Humanitate digitalen inguruko euskarazko hiru proiektu saritu dituzte EWKEk eta UEUk

UEUk eta Euskal Wikipediako Kultur Elkarteak (EWKE) humanitate digitalen inguruko euskarazko ikerketa sustatzeko eta euskarazko datu libreen sorkuntza, elkartrukea eta zabalpena bultzatzeko ikerketa deia egin zuten urrian. Guztira zortzi proiektu aurkeztu dira deialdira eta proiektuak aztertuta, epaimahaiak bi lan beharrean, hiru saritzea erabaki du. Proiektu bakoitzak 5.000 euro jasoko ditu eta 8 hilabete izango dute ikerketa-lana egiteko.

Proiektu bakoitzak ikuspegi ezberdin bat eskaintzen badu ere, hiruetan ondo lotzen dira eskatutako irizpideak: humanitateak eta mundu digitala batzea, edukiak askatzea eta ezagutza librea sustatzea.Hauek dira diruz babestuko diren hiru proiektuak:

  • Linked Data hiztegigintza historikoan: Larramendi eta Autoridades. (David Lindermann eta Mikel Alonso) Proiektuaren helburua Larramendiren Hiztegi Hirukoitza (1745) eta eredu izan zuen Real Academia Españolaren Diccionario de Autoridades (1726-1739) hiztegien edukietatik abiatuta digitalizazio lan-fluxu integrala garatzea da; hau da, eskaneaturiko irudietatik hasi eta RDF Linked Data gisako errepresentazioan bukatzen den prozedura proposatu eta lagin esanguratsu baten gainean gauzatu eta ebaluatzea. Asmoa horrela sortutako datu-multzo lexikalak izango lituzkeen aplikazioak deskribatzea da horien artean, Wikidata aberastea, besteak beste.

.

  • Euskarazko sareko edukietan oinarrituta entitateak eta hauen inguruko informazioaren erauzketa Wikidata elikatzeko (Joseba Fernandez de Landa Aguirre eta Rodrigo Agerri )Euskarazko komunikabide garrantzitsuenetan zein Twitterren aurkitu daitekeen euskarazko edukia jaso eta bertatik informazio baliagarria erauztea izango da lan honen helburua. Testuetan aipatzen diren pertsona, erakunde zein tokiak identifikatu eta hauen inguruko informazioa jasoko da. Behin informazio hau jasota, entitate bakoitzeko sarrera bat sortuko da Wikidatan, aurretik ez baldin balego. Hortaz, euskarazko edukia aztertu eta Wikidatan txertatzea izango da lan honen asmoa. Testu kantitate erraldoi hauetatik nahi dugun informazioa erauzteko Lengoaia Naturalaren Prozesamenduko teknika ezberdinak erabiliko dira.

.

  • Esplorazio ikerketa sareko euskarazko ikus-entzunezko eduki pedagogiko libreen sortze prozesurako (Kepa Matxain, Lander Arretxea eta Ander Bolibar) Plaza.eus-ek ikus-entzunezko eduki pedagogikoetan espezializatutako atari digitala izan nahi du. Kutsu didaktikoa duten bideo laburren bidez, Euskarazko Wikipediako artikuluen osagarri izango diren kontsumo azkarreko bideo pilulak sortu nahi dira; narratiba berrietara egokitutako lengoaia batekin, beti ere. Gertakari historikoak, kuriositateak, gaurkotasuneko gaiak, zinema, artea, kirola, musika, zientzia eta gisako gaiei buruzko bideoak egingo dira heziketa proiektu berritzaile honetan, euskarazko jakintza sortzeko eta gizarteratzeko asmoz. Ikerketa honek plaza.eusen sorreran eragiteko ikerketa izan nahi du.
.
Epaimahaiak oso pozik hartu du aurkeztutako proposamen kopurua eta aniztasuna, eta horren ondorio da hiru laguntza ematea biren ordez. Aurrera begira gai honen inguruan interesa dagoela argi ikusi dugu, eta Wikimediak humanitate digitalen esparruan duen garrantzia berriro ere ikusi dugu.
2019/12/03

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.