BILAKETA
SALDUENAK
BILATUENAK
Liburu honetan euskararen biziberritzearen ibilbidea aztertu dute hainbat ikertzaile eta eragilek, orain arteko ibilbidearen hausnarketa kritikoa eginez eta hainbat esparrutan biziberritze-prozesuan aurrera egiteko marko, diskurtso eta praktika berriak proposatuz.
Euskararen biziberritzean egindako aurrerapenak agerikoak diren bezala, euskalgintzako askotariko eragileek gero eta argiago diote hiruzpalau hamarkada iraun duen fasea agortuta dagoela. Halaber, Euskal Herriko eleaniztasun berriaren testuinguruan, euskararen eta euskal hiztunen errealitate material, sinboliko, politiko, teknologiko eta ekonomikoak etengabe eraldatzen jarraitzen du eta eszenatoki edo paisaia berri horrek interpelatu egiten gaitu: norantz eta nondik egin behar dira euskararen biziberritzearen aldeko ahalegin berriak? Zein dira diskurtso berritzaileak? Zein praktika izango dira beharrezkoak hemendik aurrera? Galdera hauen erantzuna lauzpabost esparrutara mugatu dugu: familia eta aisialdia, eskola, lan-mundua eta hedabideak.
Liburua Udako Euskal Unibertsitatearen eta Deustuko Unibertsitatearen arteko elkarlanaren fruitua da eta Eibarren eta Gasteizen 2016 eta 2017an gaiaren inguruan antolatutako ikastaroei jarraipena ematera dator. Ikastaroetako hitzaldi ia guztiez gain, ikastaroetako dinamiketan agertutako hainbat hausnarketa ere sartu dugu liburuan.
Jone Goirigolzarri, Xabier Landabidea eta Ibon Manterolari egindako elkarrizketa irakurri
Copyright @ 2021 UEU -- Bisitariak: 683568