Luixa Reizabal: "Euskal Herriko Unibertsitatea da niretzat UEU, hau da, Euskal Herri osoa hartzen duen Unibertsitate Euskalduna"

Luixa Reizabal Arruabarrenak (Donostia, 1964) 1994. urtearen bueltan ezagutu zuen UEU. Izan ere, urte horretan eman zuen Iruñean bere lehen ikastaroa. Hurrengo urtean, berriz, UZTARO aldizkarian argitaratu zuen lehen artikulua eta 1997an, lehen liburu-kapitulua. Une horretatik aurrera, estua izan da UEUrekin izan duen harremana eta egun, Eneko Mendiluze Plazarekin batera, Psikologia Saileko Sailburua da. UEUko kide izateaz gainera, EHUko irakaslea da 1995etik. Hain zuzen ere, garapenaren eta hezkuntzaren psikologiarekin zerikusia duten gaien irakaskuntzan zein ikerketan dabil lanean, bereziki hezkidetzan.

Nola ezagutu zenuen UEU?1994. urtearen bueltan ezagutu nuen UEU, nire Doktorego-tesiaren zuzendari izan zen Jose Valencia Garate irakasle eta lankide ohiari esker. Izan ere, hark Iruñeko Udako Ikastaroetan ikastaro bat ematera animatu ninduen eta hori izan zen UEUrekin izan nuen lehen hartu-emana. Une horretatik aurrera, estua izan da UEUrekin izan dudan harremana eta espero dut etorkizunean ere horrelakoa izatea.

Zer dela eta animatu zinen Psikologiako sailburu izaten?2019ko iraila aldera, orduan Maritxu Jimenez Carnicerorekin batera Psikologia Sailburu zen Fernando Olabarrieta Artetxe irakasle eta lankide ohiak egin zidan ardura hartzeko proposamena. Hasieran beldur pixkat eman zidan proposamena onartzea, ardura handia baita UEU bezalako unibertsitate-erakunde baten sail bateko buru izatea, baina ardura hori Eneko Mendiluze Plazarekin partekatuko nuela esan zidanean, ez nuen zalantzarik izan. Gainera, UEUri urtetan eman didan guztia eskertzeko modua izan zitekeela pentsatu nuen, beraz, ardura hartzera animatu nintzen.

Nola bizitzen ari zara sailburutza?Oso gustura. Izan ere, oso ondo moldatzen gara Eneko eta biok eta, gainera, gogotsu ari gara elkarrekin lanean. Psikologo Euskaldunen Sarea osatzea da gure lehen erronka eta horretan ari gara, koronabirusaren gainetik. Bide batez, aprobetxatuko dut esateko Sareko kide egin nahi duenak erreza duela. Nahikoa du UEUk sustatzen duen Artizarra izeneko euskaldunen sare sozial tekniko-zientifiko-profesionalean erregistratu eta bertako Psikologia Taldean sartzearekin. Animo, bada, merezi du eta!!!

Zer da zuretzat UEU?Euskal Herriko Unibertsitatea da niretzat UEU, hau da, Euskal Herri osoa hartzen duen Unibertsitate Euskalduna.

Zein da zure ustez UEUk egiten duen ekarpen handiena?Egiten duen ekarpen andana kontuan izanda (ikastaroak, formakuntzak, argitalpenak, graduak, graduondokoak eta abar luze bat), zaila egiten zait ekarpen bakarra aukeratzea, baina bat aukeratzekotan, euskal jendartearen beharrei erantzutea helburu izango duen maila goreneko hezkuntza-erakundea lortzeko egiten duen lana izango litzateke.

Nola irudikatzen duzu UEU etorkizunean?Euskal Herri independente batean, Euskal Herriko Unibertsitate Publiko gisa irudikatzen dut.

2020/03/31

Copyright @ 2020 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.