banner -- Bullyingaren mugak gainditzen jardunaldia

Ikastaroak :: Komunikazioa, Internet

Adingabeak eta Internet: arriskuak eta nortasun digitala

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 12.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2017(e)ko urtarrilaren 31a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2017(e)ko apirilaren 25a

Ikastaroa asteazkenetan izango da (apirilaren 26an, maiatzaren 3an, 10ean eta 17an, 17:00etatik 20:00etara.

Ukaezina da azken urteetan Informazio eta Komunikazio Teknologiek (IKT) jasan duten bilakaera eta horrek eragin duen aldaketa soziologikoa.

Une oro on-line egotearen beharra ez da garaiko moda bat. Internet ezinbesteko tresna bilakatu da, gure bizitzako ia alderdi guztietako parte izanik: kultura, komunikazioa, ekonomia, lan-esparrua eta banakako zein taldeko ohiturak. Ondorioz, gaur egungo gizartea hiperkonektatuta bizi da eta, heldu zein gazte izan, sarera erabat lotuta gaude.

Ostera, IKTen garapenaren abiadura azkarra bada, horien erabilera desegokiaren ondorio gisa jasan ditzakegun esperientzia negatiboen abiadura are azkarragoa da. Sareak baditu arriskuak, Interneten ibiltzeak gatazkak sor ditzaketen egoera arriskutsuak bizitzea eragin baitezake.

Adingabeen kasuan, Interneteko aroan jaio dira eta eurentzat Internet erabiltzea intuitiboa eta erraza izan ohi da. Edonola ere, sarean sortzen diren egoera arriskutsuen aurrean erantzuteko heldutasun eta irizpide falta dute.

Horregatik, familiek adingabeen errealitate digitala ezagutzea funtsezkoa da, familia Interneteko arriskuen prebentziorako gako baita. Beraz, ikastaroan adingabeek zein teknologia eta nola erabiltzen duten landuko da, horrek euren egunerokotasunean eta nortasun digitalean duen eragina aztertuz. Era berean, guztien artean funtsezkoa den taldeko hausnarketa kritikoa indartuko da.

Irakaslea

  • Rakel Gamito Gomez

    Informatikaria, Hezkuntzan graduatua, Psikodidaktikan aditua eta ibilbide profesional luzea. Gaur egun gaitasun digitalaren arloa lantzen duen doktoratu aurreko ikertzailea UPV/EHUn. UEUkidea.

Helburuak

  • Adingabeen errealitate digitala ezagutzea.
  • Interneteko arriskuen ondorioak aztertzea.
  • Nortasun digitala zaintzearen garrantziaz jabe izatea.
  • Interneteko arriskuen prebentzioan familiak betetzen duen paperaren inguruan hausnartzea eta hori bideratzeko zenbait gako eskaintzea.

Edukiak

  • Sarrera: garapena eta teknologia gure egunerokotasunean.
  • Adingabeen errealitate digitala: zer, noiz, nola eta zertarako.
  • Interneteko arriskuak: pribatutasuna, grooming-a, sexting-a, ziberbullying-a, eduki ezegokiak eta menpekotasuna.
  • Nortasun digitala: zer da, nola osatzen da eta eragina.
  • Familia: Interneteko arriskuen prebentzioaren gakoa.
    • Interneteko erabilera egokia bideratzeko baliabideak.

Metodologia

Ikastaroa hasi aurretik, herriko eskoletako adingabeek (10-15 urte) euren Interneteko erabilera-ohituren eta esperientzien inguruko galdetegi laburra bete beharko dute (12 galdera, 5-10 minututan betetzeko). Galdetegia online egingo da eta modu anonimoan beteko dute. Horri esker, ikastaroan herriko adingabeen errealitate digitala aztertzeko aukera egongo da eta, horrela, ikastaroan Interneteko arriskuen inguruan emango den informazioa esanguratsuagoa izango da.

Formakuntza parte-hartzailea eta praktikan oinarritutakoa izango da. Irakasleak azalpenak zein adibide errealak emango ditu eta horri lotutako zenbait praktika proposatuko ditu, ikasleen parte-hartzea eta hausnarketa kritikoa bultzatuz.

Nori zuzendua

Adingabeen (10-15 urte) familiei.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikulatu aukera sakatu eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon dela adierazten du. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, markeskoa@ueu.eus (Mari Karmen).
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.
  • Diru-laguntzen informazioa.

Oharrak

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaro moduan homologatuta. Homologazio kodea: 1768348006.

Babesleak

Etiketak

IKT, Internet, arriskuak, nortasun digitala, adingabeak, UEU, ikastaroak, Eibar, Markeskoa

Copyright @ 2017 UEU -- Bisitariak: 677886

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.