Gradu eta graduondokoak :: Ekonomia, Hiri-antolaketa, Lurraldea-antolaketa, Soziolinguistika, Zuzenbidea eta Jurisprudentzia, Arkitektura

Lurraldea eta Hizkuntza. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (UPV/EHUren Titulua)

  • Izaera: Erdi presentziala
  • Balio akademikoa: 300
  • Matrikula-epearen hasiera: 2016(e)ko maiatzaren 20a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2016(e)ko urriaren 20a

2016ko urtarrilean aurkeztutako plana, UPV/EHUren Berezko Tituluen eskaintzan onartua (2016-06-02)

“Lurraldea eta Hizkuntza: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa” graduondokoa Euskal Herriko gizartean dagoen kezka berri bati erantzutera dator, Euskal Herriko urbanizazio-prozesuen eragina hizkuntza-dinamiken aldaketan (bereziki euskararenean) aztertu nahi baitu. Gai horrekiko gizarte-kezka nabarmenaren erakusle aipatu daitezke 2014an eta 2015ean UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaría zentroan antolatutako bi kongresu arrakastatsuak, bai eta urte bertsuetan Asmoz Fundazioarekin batera antolatutako bi MOOC-ikastaro jendetsuak ere. Graduondokoak, zentzu horretan, esandako kongresu eta online-ikastaroei segida logiko eta espezializatuagoa emango die.

 

Interes profesionalari dagokionez, graduondokoak arestian aipatutako kezkatik eratorritako behar bati erantzungo dio, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioak (ELE) egiteko adituak prestatuz. Ebaluazio horiek ohikoak dira beste herrialde batzuetan (esaterako, Galesen), eta, Euskal Herrian dagoeneko eskatzen hasiak dira (adibidez, Ondarroako Hiria Antolatzeko Plan Orokorrarekin batera hirigintza-plangintzaren ELE bat egitea eskatu da). Hortaz, espero da etorkizun gertu batean euskal gizarteak ELEak egiteko adituak behar izatea, eta, proposatutako graduondokoak hutsune hori bete nahi du, besteak beste.

Ezaugarri orokorrak:

  • Eskolak UEUko Eibarko egoitza akademikoan eta UEUren Ikasgela Birtualean izango dira.
  • Aurrez aurreko eskola-egunak ostirala (arratsaldez) eta larunbatak (goizez eta arratsaldez) izango dira.
  • Ikasleek, mintegietara agertzeaz gain, ikerketa lan bat ere egin beharko dute beraien interesen araberako gaia jorratuz.

 

Helburuak

Proposatutako graduondokoak jakintza berritzaile bat sortzea du helburu, orain arte gehiegi kontuan hartu ez den harreman batean sakonduz: lurralde-antolakuntzaren eta hirigintzaren eragin soziolinguistikoan, jakintza-alor zabal horiekin zerikusia duten beste zenbait esparru ere ahaztu gabe (sozioekonomia, geolinguistika, ekolinguistika, zuzenbidea, antropologia, demolinguistika…).

Hortaz, proposamenak Euskal Herriko gizartearen garapen kulturala aztertzea eta eraldatzea du xede, haren ondare immaterial intelektual nagusi den euskara zentrotzat joz, beti ere kalitatezko goi mailako irakaskuntzaren parametroetatik abiatuta.

Proposamenak nazioarteko trukea ere sustatuko du, hizkuntza minorizatuen galerarekiko kezka azaldu duten zenbait azterketa-kasuren bidez (Gales, Flandria, Aland uharteak, Korsika…). Halaber, proposatutako graduondokoak erakunde publiko eta pribatuekiko harremana lantzen du, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA),Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua eta Ekogunea (Kutxa) graduondokoaren suspertzaile diren heinean, UPV/EHU antolatzailea izanda. Gainera, laguntzaile moduan, beste zenbait erakunde arituko dira graduondokoan parte hartzen: Soziolinguistika Klusterra, Gaindegia, Jakin…

Edukiak

  1. Sarrera: Lurraldea eta Hizkuntza (3 ECTS)
  2. Diziplinarteko teoriak: Soziolinguistika (3 ECTS)
  3. Diziplinarteko teoriak: Sozioekonomia (3 ECTS)
  4. Diziplinarteko teoriak: Lurralde antolamendua eta hirigintza (3 ECTS)
  5. Diziplinarteko teoriak: Zuzenbidea (3 ECTS)
  6. Diziplinarteko teoriak: Hizkuntza ekologia (3 ECTS)
  7. Lurraldetasun praktikak: Tresnak (3 ECTS)
  8. Lurraldetasun praktikak: ELE Tailerra (3 ECTS)

 

Metodologia

Gai  interdisziplinarioa izanik, ikuspuntu anitzekoa,zortzi arlo landuko dira, bakoitzaren kreditu erdiak Ikasgela Birtualean, eta beste erdia aurrez aurreko eskolatan. Horrez gain,ikasleek ikerkuntza lan baten bitartez maila praktikoa garatu behar izango dute, ikasitakoa barneratuz eta landuz.

Nori zuzendua

Abiapuntuan hartu dugun hipotesia hauxe dugu: izan bada Euskal Herrian halako prestakuntzan aritzeko interesa duten pertsonak, jada profesionalak direnak, batetik, eta unibertsitateko ikasketak amaitu berrian jarduera-esparru honetan sakondu nahi dutenak, bestetik.

Matrikulaziorako argibideak

Izen-ematea eta matrikulazioa UPV/EHUko Berezko Tituluen sarbidetik egin beharko da, hemendik. UPV/EHUko prozedura izanikk, bertoko ikaslea ez bazara izan, mesedez, jar zaitez gurekin harremanetan.

Izena emateko epea irailaren 22ra arte zabalik egongo da. Gutxieneko ikasle kopurua gaindituta, matrikulazio epea zabalduko da urriaren 3tik 10era, hau ere UPV/EHUren bitartez.

Halaber, edozein zalantza argitzeko, edo prozeduran laguntzarik behar izanez gero, a.latatu@ueu.eus helbidera idatz dezakezu.

Oharrak

Edozein zalantza argitzeko idatzi a.latatu@ueu.eus helbidera.

Etiketak

euskara, arnasguneak, hirigintza

Copyright @ 2017 UEU -- Bisitariak: 649086

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.