Ikastaroak :: Psikologia

Askatasunean hazi, hezi eta bizi

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 16.00 ordu
  • Matrikula-prezioak: Orokorra: 112,00 €. Ikasle, langabe eta erretiratuak: 100,80 €. Bazkideak: 84,00 €
  • Matrikula-epearen hasiera: 2018(e)ko urtarrilaren 15a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2018(e)ko martxoaren 15a

Ikastaroaren datak: apirilaren 14 eta 21 (larunbatak).

Askatasunaren printzipioa eztabaidaezina izanik, gure bizitzaren ardatz bilakatzen saiatzea da gutako askoren erronka. Guretzat bezala, biziki garrantzitsua da haurrentzat ere askatasuna ukan dezaten euren bizitza eraikitzeko eta diren bezala garatzeko, barnean duten eta diren hori osoki loratuko bada, bederen. Helduaren nortasunaren konfigurazioan haurtzaroak duen garrantziagatik, bizitzaren lehen urteak kalitatezkoak izatea behar du izan edozein prebentzio-eredu edo -programaren helburu nagusiak. Hori baita geroko gaixotasunak ekiditeko modurik seguruena eta eraginkorrena. Helduoi dagokigu, bada, guraso, hezitzaile edo gizarteko kide soil gisa, haurren bizitzaren kalitatea bermatzea, askatasuna, atxikimendua, errespetua eta zaintza kontzientea erdigunean izanen duen haziera eta heziketa-eredu integralak sustatuz. Haurrenganako gure begiradaren aldaketa ekarriko duen paradigma-aldaketa erabat beharrezkoa dugu, eta horretara dator, hain zuzen ere, ikastaroa. Haurtzaroan sano eta oso garatzeko haurrek behar dituzten ekosistema ezberdinen nolakotasuna aztertzera, eta kalitatezko bizitza batek —haurrenak bezala gureak ere— ukan beharreko printzipioen inguruan hausnarketa proposatzera.

Irakaslea

  • Ane Ablanedo Larrion

    Unibertsitateko irakaslea (UPPA, NUP). Haur-prebentzioan espezialista. Eskola alternatibo eta pedagogia librearen gaian formatzailea. Hizlari eta artikulugilea. UEUkidea.

Helburuak

  • Haurtzaroaren kalitatezko zaintza baten printzipioez jabetzea.
  • Zer da benetan, haurrek behar dutena? galdera erantzutea.
  • Haurrak askatasunean haztearen sakoneko esanahia ongi ulertzea, eta askatasuna-muga binomio hautsiezinaz ohartaraztea.
  • Etxeko eta eskolako ekosistemek nolakoak izan behar duten hausnartzea.
  • Haurrei eskaini beharrekoa lehenago gugan lortzearen ezinbestekotasunaz ohartzea.
  • Haurraren garapen-prozesuan bidelagun izateko hainbat gako barneratzea.

Edukiak

  • Haurtzaroko urteen garrantzia geroko helduaren nortasunaren konfigurazioan.
  • Haurra begiratzeko, ulertzeko eta zaintzeko eredu ezberdinak.
  • Naturaren eta gure arteko harremanak.
  • Haurrekin erlazionatzeko modua.
  • Haurrak behar dituen ekosistema/inguruak.
  • Amatasun eta aitatasun kontzientea, prebentzio-eragile paregabea.
  • Haurtzaroko etapak. Bakoitzak garapenean duen funtzioa. Nolako beharrak dituen haurrak bakoitzean.
  • Behar naturalak vs. behar kulturalak/ordezkatzaileak/sekundarioak.
  • 0/3 urteen nolakotasuna.
  • Etxean? Haur-eskolan?
  • Fase sexualak: Ahotasuna eta genitaltasuna. Bularra.
  • Atxikimendu segurua.
  • Lehen urtea: Uteroz kanpoko haurdunaldia.
  • Lorpen maduratiboaren kontzeptua.
  • 3/7 urte-tartearen nolakotasuna: Eskola. Beharrezkoa da? Nolakoa? Zertarako?
  • Eskola: paradigma-aldaketa. Eskolari kendu ikasketa eragozten duen guzia.
  • Eskolako helduen funtzioa. Gure heziketa-ereduari interbentzionismoa eta bideratze-konpultsioa kendu beharra.
  • Bidelagunak: haurren lagun on horiek.

Metodologia

Ikastaroan zehar tartekatu egingo dira azalpen teorikoak, taldeko hausnarketak, norberaren bizipen-esperientziei eragiteko teknikak edo testuen irakurketa. Gaiak ezberdin landuko dira, horietako bakoitzak eskatzen duen modurik aproposenean.

Nori zuzendua

Haurtzaroa zaintzea gai soziala eta politikoa izanik, gaiari buruz hausnarketa egin nahi duen orori eskainia dago. Haurrez inguratuta bizi direnei—gurasoak, hezitzaileak, maisu-maistrak, hiritarrak—. Prebentzio-programak diseinatzeko ardura duten eragileei. Politikoei.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikulatu aukera sakatu eta han agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, mezu bat jasoko duzu zure posta elektronikoan, matrikularen eta ordainketaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat izan da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, markeskoa@ueu.eus, (Mari Karmen).
  • Talde mugatua: Gehienez, 20 pertsona.
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.
  • Diru-laguntzen informazioa.

Oharrak

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaro moduan homologatuta. Homologazio kodea: 1868348007.

Babesleak

Etiketak

askatasuna, errespetuzko haziera eta heziketa, haurtzaroa, atxikimendua, amatasuna, aitatasuna, komunitatea, maitasuna, ikastaroak, UEU, Eibar

Copyright @ 2018 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.