Tesiker: euskarazko doktorego-tesiak bilatu eta irakurtzeko bilatzailea martxan da

Euskaraz aurkeztutako doktore-tesiak digitalean argitaratu eta kontsulta publikoa ahalbidetzen duen egitasmoa dugu Tesiker. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babesarekin, UEUk 2007an martxan ipini zuen Tesiker proiektua. Orain, 2011ko irailez geroztik, euskarazko tesiak www.euskara.euskadi.net/tesiak webgunean kontsulta daitezke (Inguma datu-basetik zuzeneko lotura ere egin zaie).

Tesikerren abiapuntua Inguma datu-basea izan zen, Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-basea, hain zuzen. UEUk Inguma 2000an abian jarri zuen. Bertan, euskaraz ekoitzitako unibertsitate mailako produkzioa katalogatuta azaltzen da. Izan ere, Inguma sortu arte, euskaraz aurkeztutako doktore-tesiak sistematikoki bildu gabe zeuden.

Tesikerrek, gainera, euskarazko doktorego-tesiak kontsultagai ipini ditu. Horrela, zenbait jakintza-arloren euskararen garapen terminologikoa bultzatuko du. Azken batean, Tesikerrek komunitate zientifiko euskalduna trinkotzea eta sustatzea ditu helburu.

Euskaraz defendatutako lehen tesia 1976koa da. Ordutik hona, euskarazko ekoizpenak 394 tesi sortu ditu. Tesikerren aurki daitezkeen 234 tesiak 1982tik aurrerakoak dira. Dena den, apurka-apurka tesi guztiak sarean argitaratuko dituzte. Era berean, aurten defendatutako 32 euskarazko tesiak oraindik edizio-fasean daude, sarean argitaratu aurretik.

Tesikerren aurki daitezkeen tesiak askotariko jakintza-arloak jorratzen dituzten ikerketen emaitzak dira:besteak beste, antropologia, arkitektura, artea, astronomia, bertsolaritza, biologia, ekonomia, historia, hizkuntzalaritza, informatika, ingeniaritza, kazetaritza, matematika, natur zientziak, osasuna, politika, psikologia, soziologia, zuzenbidea...

2011/12/09

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.