Kepa Sarasola da UEUko Zuzendari berria

Kepa Sarasola Gabiola (Begoña, 1958) da larunbataz geroztik UEUko zuzendari berria. Zientzia Fisikoetan lizentziatua, doktore informatikan, UPV/EHUko informatika irakaslea eta euskararen prozesamendu automatikoa lantzen duen Ixa Taldearen sortzaileetako bat da. 1980. urtetik UEUn lanean dabil, eginkizun desberdinetan. Ilusioz hartzen du kargu berria.

UEUren helburuak eta ekarpena ezagutzera emateko dokumentala egin dute, hainbat kideren ahotik.

Iñaki Alegriari erreleboa hartuko diozu. Biak informatikariak, lagunak eta UEUn ibilbide paretsuarekin. Zuzendari kontinuista bat lehenetsi duzue?

Bai, kontinuista izan behar da lorpenak egiten direnean eta ekipo osoa sendo dabilenean talde eragilea, sailburuak, sailak eta lan-taldea. Oso indartsu dabil UEU ohiko jardueratan. Eta euskarazko on-line unibertsitate bat sortzeko aukera historiko bat dugu, aurreko zuzendaritzak ondo planifikatu du, babesak sendoak lortu ditu.

Aurretik ere ardurak hartutakoa zara UEUn, baina nola hartu duzu kargu hau?

UEU nire bizitzaren motor indartsuenetako bat da. Erabat sinesten dut UEUren proiektuan. Giza-talde honekin lan egitea atsegina da, etengabe sentitzen duzu sortzaile eta eraikitzaile zarela. Bada, baldintza horiekin… hau une egokia izan daiteke UEU den motor honetan koordinazio mailan apur gehiago emateko. Belaunaldien arteko zubi-lana egin nahi dut. Belaunaldi gazteagoari alfonbra jarri, horrela hemendik 3 urtera baten batek lekukoa har dezan.

UEU zergatik da beharrezkoa?

Unibertsitateak gizartea animatu behar duelako. Ez dela posiblea euskaraz dabilen unibertsitate bat sortzea? Ez dela posible kale mailako gaiak aztertzea unibertsitatean? Gai elitistak bakarrik ikertu daiteke unibertsitatean? Galdera horientzako hitzezko erantzunak eta aurrerapen esanguratsuak lortzeko behar dugu UEU.

Zuretzat zer da UEU?

Euskaraz dabilen unibertsitate ez-elitista bat sortzeko motorra eta legamia. Maila dialektikoan planteatzen du helburua, baina ez horretan bakarrik, maila praktikoan ere etengabe dabil produzitzen (liburuak, ikastaroak, graduondokoak, titulazioak, aditu euskaldunak…). Egindako produkzioarengatik eta lantzen ditugun gaiengatik argi dago benetako unibertsitate bizigarria garela. Euskaraz dabilen unibertsitate honetan Graduko titulu ofizial berriak ematea lortu behar dugu.

Euskal Unibertsitatea lortzeko hainbat abagune egon dira eta zuk parte hartu izan duzu bertan. Zergatik ez da lortzen?

Zaila da. Instituzioetan ausardia falta izan da azken momentuan apustua egiteko. Euskara batua definitzea ere oso zaila zen, baina belaunaldi azkar eta magiko batek aurrera atera zuen orain dela 50 urte. Euskaraz dabilen unibertsitate bat lortzeko gauza izango al gara orain?

On-line unibertsitatearen proiektua nola ikusten duzu?

Ez da Euskal Unibertsitatea baina hurrengo urrats garrantzitsu bat izan daiteke. Oso aukera ona da hutsune bat betetzeko. 18 urteko dituen ohiko ikasleentzako eskaintza badago euskaraz, baina ikasgeletara joan barik etxetik ikasi nahi duenarentzat ez. Proiektu berritzaile garrantzitsu bat definitu dugu, eta aurrera atera dezakegu zentzuzko kostu mugatuarekin.

Zeintzuk izango dira zure erronkak?

Irakasleak formatzeko masterra 2019/20 ikasturtean martxan jartzea eta on-line graduak lantzen jarraitzea (oraingo bi graduondo tituluak 2020an 4 izatea). Horretaz gain, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian azpiegiturak sendotzea eta sarea aktibatzea.

2018/04/25

Copyright @ 2018 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.