Gradu eta graduondokoak :: Hizkuntzalaritza, Itzulpengintza, Erizaintza, Fisioterapia, Medikuntza, Osasuna, Psikiatria
"Hizkuntzen Kudeaketa Osasun Arretan: Euskara Komunikazio Klinikoan" UPV/EHUko Aditu Titulua da eta UEUren laguntzarekin eskaintzen da.
Graduondoko honek osasun-jarduera eta hizkuntza, euskara alegia, uztartzea du xede, ikuspegi profesional zein akademikotik, arretaren normalizazioa helburu. Horrenbestez, arretaren normalizazioa hauxe litzateke: indarrean eta eskura dagoen ebidentzia zientifikoan oinarrituriko eta, aldi berean, pertsonan zentraturiko osasun arreta eredu integratua. Aurrekoari jarraituz beraz, pazientearen hizkuntzan eskaintzen den arreta integratua litzateke; edonon, edonoiz, maila guztietan, ahoz zein idatzizko komunikazioetan, kalitatezkoa, errespetuzkoa eta ulergarria izan dadin, betiere pazientearen izaerarekin bateragarria, aldi berean segurtasun klinikoa eta kulturala bermatzeko. Arretaren normalizazioak hizkuntza eta arreta banaezinak izatea dakar, eta beraz, berezkoa du osasun arreta euskaraz eskaintzea. Ulergarria da, horregatik, arretaren normalizazioa hizkuntzaren normalizazio-prozesuan ere lagungarria izatea.
Hau guztia gogoan, hizkuntza eta osasun-arretaren gaia jorratzeko, lehenik eta behin osasun-jarduera bere testuinguruan kokatu behar da, horretarako gaur egun ardatz dituen paradigmak ondo aztertuz.
Osasun-arreta euskaraz bermatzeak aldaketa sakona eskatzen du nahitaez; taxuzko ezarpen-prozesu sendo eta eraginkorra. Arretaren normalizazioa eta xede horrekin osasun-sisteman euskararen erabilera normalizatzea, ez da nolanahiko erronka.
Graduondokoaren zuzendaritzako kideek graduondokoaren aurkezpena egin zuten, hemen.
Zuzendaritza eta antolaketa
Talde antolatzailea:
Ezaugarri nagusiak:
Oinarrizko informazioa
Graduondoko honen helburua, hauxe litzateke: osasun arloko profesionalak, ebidentzian oinarrituriko gaitasunak erdietsiz, osasun-arretan hizkuntzek duten garrantziaz jabetzea euren ibilbidean jarduera egokiak bermatzeko.
Arretaren normalizazioan aurrera egiteko gaiaren inguruan sustrai sendoak ezartzeko ezagutza zabaldu eta partekatu nahi da.
1. modulua: OINARRIAK (3 ECTS)
2. modulua: HIZKUNTZA ETA ARRETAREN KALITATEA (3 ECTS)
3. modulua: AURRERA BEGIRAKO ESTRATEGIAK (4 ECTS)
PROIEKTUA (5 ECTS)
Graduondokoa ONLINE izango da UEUren Ikasgela Birtualaren bitartez.
Modulu bakoitzean saio presentzial bat egongo da edukien jarraipen egokia ziurtatu eta edukiei lotutako esperientzia praktikoak ezagutzeko. Egoeraren arabera, saio presentzial hori ONLINE izango da, formato sinkronoan, edo egoerak bermatuta, aurrez aurrekoa.
Graduondokoan jorratutako edukiak lantzeko ikasleek AMAIERAKO PROIEKTUA bat garatu beharko dute. Proiektuaren gaia ikasleak zehaztuko du eta horri lotutako tutorea esleituko zaio.
UPV/EHUren titulua izanik izen-ematea eta matrikulazioa UPV/EHUko Berezko Tituluen sarbidetik egin beharko da, hemendik.
Izena emateko epea irailaren 17ra arte zabalik egongo da.
Gutxieneko ikasle kopurua gaindituta, matrikulazio epea zabalduko da irailaren bigarren hamabostaldian, hau ere UPV/EHUren bitartez.
Edozein zalantza argitzeko, edo prozeduran laguntzarik behar izanez gero, a.latatu@ueu.eus helbidera idatz dezakezu.
UPV/EHUren Berezko Titulua da eta beraz, UPV/EHUko eskaintzan sartzen da, unibertsitateari dagozkio tramite administratiboak (matrikulazioa eta graduondokoaren betekizunak).
UEUtik prozesu osoan laguntzen dugu eta zalantzarik baduzu, mesedez jar zaitez gurekin harremanetan eta infomazio guztia helaraziko dizugu.
(Ainhoa Latatu, a.latatu@ueu.eus, 943821426)