Ines Castiella: "Euskalgintzak behar du horrelako proiektu bat, baino Nafarroan bereziki ezinbestekoa dugu UEU"

Ines Castiella Imaz (Iruñea, 1974). Ingeniari industriala da, elektronikan espezializatua. 2012an egin zen UEUko bazkide eta 2016an sartu zen Nafarroako Sustengu Taldean. 2018az geroztik UEUko Itzulpengintza sailburua ere bada. Batzar Nagusiak Talde Eragileko kide moduan onartu du.
Zerk ekarri zaitu talde eragilera?
Ni iruindarra edota iruñatarra naiz, famili euskaldun batekoa, baina ikasketak (Ingeniaritza) Donostian egin nituen eta 20 urte inguru eman ditut Gipuzkoan lanean. Gainera ama ere gipuzkoarra izanik, han euskal giroan ibili naiz beti. Duela urte batzuk, berriz Iruñera etorri nintzenean lanera, euskal giroa bilatzen saiatu izan naiz eta giro horietan bizitzen. Konturatu naiz Erkidegoan giro euskaldunean naturaltasunez bizi daitekeela, baina Iruñean ez. Hemen euskalgintza hauspotzen dutenak herritarrak dira, unean uneko erakundeek babes gehiago edo gutxiago ematen dutelarik. Horrela, herritar euskaldun iruindar eta nafar modura, UEUn bazkidetu nintzen 2012an, euskalgintza pixka bat gehiago hauspotzeko asmoarekin. Nafarroan arlo formala euskaraz lantzeko aukerarik ez dagoela ikusirik, UEU bezalako proiektu bat beharrezkoa ikusten dut. UEUtik jakinarazi zidaten Nafarroako Talde Eragilean (NAST-en, alegia) jende falta zutela, eta bertan sartu nintzen, Edurne Kochek koordinatzen duen taldean. Udazkenean, UEUko Talde Eragilean zegoen Ane Ablanedok (Nafarroako ordezkariak) lekua utzi behar zuela-eta, proposatu zidaten ea nik hartuko nuen bere tokia eta noski, baiezkoa eman nuen. Orokorrean euskalgintzak behar duelako horrelako proiektu bat, baino bereziki Nafarroan ezinbestekoa dugulako UEU. Era berean, Nafarroatik ere, ekarpen interesgarri eta baliozko asko egin ditzakegulako euskalgintzaren inguruan, eta gaur gaurkoz, ekarpen horiek jasotzeko gunea UEU delako.
.
Zer espero duzu?
Nire asmoa asmoa zehatza da: euskalgintzari, Euskal Herri osoan, eta batez ere Nafarroan, zor zaion duintasuna ikusgarri egitea arlo guztietan (ez soilik informaletan, baizik eta baita ere akademikotan, lan mundu eta bestelako arlo formalagoetan ere euskara erabiltzea eta euskal izaera nabarmentzea).
.
Zein da egin dezakezun ekarpena?
Euskalgintzari hauspoa ematea eta hedatzea ahalik eta alorrik gehienetan, eta bide batez UEU proiektua ere indartzen eta tinkotzen laguntzea. Batak bestera eramango baitu, alegia, zenbat eta euskalgintza gehiago hedatu, orduan eta prestigio eta indar gehiago jasoko du UEU proiektuak eta era berean, zenbat eta sendoago egon UEU, orduan eta eragin handiago edukiko du bizi garen gizartean.
2019/02/26

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.