Abel Camacho: "UEU une honetan mugarri izan daitekeen egoera batean dago"

Abel Camacho Romero (Santurtzi, 1966) urte luzez euskara-irakaslea eta gaur egun Santurtziko Udaleko prestakuntza-teknikaria da. 1991n joan zen lehenengoz Larraonako Udako Ikastaroetara. Harrez geroztik, Glotodidaktika sailburu izan da, hainbat jardunaldiren antolatzaile, profesionalen etengabeko prestakuntzako ikastaroetan irakasle, #HEZikt berezko tituluko zuzendaritzakide eta UEUren online eredu pedagogikoaren egileetako bat.

Zerk ekarri zaitu Talde Eragilera?

Batzar Nagusian esan bezala, neu lehen aldiz 1991n joan nintzen Larraonako Udako Ikastaroetara eta UEU lehendik entzunez edo ezagutzen banuen ere, urte hartan izan nuen lehenbiziko kontaktua.

Ordutik hona nire ibilbide profesionala estu-estu loturik egon da UEUri eta denetariko lan eta zereginak burutu ditut bertan. Ez daki orain Talde eragileko kide izatea urrats logikotzat jo litekeen baina horrela gertatu da. Orain arte jo ta ke ibili naiz elkarlanean UEUko lan-taldeko kideekin eta hemendik aurerra tokatzen zait egunerokotiki pixka bat urrundu eta hausnarketa eta gogoeta egitea helburu duen taldean integratzea.

Zer espero duzu?

Etorkizunaz ari bagara, Udako Euskal Unibertsitatea une honetan mugarri izan daitekeen egoera batean dago. Azken urteotan alor ezberdinetan lan eskerga egin da (online ikaskuntzarako eredua sortu eta inplementatu da iraupen ezberdineko ikastaroetan; hainbat graduondoko sortu eta eman dira, barne egitura trinkotu da, teknologiaren alorrean ahalegin handia egin da, argitalpenak eta materialgintza ere aurrera doaz…) eta horrek guztiak, nire ustez, ahalbidetu du datorren ikasturtean Bigarren Hezkuntzarako irakasle-masterra eskaini ahal izatea. Zalantzarik gabe, master horrek datozen bizpahiru urtetan erabateko eragina eta garrantzia izan ditzake UEUren garapenean, eta bestelako unibertsitate mailako ikasketak eskaintzeko abiapuntua suposa dezake. Gaur egungo egoera, beraz, konplexua bezain erakargarria da eta espero dut ahalegin horretan lagundu ahal izatea.

Zein da egin dezakezun ekarpena?

Azken boladan dexente ibilia naiz teknologiak hezkuntzari zer-nolako ekarpena egin diezaiokeen aztertzen, bereziki online testuinguruetan. Nik hor kokatzen dut egin dezakedan ekarpen handiena. Dena den, UEUko lan-taldearekin batera urtetan egindako elkar-lanak eman didan ikuspegia baliagarria izan daiteke erronkez beteriko garai honetan.

2020/02/28

Copyright @ 2020 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.