle.org/) irakaskuntza-plataforma batean oinarrituta dagoen UEUko ikasgela birtuala erabiliko da.
Batetik, gaiarekin loturiko ezagutza teorikoa landuko da, ikasleek oinarri bat izan dezaten. Teoria lantzeko, adibide praktiko ugari ikusiko dira ikastaroan. Bestetik, ikasleek ere praktikan jarri beharko dute ikasitakoa, eta ikastaroaren amaieran proiektu labur bat aurkeztu beharko dute.
Esku artean negozio edo proiektu bat duen eta sarean ezagutzera eman nahi duen edonori dago zuzenduta ikastaroa. Hutsetik hasi duen edonork eman dezake izena, baina baita dagoeneko sareko komunikazioa lantzen duen eta ezagutza gehiago nahi duen orok ere.
Ikastaroa on-line izango denez, ezinbestekoa da nork bere ordenagailua, posta elektronikoa eta Internet konexioa izatea.