Josu Lopez Gazpio: "Jakintza eta interes desberdinak dituzten pertsonen sarearen erdigunea da niretzat UEU"

Donostiako Kimika Fakultateko ikasle zela ezagutu zuen UEU eta harrezkero UEUren hainbat ekimenetan gogotsu parte hartu du. UEUko unibertsitate-mailako ikasmaterialak sustatzeko laguntzei esker “Kimika orokorreko eskuliburua” argitaratu zuen. Zientziaren dibulgazioari buruzko hainbat ikastaro antolatu izan ditu Udako Ikastaroetan. 2017ko martxotik UEUKo Kimika Sailaren ardura du.

  • Nola ezagutu zenuen UEU?
Kimikako lizentziatura ikasten ari nintzen bitartean izan nuen lehen aldiz UEUren berri, arlo horretan euskaraz idatzitako liburuengatik. Gertutik, ordea, urte batzuk beranduago ezagutzen hasi nintzen. Txiotesian parte hartu nuen, ikasmaterialak argitaratzeko diru-poltsa jaso nuen eta horrela, pixkanaka, UEU eta UEUren inguruko jendea ezagutu nuen.

.

  • Zer dela eta animatu zinen Kimikako sailburu izaten?
UEU ezagutzen joan ahala, prozesu jarraia izan zen bazkide egitea eta gehiago parte hartu nahi izatea. Sailburutza Urteko Batzar baten ostean iritsi zen, Iñaki Alegria UEUko zuzendariari jakinarazi nionean neurri handiago batean inplikatu nahi nuela UEUn.

.

  • Nola bizitzen ari zara sailburutza?
Sailburutzak aukera ematen dit UEU gertuagotik bizitzeko eta lanerako daukadan gogoa ekintzetan bihurtzeko. Momentuz Kimika Sailean profil apalarekin gabiltza, baina, noizean behin ideiak agertzen dira eta geroz eta proiektu gehiagotan parte hartu nahiko nuke.

.

  • Zer da zuretzat UEU?
UEU hainbat arlo desberdinetan adituak diren euskalzaleen topagunea, elkartea da. Leku eta ideia desberdinetatik gatoz, baina, nolabait helburu komuna dugu: Euskal Unibertsitatea sortzea. Helburu handi horri lotuta, ordea, bese hainbat helburu daude: ikasmaterialgintza sustatzea, euskararen erabilera bultzatzea, euskarazko formakuntza eskaintzea, eta abar. Bide horretan egiten dugun lan, modu batera edo bestera.

.

  • Zein da zure ustez UEUk egiten duen ekarpen handiena?
Zalantzarik gabe ekarpenik handiena alor desberdinetako zaleak eta adituak elkarrekin harremanetan jartzea da. UEUn jende asko dago, ezagutza oso desberdinekin, eta zentzu horretan UEUk lankidetzarako tresnak eskaintzen ditu. Jakintza eta interes desberdinak dituzten pertsonen sarearen  erdigunea da niretzat UEU, eta hortik egitasmo politak ateratzen dira.

.

  • Nola irudikatzen duzu UEU etorkizunean?
UEUren ondarerik baliotsuena UEUkideak dira, hortaz, jende gehiago UEUra hurbiltzea nahiko nuke. Bestalde UEU barruan daudenak ere aktibatu nahiko nituzke. Guztiok daukagu asko eskaintzeko eta UEU laguntzeko prest dago beti.
2020/04/30

Copyright @ 2020 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.