banner graduondokoak

Ikastaroak :: Lurraldea-antolaketa, Arkitektura

Euskal paisaiak 2050: Eibarko erronkak aztertuz lurralde zabalerako aukerak sortzeko.

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 10.00 ordu
  • Matrikula-prezioak: Orokorra: 70,00 €. Ikasle, langabe eta erretiratuak: 63,00 €. Bazkideak: 52,50 €
  • Matrikula-epearen hasiera: 2017(e)ko irailaren 4a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2017(e)ko irailaren 29a

Ikastaroaren datak: azaroaren 11 eta 18.

Euskal paisaiak hainbat erronka dauzka mahai gainean. Faktore sozioekonomiko nahiz fisikoek eragin zuzena dute etorkizun hurbilerako aurreikusten den egoeran.

Alde batetik, populazioaren zahartze-prozesu geldiezinari eta produkzio-modu berriei dagozkien beharrizanak daude. Bestalde, morfologikoki oso mugaturik dagoen orografia bati aurre egin behar zaio.

Eibar herria historikoki gai izan da dentsitate altua eta askotariko erabilerak nahastearen bitartez paisaia honetara ederki egokitu den ingurumena eraikitzeko. Halere, bere baitan zituen industria gehienak erabilera barik geratu dira. Erabil genezake kasu hau lagin moduan, euskal paisaia itxuratuko duen talde-esperientzia bat eraikitzeko? Baiezkoan gaude, eta eginez ikastean oinarrituriko tailer bat abian jarriko dugu horretarako.

Irakasleak

  • Gaizka Altuna Charterina

    Arkitektoa. Donostiako Goi Eskola Teknikoan lizentziatua. Arkitektura-proiektu aurreratuetan Masterra (ETSAM). Madrilgo Goi Mailako Arkitektura Eskola Teknikoko (ETSAM) Proiektu Sailean doktoretza ikaslea.

  • Ibone Arreche Eriz

    Arkitektoa. Donostiako Goi Eskola Teknikoan lizentziatua. Hirikiten taldeko kidea.

  • Itxaso Ceberio Bergés

    Arkitektoa. Nafarroako Unibertsitateko Goi Mailako Arkitektura Eskola Teknikoan lizentziatua, Berlage Institutuan (Herbehereak) Arkitektura eta Hirigintzan diplomatua, Madrilgo Goi Mailako Arkitektura Eskola Teknikoan (ETSAM). Hirigintza Masterra egindakoa.

  • Ezekiel Collantes Gabella

    Arkitektoa. Donostiako Arkitektura Goi Eskolako Teknikoko irakaslea (UPV/EHU). Hirikiten taldeko kidea.

  • Itsaso Goñi Martinez

    Arkitektoa. Madrilgo Goi Mailako Arkitektura Eskola Teknikoan (ETSAM ) Hirigintza Masterra egindakoa. Hirikiten taldeko kidea.

  • Arantzazu Luzarraga Iturrioz

    Arkitektoa. Paisaia eta Ingurumenan diplomatua (ETSAUN). Arkitektura-proiektu aurreratuetan Masterra (ETSAM). Madrilgo Goi Mailako Arkitektura Eskola Teknikoko (ETSAM) Proiektu Sailean doktoretza-ikaslea.

Helburuak

  • Euskal biztanleriaren zahartze eta gainbeherak dakarren erronkari buruz hausnartzea.
  • Teknologiari loturiko produkzio-modu berriek behar dituzten espazio fisikoak nolakoak diren atzematea.
  • Arlo bi horiek uztartu eta Eibarreko paisaia desindustrializatua lanerako kasutzat hartuz, euskal lurralde eta paisaiara estrapola daitekeen esperientzia eraikitzea.

Edukiak

  • Hirigintzan erabiltzen den Ahultasunak-Mehatxuak-Sendotasunak-Aukerak (AMSA) taula lanerako tresna gisa harturik, tailer-formatuko ikastaro praktikoa eskainiko da.
  • Eibarko orografia zaila eta erabilera anitzetan eskarmentua barne-jatorria duten ezaugarriak dira, hiriaren bereizgarriak. Aldiz, egungo gizarteak dakartzan mehatxuak eta aukerak, populazioaren gainbehera eta lan-egiteko era berriak kasu, kanpo-jatorrizkoak.
  • Ahultasun, mehatxu, sendotasun eta aukeren arteko erlazioak arakatuko ditugu etorkizuneko euskal paisaiaren irudiak pentsatzeko asmoz.

Metodologia

Lehenengo egunean (azaroak 11), sarrerako lau mikro-hitzaldi, hitzaldi instrumental bat eta ondoren “deriba” gidatua Hirikiten kolektiboaren eskutik.

Bigarren egunean (azaroak 18), hasteko lehenengo eguneko hausnarketak batuko dituen talde-dinamika eta tailerra, segidan taldean landutako proiektuaren aurkezpena eta bukatzeko hausnarketa kolektiboa mahai-inguru formatuan.

Nori zuzendua

Aztertuko den gaia interes orokorrekoa izanik, ikastaroa publiko zabalari bideratuta dago. Tailer-formatua Arkitekturako ikasleentzat ezagunagoa izan arren, euskal lurralde eta paisaiaren etorkizunean interesa duen edonorentzat zabalik dago ikastaroa.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikulatu aukera sakatu (izenburuaren azpian dago) eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon dela adierazten du. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, markeskoa@ueu.eus (Mari Karmen).
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.
  • Diru-laguntzen informazioa.

Babesleak

Etiketak

ikastaroak, Eibar, populazio-zahartzea, produkzio modu berriak, sozioekonomia, hausnarketa, etorkizuna, UEU

Copyright @ 2017 UEU -- Bisitariak: 658361

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.