Arkaitz Zarraga: "UEU zientziari euskaldunon ikuspegia emateko aukera ematen duen plaza da"

UEUko Glotodidaktika sailburua da Arkaitz Zarraga (Durango, 1972). Zientziaren alorra euskarara ekartzeko helburuak eta gaiak lantzeko moduak erakarri zuten UEUra. Une honetan glotodidaktikan dauden erronkak eta euskaltegien sektoreak dituen beharrizanei begira jarrita dago saila.

Nola ezagutu zenuen UEU?
Urte asko dira. Udako ikastaroren baten izango zen, seguruenik, baina laster, EKB zenaren zuzendaritzan egotea egokitu zitzaidan eta gertuagotik ezagutu ahal izan nuen egitasmoa. Zientziaren alorra euskarara ekartzeko helburuaz gain, gaiak lantzeko modua ere oso erakargarria egin zitzaidan eta, harrezkero, beti jarraitu dut gertutik. Azken garaian jasotzeaz gain apur bat ematen eta glotodidaktika-gaiak jorratzen ibiltzea ere egokitu zait.     
.
Zer dela eta animatu zinen Glotodidaktika sailburu izaten?         
Glotodidaktika saila beti izan da pisudun arloa UEUn, eta erreferentea zen ni euskaltegietan lanean hasi nintzenean. Gainera, Helduen Euskalduntzeari berariaz ekarpena egin dion unibertsitate bakarra izan dela esan daiteke. Azken aspaldian motelago zebilen, ikastaro eta egitasmo bakan batzuk salbu, eta talde tekniko kideek ardura hartzeko proposamena egin zidaten, sailari bultzadatxo bat emateko. Euskaltegien munduak ere bultzada bat behar du, zalantzarik gabe, eta iruditu zitzaidan UEUk ezinbesteko ekarpena egin dezakeela horretan. Gainera, UEUn dagoen taldeak ere konfiantza handia eman zidan erronkari heltzeko.   
.
Nola bizitzen ari zara sailburutza?
Ilusio handiz, baina, era berean, estutxo. Pozik, talde ona osatu dugulako, orekatua, ezagutza akademikoa eta esperientzia ondo uztartuta. Baina guztiok ere nahi baino denbora gutxiago dugu egitekoei nahi genukeen moduan erantzuteko. Bestetik, glotodidaktikan dauden erronkei eta euskaltegien sektoreak dituen beharrizanei begira jarrita, gakoak ondo zedarritu ditugula esango nuke, eta ekarpena egiteko bidea marraztu dugu. Behar bada, UEUko beste sailekin harremana estutzea da aurrera begirako egitekoetako bat, baina pausuz pausu joan behar.    
.
Zer da zuentzat UEU?   
Ezagutza partekatzeko gune bat; euskarari bultzada emateko tresna eraginkorra; zientziari euskaldunon ikuspegia emateko aukera ematen duen plaza. Ikasteko, sortzeko eta ikuspegi akademikotik jendartean eragiteko aukera eman dezakeen baliabidea.        
.
Zein da zuen ustez UEUk egiten duen ekarpen handiena?
Euskara hutsez eta euskaratik aritzen den unibertsitatea da, eta hori du bere izaeraren ezaugarri nagusia. Baina, gainera, gaiei heltzeko berezko modua ere badu; sail gehienek gai eta ikuspegi berritzaileak biltzen dituzte jardunaldi, ikastaro eta publikazioetan. Sarritan jendartearen beharrizanei lotutako gaiak lantzen dira. Horren erakusgarri dira azken urteotako zenbakiak.         
.
Nola irudikatzen duzue UEU etorkizunean?
Indartsu, independentea, emankorra... Eta batez ere erabat garatua, hau da, beste guztien artean programa erakargarriak antolatzen, tituluak banatzen eta ikerketak bultzatzen. Gainera, ingurune digitalean aitzindaria       
.
Beste zerbait aipatu nahiko zenuke?
Nik animatuko nituzke unibertsitateetan dauden ikasle euskaltzaleak UEU ezagutu dezaten. Intereseko ikastarorik aurkituko dute; izena eman eta, hasierako lotsak kenduta, parte hartze aktiboa izan dezatela; motxila betetzeko bide emankorra topatuko dute eta eurek ere ekarpen handiak egiteko aukera izango dute.
2019/05/02

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.