Koldo Garcia: "UEUk aurretik dituen erronkak ez dira makalak eta horiei aurre egin beharko diegu"

Koldo Garcia Etxebarria (Basauri, 1982) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea, biologia konputazionala darabil ikerkuntza burutzeko. Ikertzaileaz gain dibulgatzailea ere bada. 2012. urtetik da UEUko bazkidea. Batzar Nagusiak Talde Eragileko kide moduan onartu du.

Zerk ekarri zaitu UEUko Talde Eragilera?
UEUra bazkidetu nintzenetik hamaika kontutan parte hartu dut: ikastaroetara joan, hitzaldiak eman, elkarrizketak egin, udako ikastaroren bat antolatu, etab. luze bat. Hori posible da etxeko lanak egiten duen eta etxea primeran gobernatzen duen jendea dagoelako. UEUk eman didan guzti hori eskertzeko modua iruditu zitzaidan talde eragilera batzea, etxeko lan horietan ere laguntzeko.
.
Zer espero duzu?
Bada, lan handia, asko ikastea eta esperientzia aberasgarria izatea. UEUk aurretik dituen erronkak ez dira makalak eta horiei aurre egin beharko diegu. Eta giro ona. Talde eragilekoak ezagutzen ditut eta badakit giro ona izango dugula.
.
Zein izan daiteke zure ekarpena?
Beno, bizitzan ez dut inoiz aukerarik errazena hartu eta kontrakorrontean ibili naiz beti. Horrek baliabide batzuk garatzera eraman dit eta nire izaeran eragina izan du: lan asko egitea medio gutxirekin, zintzotasunez aritzea eta umorea, beltza askotan, erabiltzea. Iruditzen zait horiek ondo uztartzen direla UEUk dituen erronka eta baldintzekin.
2019/02/25

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.