Ane Sarasua: “Euskarazko tesi guztiak, gune bakar batean, eta klik bakarrean eskura izatea da helburua”

UEUk martxan jarritako INGUMA Euskal komunitate zientifikoaren datu-basean du abiapuntua da berritu berri den TESIKER-ek (euskarazko doktorego-tesien datu-basea). Ane Sarasua UEUko Idazkari Nagusiarekin hitz egin dugu egitasmo honek duen garrantziaz.

550 euskarazko tesi lanen erregistroa dago Tesikerren. %70a da hori. Hala ere, tesigileak bilatzen jarraitzen du UEUk... 

TESIKER, euskarazko doktorego-tesien corpusa biltzeko proiektua da. Euskaraz defendatutako doktorego tesiak digitalizatu eta horren corpusa sarean eskuragai, doan eta publiko jartzen du Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuordetzak, UEUren laguntzaz. Gaur egun, euskarazko doktorego-tesien %70a dago digitalizatuta bertan, hau da, 550 tesi (urri amaierako datuak dira). Horietatik 375etan digitalizazio prozesu osoa UEUk hartu du bere gain eta beste 175en kasuan, unibertsitate ezberdinetako gordailuetatik ekarritakoak dira. 2014. urtetik aurrera unibertsitateek tesi-lanak beraien gordailu publikoetan argitaratzera behartuta daude. Euskarazko doktorego-tesien datu-baseak tesi horien esteka atzitu eta metadatuekin batera eskaintzen ditu. Gaur egun, egia da gero eta gehiago kostatzen zaigula egileak egitasmora erakartzea. Ia 13 urte pasa dira egitasmo hau abiatu genuenetik, tesi gehienak digitalizatuta daude eta kostatzen zaizkigunak zaharrenetarikoak dira, paperean bakarrik existitzen direlako, kasuren batean ezezkoa jasotzen dugulako; edo egilea hilda dagoelako, eta familiako baimenak lortzeak zailtasunak dakartzalako. Hala ere, egitasmoa sustatzen eta elikatzen jarraitzen dugu; euskarazko tesi guztiak, gune bakar batean, eta klik bakarrean eskura izatea baita egitasmoaren helburuetako bat. Lortzear ditugunak gero eta gutxiago direnez, gaur egun Tesiker egitasmora hurbiltzen diren egile guztiei laguntza osoa eskaintzen diegu, prozesua samurtze bidera. 

Zeintzuk dira gaur egun egiten diren lanak?

UEUko lantaldean, INGUMA zein TESIKER-en arduraduna den Marije Bidaguren dokumentalista dugu. Katalogazio lanaz arduratzen da eta egileekiko harreman guztia bere gain hartzen du. Lanen erreferentzia Ingumatik hartu eta Tesikerrera eramaten du; datu basea kudeatu eta argitalpenen digitalizazioaz arduratzen da. Lana PDFan baldin badago, hori erabiltzen da; baina paperean baldin badago (oraindik badaude batzuk), digitalizatu egiten da eta corpus guzti hori Tesikerrera eramaten da. Gure lana edo egitekoa da unibertsitate ezberdinetan defendaturiko euskarazko tesiei bilduma izaera bat ematea. Hau da, bisualki guztiak bilduma baten parte dira, kolore eta azal jakin batekin. Horri hitzaurre bat gehitzen zaio, lana kokatzeko, eta ingelesezko laburpenaz ere arduratzen gara. Digitalizazio prozesuaz gain, lagapen baimen bat sinatzen du egileak eta UEUri ematen dio jabetzaren ustiaketa eskubidea. Azken urteetan zorroztu egin dira baldintza hauek Eusko Jaurlaritzatik,eta jabetza intelektualaren lurralde ordezkaritzara joan beharra dugu banan banan eskubide hori lortzeko. Horren bitartez, bere lana sareratzeko eta ezagutarazteko eskubidea ematen digu egileak; eta guk corpus hori Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari ematen diogu. Ustiaketa eskubide horri ezin diogu erabilera komertzialik eman, eta sareratzea unibertsitateetako webguneetan edota izaera akademikoa duten webguneen bitartez gauzatzen da. 

Honek guzti honek UEUrentzat zer suposatzen du? Zeintzuk dira TESIKER-en helburuak?

