Estibaliz Alkorta: “Etorkizunera begira, lehentasuna, corpusa osatzen jarraitzea da”

Tesikerren berrikuntzen aurkezpenaren harira, Estibaliz Alkorta Barragán Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskara sustatzeko Zuzendariarekin izan gara.

Zein izan zen Tesikerren abiapuntua? Zein beharrizani erantzuteko sortu zen?
Tesiker proiektua 2007ko abenduaren 28an jarri zen martxan. Egun hartan, Eusko Jaurlaritzak eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) kontratua sinatu zuten, Eusko Jaurlaritzak 65 doktorego-tesi digitalizatzeko eta online jartzeko.

Eusko Jaurlaritzak, garai hartan, hainbat plan zituen indarrean (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (1998), Euskadi Informazioaren Gizartean (PESI), Hizkuntza Politika aurrera begira (2005)…) eta, guztietan, nabarmentzen zen helburu bat: Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan euskarazko baliabideak, tresnak eta aplikazio berriak garatzea. Halaber, euskararen presentzia areagotzea Interneten, eduki digitalak sortuz.

Hain zuzen, UEUren ekimenez abiatu zen proiektu horrek, aipatutako helburu horri erantzuten zion. Izan ere, euskaraz idatzitako doktorego-tesien hizkuntza-corpusa oso interesgarria zen erabiltzaile interesatu guztien eskura, online, kontsultagai jartzeko. Euskaraz idatzitako testu oso berezituak izanda, oso garrantzitsua zen horiei zabalkundea ematea; sarean, leku bakar batean bilduta.

Zergatik da hain garrantzitsua euskarazko tesiak gune bakarrean bilduta egotea?

Horrelako testu berezituak, jakintza-arlo desberdinetakoak, euskaraz idatzitakoak, corpus bakar batean, erreferentziazko webgunea batean, egotea inportantea da; bai egileentzat, bai erabiltzaile interesatuentzat. Izan ere, errazagoa izaten da doktorego-tesi horiek bilatu, kontsultatu edo deskargatzea (pdf formatuan) toki bakarrean badaude. Aplikazioan sartuz gero, hainbat metadatu kontuan izanda egin daiteke bilaketa (egilea, titulua, unibertsitatea, jakintza-arloa, urtea eta hizkuntza) edo deskriptoreak erabilita; eta, tesiak sakabanatuta izanez gero, zailagoa litzateke.

Hauetan urte guztietan zein ekarpen egin du Tesikerrek?

Proiektua hasi zenetik, urtero-urtero, euskarazko doktorego-tesien kopurua handituz joan izan da. Momentu honetan, 550 tesi digitalizatuk osatzen dute corpusa. Horietatik 493 Euskal Herriko Unibertsitatekoak dira, 23 Deustuko Unibertsitatekoak, 17 Mondragon Unibertsitatekoak, 8 Nafarroako Unibertsitatekoak, 3 Nafarroako Unibertsitate Publikokoak, 4 Bordeleko Unibertsitatekoak eta 2 Paue eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitatekoa. Aplikazioan bertan ikus daiteke jakintza-arloen sailkapen osoa. Asko dira arloak. Batzuk aipatzearren: Hizkuntzalaritza (69 tesi), Kimika (45 tesi ), Ingeniaritza (44 tesi ), Medikuntza (42 tesi ), Informatika (32 tesi ), Soziologia (25 tesi), Pedagogia (22 tesi), Hezkuntza (17 tesi), Fisika (18 tesi), Literatura (15 tesi), Psikologia (15 tesi), Kazetaritza (13 tesi), Ekonomia (12 tesi), Filosofia (14 tesi) edota Antropologia (11 tesi).

Tesi batzuk euskaraz bakarrik daude eta beste batzuk elebidunak dira; baina, guztietan gehitu dira euskarazko eta ingelesezko laburpenak eta bilaketak egin ahal izateko deskriptoreak.

UEUrekin elkarlanean abiatutako egitasmoa da. Nolakoa izan da elkarlan hori?

Lankidetza oso probetxuzkoa izan dela esango nuke. Harremana eta elkar ulertzea oso ona izan da. Ez da inoiz arazorik egon.

Azken urteotan egoera asko aldatu da. Tesi guztiak halabeharrez argitaratu beharra dago. Horrek nola eragiten dio Tesiker-i? Etorkizunera begira zeintzuk dira lehentasunak?Bai, gauzak aldatu egin dira. Urte batzuetatik hona tesi guztiak digitalizatuta daude; beraz, lan hori ez da egin behar. Hori horrela, UEUrekin jarraitzen dugu bestelako lanak egiten: tesiak sailkatu, euskarazko eta ingelesezko laburpenak egin eta deskriptoreak finkatu. Tesia dagokion unibertsitatean argitaratuta badago; orduan, gure aplikaziotik bertara joateko esteka jartzen dugu. Horrela, corpusak mantentzen du multzo-koherentzia.

Etorkizunera begira, lehentasuna, corpusa osatzen jarraitzea da eta, ondorioz, euskarazko testu espezializatu-bilduma gero eta handiagoa eta osotuagoa izatea.

Gaur egungo egoeran, besteak beste, ingelesez argitaratzea beharrezkoa bihurtu denean, nahikoa balioesten al dira euskaraz idatzitako tesiak? Zein izan beharko litzateke euskarazko tesien lekua?

Doktorego-tesiak unibertsitate-testuak izanda, lehenengo eta behin, esparru horretan zabaldu, ezagutu eta ustiatu beharko lirateke. Egia da, gaur egun, ingelesak izugarrizko indarra duela; eta maila zientifikoan, mundu globalean, ezagutarazteko, ezinbestekoa dela ingelesa hala edo nola erabiltzea doktorego-tesi batean. Hala ere, gure hizkuntza-komunitatean, zalantzarik gabe, lan garrantzitsuak dira; zeren eta, arestian esan bezala, teknolekto desberdinetan euskaraz diskurtso berezitua eta terminologia espezifikoa sortzen laguntzen dute tesiek. Hau da, tesien egileak jakintza-eremu bateko edo batzuetako adituak dira; eta ahalegina egin badute beren tesia euskaraz egon dadin, jakin behar dute ahalegin hori ez dela alferrekoa izango; atzetik datozenentzat urratutako bidea izango delako.

2019/12/16

Copyright @ 2020 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.