Isusko Vivas: "UEUk hezkuntzan dituen erronkak oso nabariak dira"

Isusko Vivas Ziarreta (Bilbo, 1975) hogei urtez hirigintzan eta hiri-paisaian eragin fisikoa nahiz sinbolikoa duten elementuei buruzko ikerketan aritu izan da. Duela kasik hamabost urte Karmele Artetxe UEUko zuzendari-ohiaren eskutik heldu zen UEUrekin aktiboki kolaboratzera. Lehenik eta behin Uztaro: Giza eta Gizarte Zientzietako Aldizkarian eta handik gutxira Unibertsitatea.net atariko Blog Komunitatean, han zuzen ere Hiritartea: hiria eta artea uztartzen dituen gunearen ardurarekin, besteak beste. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle-ikerlaria da Arte Ederren Fakultatean eta aipaturiko lan-ildoez gain, azken boladan goi-mailako arte-hezkuntzaren eta transmisioaren inguruan gogoetak plazaratu ditu.

Zerk ekarri zaitu talde eragilera?

Duela aste pare bat zuzendaritzatik korreo elektronikoa jaso nuen nire helbidean. Bizpahiru lerrotan, talde eragilea aurton indartzeko zer bilatzen zuten azaltzen zidaten eta nire harridurarako! nigan pentsatu zutela adierazten zidaten. Horixe bai koska, kezkatu ere kezkatu nintzen zeharo, baina gero ea bilera bat posible zen eskatu nien eta ondorioz, lasaitu ere lasaitu ninduten zertxobait. Azkenean onartu nuen, gogotsu.

Zer espero duzu?

Zinez espero dudana, alegia, talde eragilerako baliozko kidea izatea da. Oraindik ez daukat erabat argi zein izan daitekeen nire kokapena baina talde-lana denez, horixe bultzatu beharko dela uste dut, duda barik. Bestalde, eta hau niretzako onuragarria izango delakoan, UEUk esparru anitzetan egiten duen lan eskergaz kontzientzia sendoagoa izango dut, beharbada etorkizunean ere oraindik laguntza eskaini ez dudan eginbeharretan eta egitasmoetan kolaboratu ahal izateko, nahi baldin badute behintzat.

Zein da egin dezakezun ekarpena?

Aurreko galderan aipatu dudanez, UEUrekin lanean aritzeko nire kontaktua eta erlazioa 2007an hasi zen gutxi gora behera, alde batetik UZTARO aldizkariko erredakzio kontseiluan eta bestetik, Unibertsitatea.net atariko Blog Komunitatean. Era puntualagoan, liburu-koordinazio bat ere egin nuen eta udako ikastaroen batera gonbidatu ninduten. ALDIRI aldizkariarekin ere harreman apur bat badut. Hau honela, nire kolaboraziorik behinena, agian, alderdi akademiko horietatik etorri edota abiatu daitekeela sumatu dezaket. Hala ere, une honetan UEUk hezkuntzan dituen erronkak oso nabariak dira. Lehen mailan arte arloari loturik nagoenez, eta bigarrenez gizarte eta kultur antropologiari ere, jakintza alor horietatik baina batik bat artetik, zilegi ikusiko balitz, beharbada ekarpenen bat edo beste egiteko prestutasuna iragarri beharko nuke, ilusioz.

2020/02/28

Copyright @ 2020 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.