Elisabete Alberdi: "UEU gauza berriei begira irudikatzen dut etorkizunean. Anitza, bizia, nekaezina eta kolorez beteta"

Matematika ikasten ari zela ezagutu zuen UEU Elisabete Alberdik, UEUk argitaratutako zenbait libururen bidez. Ondorengo kontaktua komunikazioarekin lotutako ikastaro batean parte hartu zuenean izan zen. UPV/EHU-ko Matematika Aplikatua Saileko irakaslea da, Bilboko Ingeniaritza eskolan. Matematika saileko arduraduna da 2012tik.

Nola ezagutu zenuen UEU?Unibertsitatean ikasten nenbilen garaian ezagutu nuen. Garai hartan ez zegoen irakaskuntza-material askorik euskaraz. UEUk argitaratutako eta Jose Ramon Etxebarriak eta beste irakasle talde batek idatzitako Fisika Orokorra liburua etorri zitzaidan esku artera. Azal berdea zeukan. Garai berean, UEU eta UPV/EHUk edizio kidetzan euskaratu zuten Piskunov-en “Kalkulu diferentziala eta integrala” ere erabili nuen. Beraz, bi liburu hauen bidez izan nuela UEUren berri esan dezaket.

Zer dela eta animatu zinen Matematikako sailburu izaten?Materialgintzako gai batengatik UEUrekin harremanetan nengoen. Matematika saila sailburu gabe zegoen une hartan, eta UEUtik gonbidapena egin zidaten. Bilera batzuk izan genituen zenbait matematikarik eta UEUko ordezkari batzuk, eta saileko aktibitateari berrekin behar geniola pentsatu genuen. Eta horrela hasi nintzen sailburu arduretan.

Nola bizitzen ari zara sailburutza?Ondo daramat. Zazpigarren ikasturtea da aurtengoa, eta indar apur bat galdu dut. Sailburu bezala daramadan aldian matematikari euskaldunen hiru topaketa eta GeoGebra erabiltzaileen bi topaketa antolatu ditugu. Ekimen politak izan dira, bata bestearen berri izatea eta sarea sortzea ahalbidetu dutelako.

Zer da zuretzat UEU?Guretzat UEU elkarlanerako aukerak eskaintzen dizkigun topagunea da. Matematikak eta zientzia euskaraz egiteko aukera, eta hori egiten dutenekin biltzeko txokoa.

Zein da zure ustez UEUk egiten duen ekarpen handiena?Euskarazko zientzia eta irakaskuntza bultzatzeko egiten duen lana azpimarratuko nituzke. Euskarazko online irakaskuntzari eman dion bultzada ere garrantzitsua izan da. Anitzak dira bere funtzioak, hala nola, askorentzat bilgunea da, ikastaro eskaintza zabala dauka, ikastaroak eskaintzeko modalitate aberatsa, proiektu berritzaile asko ditu martxan, eta abar.

Nola irudikatzen duzu UEU etorkizunean?Martxan irudikatzen dut. Gauza berriei begira, eta horiek nola inplementatu pentsatzen. Anitza, bizia, nekaezina, …, kolorez beteta.

Beste zerbait aipatu nahiko zenuke?Ba, matematika sailetik, 2019an III. GeoGebra topaketak antolatuko ditugula, eta 2020an izango direla Matematikarien IV. Topaketak. Eta UEU osatzen duten guztiei eskertu egin nahiko nieke egunero egiten duten lana.

2019/04/01

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.