Ikastaroak :: Literatura, Antropologia

Egiletasuna eszenaratzeko moduak: hurbilketa bat literatur kritika feministatik

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 8.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2018(e)ko irailaren 3a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2018(e)ko azaroaren 19a

Ikastaroaren datak: azaroaren 23 eta 24 (ostirala-larunbata).

Ikastaro honek literatura-ikertzaileak, literatura-irakasleak, literatura-eragileak edo literaturazaleak Literatur Kritikaren esparru jakin batera hurbiltzea du helburu: egiletasunaren inguruko teoriak. Hain zuzen ere, Literatur Kritika Feministaren ekarpenak gogoan izanda hurbilduko gara egiletasunaren inguruko teorietara eta kritika-lerroetara. Bide horretan, hiru zutabe nagusi izango ditu ikastaroak:

Lehenik, egiletasunaren inguruko teoriak eta joerak aurkeztuko dira, betiere Literatur Teoria Feministaren ekarpenak gogoan izanda.

Bigarrenik, euskal literatur esparruko egiletasunak aztertuko dira: batetik, ikertzaile batzuek egiletasun zenbait aztertuko dituzte; eta bestetik, irakurketa-tailerrak egingo dira, egiletasunaren kritika egiteko parte-hartzaileon artean.

Hirugarrenik, idazleen esperientziak ezagutzeko aukera izango dugu, haien lekukotzak entzunez.

unibertsitatea.net atarian duzu ikastaro arduradunei egindako elkarrizketa.

Irakasleak

  • Uxue Alberdi Estibaritz

    Kazetaritzan lizentziatua. Idazlea eta bertsolaria.

  • Garazi Arrula Ruiz
  • Harkaitz Cano Jauregi
  • Ibon Egaña Etxeberria

    UEUko Literatura saileko kidea. Euskal Filologian lizentziatua da eta euskal kritikari buruzko tesia idatzi du. Euskal kultur sorkuntza eta kritika feministako graduondoko Ikerketa moduluko koordinatzailea izan da. Galtzagorri Elkarteko kidea da eta EHUko Hezkuntza, Antropologia eta Filosofia fakultateko irakaslea.

  • Hedoi Etxarte Moreno

    Idazlea eta itzultzailea. Langabea.

  • Inazio Mujika Iraola
  • Iratxe Retolaza Gutierrez

    UEUko Literatura saileko sailburua. Euskal Filologian lizentziatua. UPV/EHUko irakaslea. Aldizkari eta egunkarietako kolaboratzailea.

  • Eider Rodriguez Martin

    Literaturan doktorea. UPV/EHUko irakaslea. Idazlea.

  • Amaia Serrano Mariezkurrena

    UEUko Literatura saileko sailburua. Magisteritzan diplomatua eta Euskal Filologian lizentziatua. 1936ko Gerra eta euskal nobelari buruzko tesia idatzi du. Euskal kultur sorkuntza eta kritika feministako graduondoko Irakaskuntza moduluko koordinatzailea izan da eta EHUko Hezkuntza, Antropologia eta Filosofia fakultateko irakaslea.

Helburuak

Egiletasunaren inguruko teorietan sakontzeko, honako hiru gaitasun hauetan trebatzea du helburu ikastaroak:

  • Ezagutza teorikoa. Egiletasunaren inguruko teoriak ezagutzea (Literatur Teoria Feministaren ekarpenak ezagutzea).
  • Ezagutza praktikoa. Euskal literaturako egiletasun zenbaiten azterketa, Literatur Kritika Feministaren ikuspegitik.
  • Ezagutza gorpuztua. Idazleen lekukotza genero-ikuspegia ardatz dutela.

Edukiak

Azaroak 23

17:00-18:15 Egilearen gorputik gorputzera. Ohar teoriko batzuk egiletasunaren inguruan. Ibon Egaña.

18:15-18:30 Atsedena.

18:30-20:00 Testu-lantegia (I): egiletasunaren eszenaratzeak. Iratxe Retolaza.

Azaroak 24

9:00-10:00 Egiletasunaren (h)atzean: memoriaren golgota eta Golgotaren memoria. Amaia Serrano.

10:00-11:00 Emakumezko idazleen gorputza literatur sistemaren joko-zelaian. Eider Rodriguez.

11:00-11:15 Atsedena.

11:15-12:00 Testu-lantegia (II): egiletasunaren eszenaratzeak. Iratxe Retolaza.

12:00-13:30 Egiletasunaren esperientziak: mahai-ingurua.

  • Parte-hartzaileak: Garazi Arrula, Uxue Alberdi, Hedoi Etxarte eta Inazio Mujika Iraola.
  • Koordinatzailea: Ibon Egaña.

13:30-14:00 Amaiera hitzaldia: Idazlea vs Testu langilea. Gauza bera dira? Harkaitz Cano.

Metodologia

Hiru saio mota egongo dira ikastaro honetan: batetik, egiletasunaren inguruko teoriez jabetuko gara, betiere adibide jakin batzuk oinarritzat hartuz; bestetik, euskal literatur esparruko hainbat kasu zehatz aztertuko ditugu Literatura Kritika Feministaren argitan. Azkenik, idazle zenbaiten esperientzien berri izango dugu.

Nori zuzendua

Literaturazale oro, literatura-irakasleak, literatura-ikertzaileak, ikertzaile feministak, kultur eragileak.

Matrikulaziorako argibideak

Matrikulatu aukera sakatu (goian dago, izenburuaren azpian) eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.

Matrikula-orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioa eta ordainketaren inguruko argibideekin.

Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 821426, markeskoa@ueu.eus, (Mari Karmen).

Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.

Diru-laguntzen informazioa.

Oharrak

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaro moduan homologatuta. Homologazio kodea: 1868348033.