Hasiera-hasieran euskarazko doktorego-tesien oinarrizko informazioa INGUMA zen. Inguma da guzti honen abiapuntua. INGUMA, UEUk sortu eta elikaturiko, euskal komunitate zientifikoaren datu-basea da, eta bertan euskarazko idatzizko zein ahozko produkzioa jasotzen eta katalogatzen du UEUk. Inguma, 2000. urtean jaio zen; beraz, laster 20 urte beteko ditu. Inguma elikatzen hasi eta urte batzuetara, 2006. urtean, konturatu ginen lehen tesia 1976an argitaratu zenetik, 30 urte horietan, unibertsitate ezberdinetan euskaraz defendatutako ia 250 tesi zeudela; baina ez zegoela inon hauek kontsultatzeko aukerarik. Euskal Komunitate zientifikoari begira bolumen esanguratsua izan arren, kopuru txikia zela erdarazko guztiaren artean barreiatuta zegoelako, eta ondorioz ia ia ikusezina zela. Gainera, euskarazko tesiak ezagutzera emateko ekimenak oso sakabanatuta zeuden orduan; egile bakan batzuen webguneetan edota gai berezituen inguruko zerrendaren batean.  Ohartu ginen baita ere, euskarazko tesiak ez zeudela guztiz ondo katalogaturik eta askotan izenburuak ere erdaratik itzulitakoak zirela. Tesiak sistematikoki bildu gabe zeuden eta kontsulta publikoa oso zaila egiten zuen guzti honekin. Horrela abiatu ginen. 2006an lehen gutunak idazten hasi ginenean, orduko 243 euskarazko tesi-egile horien bila, euskarazko tesiak pdf formatura ekartzea zen gure asmoa, kontsultatzeko moduan jarri eta aukera hori eskaintzea. Horiek izan ziren helburuak. 13 urte pasatu dira eta helburuak oraindik ere mantentzen dira, egoera eta abagune berrira egokitu arren. 

13 urte joan dira. Zein izan da urte guzti hauetako ibilbidea?

Esan bezala, 2006an ekin genion honi. INGUMAtik egitasmoa kokatzen eta definitzen hasi ginen, txostenak prestatzen eta Kultura eta Hizkuntza Politikari aurkezten, beraien babesa lortzeko asmoz. Jada aipatu bezala, gabezi bat bazegoela sumatzen genuelako. Euskaraz defendatu eta katalogaturik genituen 243 tesi horietatik, 120 digitalizatzea lortu genuen bi urteren epean. Hurrengo hiru urteetan, urteko beste 40-45 bat lortu genituen. Hala ere, eta digitalizazioa gauzatu arren, 2011ra arte ez zen lortu Eusko Jaurlaritzaren bitartez publikoki sarean jartzea. 5 urteko epean euskaraz defendaturiko hasierako 243 horiek 402 bilakatu ziren; eta digitalizaturiko hasierako 120 horiek, 234.

2014. urtea inflexioa puntu bat izan zen. Urte horretan, legea aldatzen da eta unibertsitate guztiak euren gordailuetan tesiak argitaratzera beharturik daude. Konturatu ginen gauzak ezin zirela bikoiztu eta egitasmoaren birplanteamendua ekarri zuen horrek. Pausu garrantzitsua izan zen Hizkuntza Politikako Sailburuordetzarekin adostea nola gauzatu prozesua: unibertsitate bakoitzeko gordailuetan jada argitaraturik zegoena hartu eta bilduman estekatzea. Egun, 2014 urtetik aurrera defendaturiko tesiekin horrela egiten dugu: gordailuko metadatuak hartu, Tesikerrera eraman eta horrela corpusa handitzen jarraitu. Gaur egun ohiko bidetik, digitalizazio prozesu guztia eramanda, urteko 10 tesi digitalizatzen dira; eta beste bidetik 40-45 metadatu edo atzitutako tesi lortzen ditugu. Beraz, urtero datu-basea 50-60 tesi berrirekin hornitzen dugu.

.

Aipatu dugu Tesikerren garrantzia corpusera begira, baina azterketarako ere tresna garrantzitsua da.

INGUMA abiapuntu izan genuen konturatu ginelako hor zeuden 243 tesi horiek unibertsitate ezberdinetan defendatuak izan zirela, jakintza alor ezberdinetakoak zirela. Hor azterketa ezberdinak egin daitezke, bilakaerak ikusi daitezke. Ikusi daiteke zein jakintza alor diren gehien lantzen direnak eta zergatik, eta alderantziz ere, zeintzuk lantzen diren gutxien. 

Azken finean, egitasmo honen helburuak hurrengoak lirateke: euskaraz egindako produkzioa indartzea, Komunitate Zientifiko euskalduna trinkotzea eta sustatzea; Internet euskarazko eduki zientifiko unibertsitarioekin hornitzea; Ikerketa unibertsitarioen emaitzak ere, askotan ikusezinak direnak, ezagutaraztea; jakintza arlo desberdinetako ereduak eskaintzea horretan dihardutenei; euskararen garapen terminologikoa bultzatzea eta argitalpen elektronikoak bultzatzea ere bai; baita liburutegi digitalak ere.
2019/12/12

Copyright @ 2020 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.