Haritz Azurmendi: "UEUko plazan biltzen gara eta bakoitzak dauzkan kezkak edo interesak partekatu, horiekin zer egin daitekeen ikusi eta zerbait proposatzen dugu"

Haritz Azurmendi Arrue (Albiztur, Gipuzkoa, 1991) doktoregaia da Euskal Herriko Unibertsitatean. Gizarte eta Komunikazio Zientzien zein Filosofiako fakultateetan egiten du lan, "Joxe Azurmendiren nazioari buruzko ideia(k)" tesi proiektuarekin. Euskalgintzan ere aritzen da, Galtzaundi Tolosaldeko Euskara taldeko zuzendaritzako kide baita. Horrez gain, Udako Euskal Unibertsitateko Filosofia Sailburua da 2017tik.

Nola ezagutu zenuen UEU?
Nik uste nire adinkide gehienen antzera Udako Ikastaroren batean ezagutu nuela. Orain gogoratzen dudan lehenengoa duela 6 bat urte izan zen, Baionan, eta Ixabel Milletek eman zuen Euskal Mitologiaren inguruan. Orduko hura uda hasierako plan bezala hartu genuen lagunartean. Gerora nire ikergaiarekin lotura gehiago zuten saioak aukeratu ditut eta ia urtero izan naiz ikastaro edo jardunaldiren batean. Behin sailburu moduan hasi nintzenean UEUren beste aldea, barnekoa, gehixeago ezagutu nuen eta hor konturatzen zara atzetik zenbat lan dagoen egunerokotasunean. Gainera, azaletik bada ere, tokatu zait UEUren sorrera garaiko kontuak irakurri beharra eta horrekin ere hartzen diozu proiektuari halako errespetu bat.
.
Zer dela eta animatu zinen Filosofiako sailburu izaten?
Ba asko pentsatu gabe egia esan. Ni baino lehenago zegoen lan-taldea pixkanaka itzaliz joan zen beste proiektuetan murgildu ziren heinean eta Saila etenaldi moduko batean zegoen. Aurreko sailburua, Andoni Olariaga, nirekin harremanetan jarri zen eta ea animatuko al nintzen galdetu zidan. Eta...tira, ba aurrera! Geldi egotea baino hobe izango zela bakarra behintzat aritzea eta pixkanaka martxa hartzen hasi nintzen.
.
Nola bizitzen ari zara fase hau?
Ondo, gorabeherekin, baina ondo. Kontua da justu tesiaren azken urte eta erdian harrapatu nauela eta tartean tokatu zaizkidala atzerrian egonaldi bat egitea eta, orain, tesia bera idaztea. Horrek nahi baino gehiago mugatu dizkit indarrak eta zenbaitetan uko egin behar izan diet beste sailburuekin izaten ditugun bilerei edo batzarrei. Eta okerragoa dena, bazkariren bat ere galdu dut! Baina hala ere pozik nago lortu dugulako jende berria inguratzea Sailera, proiektu berriak pentsatu ditugulako eta aurreko zenbait sailkide laguntzera gerturatu zaizkigulako ere. Pixkanaka ari da mugitzen Saila, nik ere laster izango dut denbora gehiago,... Itxura ona hartzen ari da.
.
Zer da zuentzat UEU?
Ez dugu Sailean bere horretan hitz egin, baina nik uste dut kideen artean badagoela sentsazio partekatu bat UEU plaza gisa ulertzeko. Bestela nekez ezagutuko ginatekeen jendea bildu gara, lagunak ere bagaude,... Plazan biltzen gara eta bakoitzak dauzkan kezkak edo interesak partekatu, horiekin zer egin daitekeen ikusi eta zerbait proposatzen dugu. Ez daramagu denbora asko, baina orain arteko sentsazioa hori da.
.
Zein da zuen ustez UEUk egiten duen ekarpen handiena?
Ba, hasteko, zurrunagoak diren beste Unibertsitateen aldean, proiektuak aurkezteko eta testuinguru desberdinean dabilen jendea biltzeko erraztasunak jarri. Eta hori zentzurik zabalenean hartu: gu Sailean ikerlariak gaude, ikasleak gaude, institutuetako irakasleak ere bildu gara, baita filosofia gustuko duen jendea ere. Hori gutxi ez eta haurrentzat filosofia lantzen duen jendearekin ere harremana egin dugu duela gutxi. Eta bestalde, ikastaro bat prestatzen ari gara udarako, filosofoekin bai, baina baita filologo eta historialariekin ere; unibertsitateko irakasleak eta bestelako adituak batera jarriz. Gustatzen zait askatasun horrekin aritu ahal izatea.
.
Nola irudikatzen duzue UEU etorkizunean?
Sailari dagokionez gehien poztuko nindukeena eten horiek ahal den neurrian eragoztea da. Ulertzekoa da inplikazioa ezin duela mundu guztiak berdina izan. Horrexegatik lortu behar dugu sailaren bueltan, batzuetan gertuago, bestetan urrunago, beti jendea ibiltzea. Jarraikortasuna badago ikastaroak, lankidetzak, ... gainontzekoa etorriko da. Horrekin lotuta dago eskuartean daukagun erronka nagusia. Lehen plazarena esan dut. Hori pixka bat zabalduz, egin nahi duguna da hemen filosofian diharduten banako eta talde ahalik eta gehienak plazara ekartzea. Filosofoen (eta hor denak sartzen ditugu: ikasle, irakasle, irakurle,...) mapa bat osatu nahi dugu: ze interesekin mugitzen diren, zer ikertzen duten, zer sumatzen duten faltan. Horretarako lehenengo deialdia zabaldu genien filosofian modu batean edo bestean zebiltzanei. Orain galdera batzuk prestatu ditugu eta horien erantzunak jasotakoan saiatuko gara argazki moduko bat ematen, filosofiaz zer ulertzen duen horretan ari den jendeak.
.
Beste zerbait esan nahi baduzu...
Behin propaganda egiten hasita, amaitu egingo dut. Erronka horri heltzeko jarri dugu martxan gure blog-a Unibertsitatea.net-en, EDO izenarekin. Baten bat izena emateko gogoz geratu bada bertan topatuko du gure helbidea.
2019/02/28

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.